Mikel Markez: "Egun ederrak izan dira, hango euskaldunekin konpartitzeko egunak"

Karkara 2014ko eka. 20a, 18:12

NOKEZ: Noka eta Mikel Markez. Bi taldeak batera aritu dira Estatu Batuetatik biran, hortik biraren izena. Maiatzaren 23an eman zuten lehen kontzertua Kalifornian, eta zortzi kontzertu eta gero, Euskal Herrira itzuli da Markez. Datorren igandean, hilaren 29an, Orioko Herriko Plazan eskainiko du kontzertua.

Estatu batuetatik bueltan zara. Gustura?

Oso gustura egia esan. Egun ederrak izan dira, hango euskaldunekin konpartitzeko egunak. Denak gerturatzen zaizkizu esanaz zein herritatik joan ziren bertara eta zein urtetan. Edo bigarren eta hirugarren generaziokoak direnak berriz, aita Baigorrikoa edo amona Amaiurkoa zutela esango dizute.

Ia etenik gabe kontzertuak eman eta eman aritu zarete, gogorra izan al da?

Kilometro batzuk egin ditugu desertuetan barrena –barreak–. Zortzi emanaldi izan dira; Kalifornia behetik gora egin dugu, Nevada, Idaho eta Oregon. Euskal komunitateetako bueltan egindako kantaldietatik kanpo bi unibertsitatetan aritu gara: Los Angeleko bihotzean dagoen UCLA-n eta Riverside-n. Interesgarriak izan dira kantaldi hauek, ez bakarrik euskal kantua, Euskal Herria bera non dagoen ere ezagutzen ez duen publiko baten aurrean kantatzea aberasgarria delako.

Bidelagun onak izan al dira NOKA taldekoak?

Andréa, Begoña eta Cathy dira NOKA. Kalifornian sortuak hirurak, bi hemendik joandakoen alabak eta Andréa berriz laugarren generaziokoa. Harrigarria da nola erabaki duten han euskaraz kantatzea. Artistikoki berriz, oso ongi kantatzen dute ahotsetara eta niri azken aldian ahotsekin lan egitea asko interesatu izan zait. Azken bi diskoetan egin ditut saiakera zenbait eta parez pare etorri zait NOKArekin lan egiteko aukera hau bide horretan sakontzeko.  

Kontzertuetako giroa ezberdina al da ameriketan eta hemen?

Giroa desberdina da noski. Hango euskaldunak erabat hango gizartean murgilduta daude eta nahiz eta hemengoaren berri baduten ez dituzte azken urteetako gauzak gehiegi ezagutzen. Kantu herrikoiak maite dituzte gehienbat. Horregatik, geure errepertoriotik ematen aritu bagara ere, hainbat kantu herrikoi ere eman ditugu, eta denak gustura.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide