Udako ekintza ugari antolatu ditu Txurrumuski K.A.G.Ek: Uda txoko, udaleku ireki eta gazte abenturak, hain zuzen ere. Ekintza hauek burutu ahal izateko begiraleak behar ditu aisialdi taldeak eta udako lan poltsa ireki dute.
Uda txoko
2011. urtean jaiotakoentzat Uda txoko zerbitzua jarriko du martxan Txurrumuskik. Uztailean zehar, astelehenetik ostiralera, 9:00-10:00etatik 12:30-13:00etara, haurrek ikastolan bertan goiza pasatzeko aukera izango dute.
85 euroko kostua izango du zerbitzuak, eta matrikulatu ondoren atzera egin nahi izanez gero, aisialdi taldeak ez du dirua itzuliko. Izen-ematea maiatzaren 22 eta 23an izango da, Kultur Etxean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara.
Informazio gehiago behar izanez gero, bilera informatiboa egingo da maiatzaren 30an, arratsaldeko 18:00etan, Salatxo aretoan.
Udaleku ireki
Jolas, tailer eta dinamika ezberdinen bitartez, uztailean zehar haurrek ez dute aspertzeko aukerarik izango. Goizeko 09:00-10:00etatik eguerdiko 12:30-13:00etara, ekintzak egiteko aukera izango dute. Haur txikienak 2010. urtean jaiotakoak izango dira eta nagusienek 12 urte izango dituzte.
80 euroko prezioa du Udaleko irekiak eta matrikulazioa maiatzaren 22 eta 23an izango da, Kultur Etxean, 18:00etatik 19:30etara. Informazio gehiago eskuratzeko bilera irekia egingo da maiatzaren 30ean, 18:30etan, Salatxo aretoan.
Gazte abenturak
Proposamen hau, ordea, abuzturako da. Lehen hamabostaldian, 1etik 14ra, goizeko 09:00etan ikastolan gelditu eta hortik aurrera hasiko da abentura. Denetik egin ahal izango dute LH3, 4, 5 eta 6ko ikasleek: bizikleta martxak, jolasak, kirolak, egun-pasak, igerilekura irteerak... Azken hiru egunak aterpetxe batean igaroko dituzte eta bertan ere ekintza ezberdinak egiteko aukera izango dute.
Ekintza bakoitzaren berriz aldez aurretik emango da, honela, jakinaren gainean egongo zarete eta gutxi gora-beherako programazioa izango duzue.
Hortaz, abendura nahi baduzu, izena eman maiatzaren 22 eta 23an Kultur Etxean. Gazte abenturen prezioa 105 eurokoa da. Bilera informatiboa egingo da ekainaren 13an, Salatxo aretoan, arratsaldeko 19:00etan.
Izen emateko prozedura
Izena emateko bakoitzari dagokion zenbatekoa ingresatu beharko du Txurrumuskik Euskadiko Kutxan duen zenbakian: 3035 0182 18 1820021770. Kontzeptuan haurraren izen-abizenak jarri behar dituzu eta ziurtagiria izen-ematea egin behar duzunean erakutsi beharko duzu. Bestalde, izen-emate orria beteta –Kultur Etxean daude eskuragarri– eraman behar duzu, baita osasun txartelaren kopia ere.
Begirale izan nahi duzu?
Begirale lanetan jarduteko prest daudenei deialdia luzatzen dio Txurrumuskik. Interesa dutenek fitxa bete eta txurrumuski.orio@gmail.com helbide elektronikora edo Arrantzale Kalea, Kosta Tailerra z/g, 20810 Orio helbidera bidali beharko dute. Fitxa eskuratzeko, egin klik hemen.
Hautaketa prozesuan kontuan hartuko diren irizpideak hauek dira:
- 16 urte beteta izatea
- Euskaraz erraztasunez eta egoki komunikatzeko gai izatea
- Begirale-zuzendari titulua izatea
- Oriotarra izatea
- Talde harremanetarako abilezia izatea
- Urtean zehar lanean jarraitzeko interesa izatea