Lehen, garai baten, Orion baziren erraldoiak eta buruhandiak. Haiek desagertu ziren. Gero, urte batzuen buruan, herrian bertan buruhandiak osatu zituzten eta pare bat urteetan haiekin ibili dira. Ohitura hori berreskuratzeko helburuarekin erraldoiak egin ziren.
Materiala badago: buruhandiak eta erraldoiak badaude. Falta dena, beraiek erabiliko dituztenak dira. Hasiera batean dozena bat baiezko bildu zituzten, baina martxan jartzeko unea iritsi zenean 6ra jaitsi zen partaideen kopurua. Egun, 5 dira erraldoiak dantzan jartzen dituztenak. Jendearen beharra daukate, hortaz, eta hori da eskatzen ari direna: parte hartzea, laguntza.
Pello eta Nikolasa
Usadioak berreskuratzeko erraldoien beharra zuten, hortaz, Iruñeara joan ziren erraldoi-egile batekin hitz egitera. Aurrekontuak eskatu eta, azkenik, Irungo Xabier Garateren esku geratu zen enkargua. Arrantzale eta sare jostale bat egin zituen. Herriarekin lotura daukaten bi pertsonaia.
Izena jartzeko bi ikastetxeetara bidali zen proposamena, eta handik atera ziren Pello eta Nikolasa izenak. Herriko festei egiten diete erreferentzia: San Pedroei eta San Nikolasei. Horiez gain, orain, beste bi buruhandi daude. Urtez urte berritzen joatea da erraldoi eta buruhandietan dabiltzanen asmoa.
Berritzeko, lehendabizi erabili
Erraldoiak Orioko kaleetan zehar dantzan ikustea polita da oso, jendea erakartzen duen ekintza da. Baina hori gerta dadin, erraldoiak dantzarazten dituen jendea egon behar du. Dantzatzeak entsegu beharra eskatzen du, baina zaila ez da. 34 kiloko pisua izan arren, ez dira astunak, altuak baitira. Oreka mantentzea da zailena, hor dago gakoa. Halaber, ez dituzte entsegu asko egiten. Ohitura berreskuratzeko egiten dute, herria girotzeko. Festen barruan egiten den ekintza da, hortaz, ez die prestakuntza handia eskatzen.
Beraien arteko giro onagatik jarraitzen dute erraldoiak ateratzen, ezagunak izatetik lagun izatera pasa direlako. Konplizitatea dago partaideen artean eta hori da ekimena bizirik mantentzen duena. Baina jarraitzeko, jendea behar dute; kopuru handiagoa biltzeko beharra dago atera ahal izateko. Gazte jendea aktibatzea da behar dutena, testigua hartu behar dutenak gazteak baitira. Bestela, oraingoek uztean, katea eten egingo da. Hortaz, herriko gazteak animatu nahi dituzte probatzera.