Programa zabalarekin dator arrauna asteburuan

Miriam 2014ko apirilaren 9a

Euskadiko Batel Txapelketa, Gipuzkoako Trainerila Liga eta aulki mugikorreko nazioarteko estropada egongo dira

Batetik, 2014ko Euskadiko Batel Txapelketa jokatuko da Legution apirilaren 12an eta 13an. Larunbatean, 16:00etan hasita, sailkatze estropadak jokatuko dira. Horietan, maila bakoitzeko denbora onenak egiten dituzten ontziak igandeko finalera pasatuko dira. Igandean, 11:00etatik aurrera, finalak jokatuko dira.

Zazpi mailak parte hartuko dute aurtengoan, Euskal Federazioak ez baitu Infantil Nesken Txapelketarik antolatu. Orio Arraun Elkartetik bost ontzi joango dira Legutiora, bost mailatan: kadete neskak, jubenil neskak, infantil mutilak, jubenil mutilak eta senior mutilak.

Bestetik, Gipuzkoako 2014ko Trainerila Ligako lehen bi jardunaldiak jokatuko dira. Apirilaren 12an, larunbatean, Orion izango da lehen jardunaldia 15:00etatik aurrera. Bigarrena Pasai San Juanen jokatuko da, apirilaren 13an, igandean, 11:00etan hasita.

Aulki mugikorra Italian

Italiako Piediluco lakuan aulki mugikorreko nazioarteko estropada bat jokatuko da, Paolo d'Alojaren oroimenezko estropadaren XXVIII. edizioa hain zuzen. Bertan, Imanol Garmendia, Ander Zabala eta Jon Carazo Orio Arraun Elkarteko arraunlariek parte hartuko dute, FER-Espainiako selekzioarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide