Manuel Fernandes: "Ez diet titulurik jartzen nire sorkuntzei, salmentarako tresna iruditzen zait"

Karkara 2014ko uzt. 3a, 19:34

Sorkuntzari lotuta dago Manuel Fernandes duela 33 urtetatik. Urte guzti hauetan egindako lanak argia izatea da bere helburua, erakustea. Orain eman du lehen pausoa, Aiako Kutur Etxean erakusgai izango baitira uztaila osoan zehar bere lanak

Sorkuntzaz bizitzearekin egiten zuen amets Manuel Fernandesek gaztetan. Portugalen ametsa ezingo zuela bete ikusita, maleta margoz eta pintzelez bete, eta Euskal Herrira etorri zen. Aiako tailerrean ibili zen 1981etik 1983ra. Geroztik harria izan du lan tresna eta zaharberritzea lanbide; baita askapenerako bide ere. Harria, oleoa eta akuarela.

Hiru teknikak helburu berdin batentzat, barruan duzun hori azaleratzea?

Bi sormen mota egiten ditut: pertsonala eta komertziala. Biak dira nireak, bietan nago islatua, baina helburu ezberdinarekin egiten ditut. Batean arazo sozialak nire ikuspuntutik lantzen ditut, eta estetikari ez diot apenas kasurik egiten. Bestean, ordea, estetikak du pisu gehien, polita izateak.

Baina sortzaile batek ez al du lehenik eta behin berarentzat sortzen?

Komertzialagoak diren horiek ere badute barne lanketa bat. Gehienbat paisaiak irudikatzen ditut horrelako margolanetan: espazio horretara joaten naiz, krokis bat marrazten dut eta etxeratu egiten naiz. Etxean lantzen dut zirriborroa; momentu horretan dudan aldartearen arabera aukeratzen ditut koloreak eta paisaia horretako elementuak. Itsasoa bare dagoen momentuan krokisa egiten badut, ostera, galerna bat irudika dezaket. Espazioa erreala izan arren, fikziotik asko daukate.

Fikziotik eta Manueletik?

Beti gustatzen zait nire egitea, izan komertzial ala esperimental. Sortzen dudan hori nik sortzen dut, beraz, nahi ala ez, beti du zerbait nirea. 

Sorkuntza bakoitzaren testuingurua jakitea obra ulertzeko beharrezkoa dela diote...

Nork sortu duen jakitea, pertsona horren egoera profesional eta personalaren berri izatea... horrelako datuak lagungarriak dira obra sortzailearen betaurrekoekin ulertu ahal izateko. Baina beharrezkoa al da hori? Nik, adibidez, ez diet titulurik jartzen nire sorkuntzei. Ez zait gustatzen titulu baten pean joatea. Jarri ohi ditut esaldiak obran bertan, baina titulua ipintzearena... salmentarako tresna iruditzen zait askotan.

 

Eta zure helburua ez da salmenta?

Bizia osoa daramat sorkuntzaren munduan; sorkuntzarako sortua naizela esan daiteke. Horregatik etorri nintzen hona, eta tailer honetara iritsi nintzen. Tailerraren filosofia eskola moduan funtzionatzea zen, jendea formatzea lan egiten eta diziplina ezberdineko sortzaileekin elkarlanean. Salmentetatik lortutakoaren bizirauteko dirua lortzen genuen, baina aurrera egin zezan babes ekonomikoa behar genuen. Horregatik jendea joatean hasi zen.

Tailer honetan hasi nintzenetik, joan-etorriak kontuan hartuta, 33 urte igaro dira. Urte horietan guztietan sortzen ibili naiz, bai ni baita tailerrean dauden gainontzeko kideak ere. Urte dezente dira; eta ezagutza jasotzeaz gain esperientzia ere irabazi dugu denbora honetan. Esan daiteke sortzaile garatuak garela, ondo ezagutzen dugula gure burua, nahi duguna eta egiten duguna. Baina, hala eta guztiz ere, zailtasunak dauzkagu gure lana ezagutzera eramateko. Hori da sinadura ezagun batean atzean ez egoteak dakarrena...

Salmentara bideratuta dagoena da, ordea, egun ezagutzera eramaten dena.

Balentziaga museoa da adibide garbia. Zergatik horrelako azpiegitura handiak? Zergatik horrenbeste diru? Gauza txiki eta xume bat nahikoa zen. 

Aian erakusketa jarri duzu. Zure lana ezagutarazteko aukera ona da, ezta?

Kultur Etxean izango da erakusketa, uztaila osoan zehar. Hasiera batean kalean ipini nahi nituen sorkuntzak, artearen sorlekua kalea baita. Hona etorri nintzenean kalera atera eta margotzen ibiltzen nintzen, begiz jotzen nuen hori trazatzen. Baina, azkenean, Aiako Kultur Etxean jartzea erabaki genuen.

Horrenbeste urte eta gero margolan ugari ditut gordeta. Hautsa kentzeko garaia iritsi da. Gogoa daukat egin dudan hori erakusteko.

Eta egiten jarraitzeko?

Noski. Niri asko gustatzen zait sortzea: harrian, olearekin, akuarelarekin... Kontua sortzea da. Harriarekin adibidez bere ohiko forma mantentzen ahalegintzen naiz, ahalik eta gutxien itxuraldatzen.

 

Eta hemengo hondartzetako harriak erabiltzen dituzu normalean, ezta?

Paseoan nabilela aurkitzen ditudan harriak dira. Inguruan dudanak baldintzatzen dit, onerako eta txarrerako. Inguruak eragina dauka nigan, hortaz, normala da oso nire sorkuntzetan presentzia izatea. Itsasoak, mahastiak, hondartzak... horiek ere nire lan askotan agertzen dira.

Oraingoan kostaldea albo batera utzi eta Aiako kaskoan izango zara.

Hori da, hilabetez. Kultur Etxeko ordutegian egongo da zabalik erakusketa. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide