Autobus zerbitzua hobetzeko bilera irekia egingo da Aian apirilaren 7an

Miriam 2014ko apirilaren 2a

Herritarren proposamenak ezagutzera eman eta berriz iritzia jasoko dute hobekuntza prozesua bigarren parte-hartze faseko bileran

Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzua hobetzeko prozesua jarri zuen martxan 2013an, herritarren proposamenak jasotzeko bilera irekiekin. Jasotako 3000 proposamen ingurutik %75a onartuta egin duten behin behineko hobekuntza plana aurkezteko, eta horri buruzko iritziak jasotzeko, Gipuzkoako udalerrietan bigarren bilera fasea egiten ari dira. Aian, apirilaren 7an, astelehenean egingo dute bilera, Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera.

Bilera honetan Aldundiaren proposamena aurkeztuko zaie herritarrei, aldaketak eta onartutako ekarpenak azaltzeko. Bestalde, berriz ere iritzia emateko aukera izango du herritarrak, eta baita udalak ere. Horretarako, bilera irekiez gain, www.garraioahobetzen.net webgunea eta etxeetara zabalduko diren hainbat eskuorri erabil daitezke. Azken horiek, Udaletxeko harreran jarritako postontzian bota ahal izango dira.

Landutako proposamenean, hainbat hobekuntza pentsatu dituzte Urola Kostarako: Donostia eta Zumarragako ospitaleetara joateko zerbitzua hobetzea, garraio aldaketak ahalbidetzeko ordutegiak egokitzea, herri txikienen loturak bermatzea...

Jasotzen diren iritziekin behin betiko proposamena landuko da, urrian aurkeztuko dena eskualdeko bileratan. Hori onartzean, lehiaketara atera eta 2015erako zerbitzu berria martxan egongo dela aurreikusten du aldundiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide