Lapurreta egin dute Joseba Manterola Kirol Masajeak zentroan

Olatz 2014ko maiatzaren 6a

Ikastolan ere egin dute triskantza baina ez dute ostu

Goizeko ordu bietan ikastolako alarmak jo du. Lapurrak sartu dira ikastolara, guztia hankaz gora utziz; baita alarma bera ere, isilarazten ahalegindu baitira. Lortu ez dutenez, alde egin dute. Pare bat ordura, lauak inguruan, Joseba Manterola Kirol Masajeak zentroan sartu dira eta gailu elektronikoak lapurtu dituzte: kamera, objektiboak eta ordenagailuak, besteak beste.

Kristala hautsita sartu dira

Hasieran atea behartzen ahalegindu dira. Honela sartzea lortu ez dutenez, ateko kristala hautsi dute, golpeka. Ertzainak zapatilen aztarnak aurkitu ditu; honenbestez, ostikoka hautsi dutela ondorioztatu dute. Behin barruan zeudela argazki eta bideo kamerak, objektiboak, bi ordenagailu eta txanponak eraman dituzte.

Ez dute lanerako behar duten tresneriarik hartu, tresna elektronikoak baizik. Jabeen ustetan saltzeko errazak diren gailuak lapurtu dituzte, eta txanponetan zuten dirua. Tresna teknologiko horiek balore handia zuten beraientzat eta, horrez gain, garestiak ziren. Lapurreta egiteaz gain barruko guztia bota dute, guztia hankaz gora utziz. 

Bizilagunen hotsak testigu

Goizeko lauetarako minutu gutxi falta zirela entzun zituzten lehen hotsak bizilagunek. Zarata handia atera zuten lapurrek, baina bizilagunei ez zitzaien otu ebasten ari zirela. Atera zen bat leihora, baina ez zuen ezer ere ez ikusi. Bigarrena ateratzean, pertsianekin soinua atera zuenez, lapurrak geratu eta alde egin zuten.

Edonon, edonoiz eta edonola

Azkenaldian lapurreta asko egin dira Orion. Atzo bertan bi egiten saiatu ziren, esaterako. Bestalde, lokaletan, etxeetan eta txaboletan ere saiatu dira; eta askotan, lapurtzea lortu dute. Lasaitasunez jokatzen dute lapurrek. Izan ere, lapurreta bat, egun argitan egin dute; beste batean izozgailutik janaria atera, kozinatu eta jan egin zuten lehendabizi, lapurretan hasi baina lehen; eta atzokoan, hots ugari atera zuten.

Ertzaintzak susmo txarra badute, zerbait arraroa ikusi edo entzuten badute, berehala, ertzaintzara deitzeko eskatzen diete herritarrei. Azkenik, beldur gabe baina kontuz ibiltzeko gomendatu diete.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide