Sanpedroen biharamuna gainditu ezinik dabiltza oriotarrak. Bitartean, festa usaina igartzen da Aiako Andatza auzoan. San Pedro Jaiak bete-betean harrapatuko ditu asteburuan auzo honetara hurbiltzen denak, egitarau zabala antolatu baitute datozen egunetarako.
Ekainaren azken egunetan ez da festa falta izan Aiako andatza auzoan. Sanpedroak ospatzen dabiltza ordutik eta asteburu honetan ere badute zer ospatu. Gaur gauean mus txapelketa izango da 22:00etan; bihar, utzailaren 5ean, poteoa, auzo bazkaria, toka txapelketa, bertso dema, DJ Makala eta txokolate beroa izango dira. DJ jarriko duen festa giroa, ordea, ez da makala izango eta goizalderarte luzatuko da parranda. Uztailaren 6a, Gaupasa eguna, halterofilia erakusketarekin hasiko da. Ondoren, zaldi lasterketa, sagardo dastaketa eta erromeria izango dira. Festari amaiera traka zaratatsuarekin emango zaie.
Dena den, ekainaren 29an bildutako oilaskoak prestatuko dituzte uztailaren 12an. Uhartemuño Elkartean bildutako oilaskoak kozinatu eta otordu eder batekin festen ondorengo nostalgia asetuko dute.
Uztailak 4
- Mus txapelketa 22:00etan. Izen ematea ordu erdi lehenago
Uztailak 5
- Poteoa 13:00etan
- Auzo bazkaria Uhartemuño elkartean, trikitixaz girotua, 14:00etan. Txartelak salgai Aristerrazu jatetxean, Uhartemuño elkartean edo 686 824 304 telefonora deituta.
- Toka txapelketa 18:30ean
- Bertso dema 22:00etan. Bertsolariak : Orioko I. Gurrutxaga, Mantxi zarautzetik, Asteasuko Haritz Mujika eta Aiako Olaso.
- DJ Makala 00:00etan
- Txokolate beroa goizeko 5:00etan
Uztailak 6 · Gaupasa eguna
- Halterofilia erakusketa trikitixaz girotua 12:00etan
- I. Zaldi lasterketa 17:00etan
- Sagardo dastaketa
- Erromeria 19:00etan eta 00:00etan. Taldea: Jon Ostolaza eta Unai Andonegi
- Traka zaratatsua
Uztailak 12
- Oilasko-biltzeko afaria 21:30ean, Uhartemuño Elkartean
Jaien bigarren asteburua ate joka dute Aiako Andatza auzokoek. Umeentzako, gazteentzako eta helduentzako ekintzak antolatu dituzte eta asteburu honetarako ere gustu eta adin guztientzako egitaraua prestatu dute.