Udalbatzarraren aretoan bildu ziren EAJ, Bildu eta Orain taldeetako politikariak. Bilkura 20:00etan puntuan hasi zen eta ordu eta laurden inguru iraun zuen. Guztira bederatzi puntu zituzten bozkatzeko; amaitzeko, galdera irekien tartea izan zen.
Ezohiko bilkurako aktaren zirriborroa
Aho batez onartu zuten lehen puntua, baina Orain taldeak aldaketa bat proposatu zuen, izan ere, Aiako Udalak Danbolin musika eskolaren %50a ordaintzean kontrako botoaren arrazoiketa okerra zen. Beraien asmoa aiarrek berena ordaintzea eta oriotarrek oriotarrena ordaintzea zen, hortik ezezko botoa.
Udalaren zor historikoa eta ludoteka
Ondorengo puntu sortak kreditua aldatzeko espedienteak ziren; lehendabiziko biak urte anitzeko kredituaren ingurukoak. Lehenengoa, Udalak duen zor historikoaren ingurukoa da, 1954 urtea geroztik baitago zorra estaltzeko beharra Casas Baratas delakoaren inguruan. Une honetan zor horren titularra Desarrollos y edificaciones Mendibil S.L. da. Guztira, zorra 77.031 eurokoa da eta hiru urtetan ordaintzea planteatzen da:
- 2014 25.500 euro. Horretarako Goiko Kaletik bideratutako kontraprestazio eta eskubide ekonomikoak erabiliko lirateke, baita aurrekontu propioa ere.
- 2015 Beste horrenbeste. Hori aurrekontu propioak estaliko luke.
- 2016 Geratzen dena, hau da, 26.031. Hori ere aurrekontuetatik ordainduko litzateke.
Bigarren urte anitzeko kreditua Ludotekako obraren exekuzioa zen eta hori bi ekitaldi ekonomikoetan garatzea proposatu zen:
- 2014 90.000 euroko partida ezarri eta horretarako Goiko kaleko salmenta ekonomikoa erabili
- 2015 60.000 euroko partida eta hau ere Goiko kaleko eskubide ekonomikoetatik bideratzea aurreikusi zen.
Casas baratas eta hilerria
Kredituen gaikuntza Casas Baratasera bideratzeko erabiltzea ere bozkatu zen, baita hilerriko inbertsiora ere. Guztira 55.500 euro beharko lirateke: horietatik 25.500 mila Antillako hondartzara zuzenduko litzateke eta hilerrira 30.000 euro. Horretarako Goiko kalean Udalak dituen eskubide ekonomikoak erabiliko lirateke. Aldeko 10 botorekin eta bi abstentziorekin, baiezkoa atera zen. Orain taldeak izan zen baietza eman ez zuen bakarra, Grupo Eibar tartean dagoelako eta horrekin bat egiten ez dutelako.
Ludoteka proiektua eta obra zuzendaritza
Guztira 140.000 euroko kostua izango luke eta hori finantzatzeko hainbatetan aipatutako Goiko Kaleko eskubide ekonomikoak erabiliko lirateke. Gehiengo absolutuak baietz bozkatu zuen: 7 alde eta 5 kontra, zehazki.
Bildu ez zegoen ados erabakiarekin: ez da proiektua landu, ez da herriko eragileekin aztertu. Beharra neurtuta al dago? Galdera hori erantzun zion EAJk, Gazte planerako egin ziren txostenetan informazioa aurki dezaketela esanez. Bestalde, lehentasuna dirua ludotekarako gordetzea zela zioen EAJK, eta hori eduki ondoren erabakiko dela barruko kudeaketa. Bilduk, ordea, definitu gabeko azpiegitura bat, zehaztu gabeko kudeaketa bat eta guzti horrek suposatu dezakeen gastua jakin gabe ezin dela aurrera egin azpimarratu zuen. Behin aldekoa aterata lanean hasi dezaketela gaineratu zuen Orainek. Orain arte finantziazio iturririk ez zutenez, ezin izan zutela martxan jarri.
Benta bidea
Lur jauziak izan dira Benta bidean eta errepidea itxita dago. Bide publikoaren konponketa 210.000 eurokoa litzateke eta hau finantzatzeko 2013ko altxortegitik geratzen dena eta diru laguntza erabiliko lirateke, 190.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa, hurrenez hurren.
Ikastetxeen hitzarmena
Lehenagotik, ikastetxeekin hitzarmena egina zegoen, bateratua zena, baina ikastetxe bakoitzaren beharrak direla eta bakoitzarekin hitzarmen berariazkoa egingo dute. Bost abstentziorekin eta aldeko zazpi botorekin, gehiengo absolutuarekin, baiezkoa nagusitu zen.
Orainek azaldu duenez 2011. urtean onartu zen hitzarmena, baina egokia ez zela ikusten joan diren heinean aldentzen joan dira. Hortaz, zentro bakoitzaren kasuistika ezberdina eta aldakorra delako, hitzarmena egokitu dugu. Gaurko egoerara egokitu gara, besterik gabe.
Bilduk Maria Maestrarekin zuten hitzarmena jarri du adibide gisa, besteak beste, eta azaldu du guraso batzordeak eskatuta aldatu dela. 9 hilabetetarako daude guraso elkartean eta ez dira gai ikusten talde bezala funtzionatzeko, hortaz, elkarlanean hitzarmena aldatu dute. Orain, zuzenean Udalak egingo ditu gastuak. Amaitzeko, zuriketak hartu dituztela kontuan adierazi du Bilduk. Horien baitan hartu dituzte erabakiak, ikastetxe bakoitzaren beharrak ezberdinak baitira.
Orioko Herri Ikastolarekin lankidetza-hitzarmena
Indarrean dagoen hitzarmena bertan behera utzi nahi da, eta hitzarmen berria izenpetu. Xedea jarduera eta proiektuak finantzatzeko diru laguntzak emateko baldintzak arautzea da; bai ohiko hezkuntza jarduerak, bai ez ohikoak ere. Aurreko hitzarmenarekin desberdintasuna Udalarekin elkarlanean antolatutako hainbat programetan dago. Bestalde, Udalak ez dio hitzarmen honetatik kanpo diru laguntzarik emango bi egoeratan izan ezik:
- Herriko festetan ikastolak antolatutako jardueretarako
- Udalak antolatutako jardueretarako
Ikastolaren eraikinak musu-truk erabili ditzake Udalak, eta alderantziz. Kultur Etxea eta liburutegia erabili ahal izango dituzte ikastolakoek, aldez aurretik eta denboraz erreserba egiten badute.
Hau onartu ezkero –eta gehiengo absolutuarekin onartu zen– jarraipen batzordea osatuko da. Sei kidek osatuko dute: Udalak izendatutako hiru pertsonek eta Ikastolako hiruk.
Gizaker enpresaren galdetegia eta 6 milioi euroko xahuketa
Galdera irekien tartean herritarren partaidetza handia izan zen. Lehen herritarra EAJri zuzendu zitzaion eta honela esan zion: prentsan behin eta berriz agertu zarete Bilduko gobernuak remanenteko dirua xahutu duela esanez, zehazki, 6 milioi euro. Hori baino datu gehiago ez dituzue eman, eta ni, datuen zain nago; izan ere, egia balitz, izugarrizko lapurreta egingo lidake. EAJk datuak une horretan eskura ez zituela erantzun zion, baina nahi zuenean erakutsiko zizkiola eta argudiatuko ziola 6 milioi horien xahuketa. Herritarrak, ordea, kopuru handiegiez ari zirela zioen gogoan ez izateko eta datuak ez izatea sinesgaitza egiten zitzaiola.
Alkateak zioen udal aurrekontuak –2012, 2013 eta 2014 urteetakoak– eragileekin elkarbanatu zituztela eta 2014ko aurrekontuak ere herritarren aurrean aurkeztu zituela. Hortaz, beraiek kontuak garbi izateaz gain herritarren aurrean agertu zirela horren berri emateko. EAJ mahai inguru horretara gonbidatu zegoela gaineratu zuen publikoan zegoen herritarrak, eta joan ez izana leporatzen zien. Datuak erakusteko eskatzen zuen herritarrak, baita Bilduk ere.
Bestalde, Orainek beraiek Udalean daudenetik 3,5 milioiko gastua egin dela ziurtatu zuen. Horietatik 1,5 kanpinera bideratu zirela gehitu zuen eta 2 teknifikazio zentrora.
Beste herritarrek batek aipatu zuen inkesta bat egin ziotela. Etxera telefonoz deitu eta herriari buruzko galderak egin zizkiotela eta 6 milioi euroko desfaseaz ere galdetu ziotela. Horrez gain, oraingo Udalaren eta aurrekoaren gestioari buruz ere galdetu ziotela, baita aurreko alkateari buruz ere. EAJk erantzun zion: harritu egiten dit zuzenean guri galdetzea galdetegiaren inguruan, izan ere, norbaitek enkargatzekotan Udalak egingo luke. Udalak argitu zuen ez zuela zerikusirik inkestarekin.
Orain taldekoei galdetegiaren inguruan galdetu diote kalean, izan ere, politikoki enfokatuta dagoela dirudi. Guztiz politizatua dagoenaren susmoa zuen kalean gelditu zion herritar hark. Hitza hartu zuen publikoan zegoen herritar batek eta berak ere susmo txarra hartzen diola aitortu zuen.