Xabier Euzkitzek gidatutako saioan konfesatu da Jose Luis Korta

Olatz 2014ko apirilaren 29a

ETB1eko Kontrako Eztarria programan elkarrizketatu zuten, atzo, Orioko arraunlari ohia

Kontxako 16 bandera astindu ditu Jose Luis Kortak. Azkenak, ordea, hautsak astindu eta buruhausteak ekarri dizkio arraunlari ohiari. 2010 geroztik auzipetuta dago oriotarra, baina orduan esanak berresten ditu; arraunak asko eman dio, hortaz, hau guztia ezkutatu ordez argitara ematea merezi du. Orain artean gordetakoak kontatu ditu Kontrako Eztarrian. Elkarrizketa osorik ikusteko, egin klik hemen.

Castro, bizitoki polita

Arraunari lotua egon da txikitatik Korta. 2006an irabazi zuen Castrorekin Kontxako bandera, eta, ordutik, Kantabriako herriari lotua dago. 1976an joan nintzen Oriotik Castrora. Orain ere han bizi naiz, hondartza inguruan, kontatu du. Herriaren erdigunera gutxitan joaten da, nahiago baitu itsasoaren hotsa herriko burrunba baino. Halere, Castron euskarak gora egin duela aipatu du eta horrek belarriak goxatzen dizkiola: polita da Castron euskara entzutea

Interneten guztia gorri

2010eko irailean, Urdaibaik Kontxa konkistatu ostean Kortak dio esandakoak ez zirela beroaldiak eragindakoak, ezta galtzearen ondorioak. Berak bazekiela lehenagotik ere Bermeoko taldea ze uretan zebilen arraunean, horregatik esan nuen arraunarentzat egun beltza zela, banekien eta zer egiten zuten. 

Urdaibai Espainiako Txapelketara aurkeztu ez zenean hasi zen Korta susmo txarrekin. Orduan, 60 mila euro irabaziko zituen medikua kontratatu zutela esan zion iturri batek, eta Kontxa nahiz Liga eskuratzeko ekarri zutela. Beste batek, medikuaren izena interneteko bilatzailean jarri eta gorriz tindatutako informazioa ageri zela esan zion. Askotan zigortutako medikua zen, hortaz, susmoak areagotu zitzaizkion Kortari, usain txarra hartzen zion honi guztiari. Internetera jo nuen, alabaren laguntzaz, eta susmo guztiak argitu nituen. Dopin kontuak zeuden han eta hemen; txirrindulari bat hil omen zitzaiola ere irakurri nuen.

Kortaren erruz, berak esandakoagatik, arrauna suntsituko zela zioten. Berak, ordea, arraunari kalte handiak besteek eragiten dizkietela dio. Esan zuenagatik denuntziatu egin nahi ziotela jakindakoan hasi zen oriotarra mugitzen; datuak argitaratzen. Eta begira, ederra pastela atera dena. 

Kortak, hitz eta jokabide garbiak

Garbi hitz egin du Euzkitzeren saioan, eta auzia oraindik argitzeko dagoen arren berak zuzen jokatu duela dio. Kontzientzia lasai dauka oriotarrak. Epaileak zilegitu du sustantzia ilegalak erabili zituztela Bermeokoek. Hori albiste izan ordez Kortaren inguruko berri bat zabaldu zutela dio, bera zikindu nahian. 

Zigorra eskatu zuen epaile berberak ezarri dio zehapena Kortari. Hori legala da?, galdetzen du arraunlari ohiak. Epaile horrek ez zuenez ezer argitu, ACTk epailea aldatu zuen. Horrek ere, ez ezer gutxi argitu zuenez, aldatu egin zuen. Hori normala da?, galdetu du Kortak eta gaineratu du ACT negozio da. Dopinik ez dagoela sinatu dute, eta legalak balira ez lukete hori egingo. Legalki jokatuko balute 10 pertsona aulkian eserita egongo liratekeela dio Kortak eta zortzi inguru kartzelan.

Hainbeste urtetan arraunean asko saiatu ondoren, bera ilegalak diren medikamentuak emateko gai ez dela azaldu du. Ez emateko ezta eman-arazteko ere, argitu du. Zerbait banaiz, arraunari esker da. Ezin dut hau ezkutatu, arraunarekin dudan zorra kitatzeko modua da guzti hau argitara ematea. Arraunlariri pozoia eman ordez, egiaren bitartez, arraunlariren bat libratzea da Kortaren xedea. Jendea, behingoz, enteratu dadila bandera batekin argazkia ateratzeagatik arrauna pozoitzen duten pertsonak daudela. Hori ez da nik ezagutzen dudan bandera.

Kortak ezagututako arrauna eta egungoak ez dute parekorik. Egun, korapilo lotutako soka baita, Kortaren ustetan, arrauna. Korapiloak askatzeko asmotan joan da Korta ETB1eko saiora; arrauna txikotez elkartutako estropua bezain sendoa izan dadin, berak ezagutu bezalakoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide