Artisau azokan kalitatezko eskulanak

Olatz 2014ko maiatzaren 12a

Goizean goizetik jende ugari hurbildu zen XXII. aldiz antolatu den Artisau Azokara

Hamaiketako ordua eta talo usaina. Arto-irinez egindako opilak txorizoarekin, txokolatearekin edota gaztarekin. Nahieran. Talogileek askoren tripak bete zituzten baita hainbat postuetako gozogile eta gaztagileek ere. Eskuz egindako erroskillak, madalenak, kruxpetak eta zapore guztietako tartak. Gazta ere gustu guztientzako: suabea, sendoa... Hiru neska gaztek poteratutako piperrak, ilarrak, zainzuriak eta melokotoia saltzen zituzten; eta gizon batek poteratutako eztia, era guztietakoa.

Janaria ez zen azokan aurkitu zitekeen gauza bakarra. Bitxiak ere kolore eta tamaina guztietakoak zeuden: lepokoak, belarritakoak, eskumuturrekoak, eraztunak... Horietariko batzuk larruzkoak. Larrua Valentziatik lortzen duela kontatu du, Erdi Arotik larruaz bizi den eskualde batetik hain zuzen. Zaldiaren eta txahalaren larrua erabiltzen du eskumuturrekoak, diru-zorroak eta abar egiteko. Beste batzuk, zilarrezkoak; baita material ezberdinak uztartuz egindakoak ere.  Haurra izateari utzi eta umetako jostailuak eskulanetarako material bilakatu ditu Aitziber Esnaolak. Zilarra eta goma nahastuz sortzen dituzte haur nahiz helduentzako bitxiak. Guztiek badute zerbait komunean, eskuz eginak direla. Mimoz.

Haria eta jostorratzarekin duten trebetasuna erakutsi zuten askok. Poltsez gain arropa ere saltzen baitzuten hainbat postutan: soinekoak, galtzak, haurrentzako lerde-zapiak... Egurrarekin jolasean aritzen aditu bilakatu da Aitor Mendizabal. Eskulturak egiten ditu, eta aurten kilometroak jaia Orion ospatuko denez, KMK'14 Erria Txikota! eskultura oparitu dio Ikastolari.

Artisau azoka - KMK

 

 

Kamara eskuetan hartuta artelanak egiten zituenik ere bazen. Bizkaitarra zen bera, Saioa Marquez. Galtzear dagoen industriari ateratzen dizkio argazkiak, batez ere. Hil zorian dagoen hori, desagertzear, betirako gordetzen du Marquezek. Ia argazki guztiak Bizkaian ateratakoak dituenez, asteburua aprobetxatu eta Orio inguruak bere objektibo pean harrapatzen ibili da. 

Azokari aire berriak eman zizkion Karmele Luquik. Denboraldi bat igaro zuen Alemania eta Austriaren arteko mugan. Bertan, udan, egiten zuen beroa medio, Euskal Herritik eramandako haizemailea erabiltzen zuen Karmelek. Harriduraz begiratzen zioten bertakoek, ez baitzuten behin ere ikusi horrelakorik. Hura haustean, erosi ordez, berak egin zuen abaniko berri bat. Orain, Olelé izenpean abanikoak saltzen ibiltzen da. Telak Afrikatik eta Japonetik ekartzen ditu, internet bidez. Saldu ere, gehien bat, internetetik egiten du.

Postu asko eta jende asko postuetako ikusten, dastatzen eta erosten. Giro ederra, hortaz, igandeko Artisau Azokan. Argazki guztiak ikusteko egin klik hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide