Azken urteotan bezala, aurten ere, Kultur Aniztasunaren jaia antolatzeko asmoa dauka Udaleko Euskara batzordeak. Herrira gero eta atzerriko jende gehiago zetorrela bizitzera ikusita, oriotar berri horiek euskarara hurbiltzeko ahalegina egin behar zutela ikusi zuten batzordean; bestela, hain hizkuntza-integrazioa gaztelaniaren bidez gertatzen zen-eta.
Aisa izeneko euskara ikastaro laburra antolatu zuten HABEren laguntzarekin, zeinak arrakasta handia izan zuen. Guztira, 40 lagun aritu ziren ikasten giro onean. Ikastaroa amaitzean, festa giroko ospakizun bat egitea bururatu zitzaien eta horrela antolatu zuten lehen kultur aniztasunaren festa 2009an.
Geroztik, urtero antolatu da. Etorri berriak euskarara hurbiltzearekin batera Orion bizi den dibertsitate berria erakutsi eta horri balio eman nahi zaio, hango eta hemengo herritarren loturak sendotuz. Baina, batez ere, oriotar berriei euskarara gerturatzeko tresnak eskaintzea da festaren helburua, bide hori egin dezaten.
Festa antolatzeko bilera irekia
Aurten ere Kultur Aniztasunaren festa antolatu nahi da. Horretarako, gaur, apirilaren 24a, bilera izango da udaletxeko teilatu azpiko gelan, 19:00etan. Antolaketa lanetan lagundu nahi dutenentzako da bilera, festarako proposamenak elkarbanatzeko. Interesa duena, hortaz, azal dadila bertara.