Kultur aniztasunaren festa antolatzeko bigarren bilera

Olatz 2014ko apirilaren 28a

Lehen bilerak ez zuen arrakasta izan; eta bihar, bigarren bilera egingo da data eta diseinu orokorra zehazteko

Jende gutxi bildu zen Kultur Aniztasunaren jaia antolatzen lehen bileran; Brasil, Ekuador, Honduras eta Udaleko ordezkariak, hain zuzen. Eztabaida gai nagusia data erabakitzea izan zen. Udalak, hasiera batean, San Pedro festen barruan egitea proposatu zuen; baina bilerara etorri zirenek nahiago dute beste egun batean izatea. Ekainaren 14an egitea proposatu zen, baina oraindik konfirmatzeke dago eguna.

Astearte honetan, apirilaren 29an, zehaztuko da eguna. Bigarren bilera bat egingo da bihar, berriz ere Udaletxeko teilatu azpiko gelan, 19:00etan. Joan den ostegunean egin zen bileran bildutakoek bigarren bilera bat antolatzeko beharra ikusi zuten, hortaz, oraingo honetan ahalik eta jende gehienari bertaratzea eskatzen diete, guztion artean antolatzeko festa.

Bigarren bilera honetan festaren eguna antolatzeaz gain diseinu orokorra ere erabaki nahi da. Bilera irekia da, hortaz, edonor izango da ongi etorria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide