Arraunaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hiru begirada

Intza Trula 2026ko otsailaren 16a

Ion LarraƱaga, Jone Oliban, Kepa Iribar eta Jon Salsamendi, mahai ingurua hasi aurretik. (Intza Trula)

Etorkizunari begira, nora goaz? mahai-ingurua egin zuten ostegunean Getariako udalbatzar aretoan. Ion Larrañaga Getariako entrenatzaileak, Jon Salsamendi Bermeoko entrenatzaileak, eta Jone Oliban Deustuko entrenatzaileak parte hartu zuten. Arraunaren hainbat ertz landu zituzten saioan; hala nola emakumeen arraunaz, egutegiaz eta harrobiaz mintzatu ziren.

Ospakizun urtea du aurten Getariako Arraun Elkarteak: mende erdi bete du. Ez da zenbaki makala, 50 urteko historia ez baita une batetik bestera eraikitzen den zerbait. Ongi dakite hori urte hauetan zehar, zuzenean zein zeharka, GAEko parte izan direnek: denbora, dedikazioa eta esfortzua eskatzen ditu horrelako proiektu bat aurrera eramateak. Urtemuga borobila modu berezian ospatzeko asmoz, ekitaldi sorta antolatu du arraun elkarteak datozen asteetarako, eta pasa den astean izan zen lehena.

Hain justu, Etorkizunari begira, nora goaz? mahai-ingurua egin zuten ostegunean udalbatzar aretoan. Ion Larrañaga etxeko entrenatzailea, Jon Salsamendi Bermeoko entrenatzailea, eta Jone Oliban Deustuko entrenatzailea aritu ziren hizketan, eta arraun munduaren hainbat ertz ukitu zituzten saioan. Dinamizatzaile lanak, berriz, Kepa Iribar Euskadi Irratiko kazetari getariarrak egin zituen.

Aretoa leporaino beteta zela, getariarren urteurrenari erreferentzia eginez zabaldu zuen saioa Iribarrek: "Hausnarketa bat egiteko unea da, atzera begiratzeko eta nondik gatozen gogoratzeko, ospatzeko, non gauden jabetzeko, eta nora joan nahi dugun erabakitzeko momentua". Arrauna zein norabide hartzen ari den jakin aurretik, ordea, gaur egungo egoera ezagutzea beharrezkoa dela esan zuen kazetariak. Horregatik, galdera zehatz bat egin zuen, hizlariei sarrera emateko: "Nola dago arrauna?".

Emakumeen arraunari erreferentzia eginez esan zituen lehen hitzak Olibanek: "Gero eta fitxa gehiago daude, hazten goaz, eta urtetik urtera uretan dagoen talde kopurua mantentzea lortzen ari gara". Aitzitik, aurkakoa aipatu zuen gizonen arraunaz: "Inflexio puntu batean dagoela uste dut, eta, badirudi, denboraldiak aurrera joan ahala, gero eta gizon arraunlari gutxiago daudela".

Salsamendik, aldiz, bestelako ikuspegia adierazi zuen: "Ni baikorra naiz, eta basoa erdi beteta ikusten dut beti. Batzuetan ematen du arrauna desagertu egingo dela, baina ulertu behar dugu kirol, talde edota klub guztietan daudela gorabeherak". Metafora bat erabili zuen orduan bere iritzia azaltzeko: "Arraunlariok atzeraka egiten dugu lan, ez dakigu nora goazen. Patroiak aukeratzen du egin beharreko bidea, eta guk horra iristeko egiten dugu lan. Gauza bera gertatzen da egungo arraunaren egoerarekin; erabakiak hartu behar dituztenek hartzen dituzte, eta klubok esandako horri jarraitzen diogu". Horri lotuta, Salsamendik kritika bat egin nahi izan zuen: "Uste dut azkenaldian erabakiak kapritxoz hartzen ari direla, batzuei komeni zaienaren arabera, alegia".

Olibanen zein Salsamendiren iritziak partekatzen zituela adierazi zuen Larrañagak, eta ondorengoa azpimarratu zuen: "Laburbilduz, arraunlariak, klubak, federazioak, gobernua eta telebista esertzeko unea dela uste dut. Iritziak partekatu behar ditugu, ondoren denon mesederako diren erabakiak hartu ahal izateko". Hala, arraunak aurrera joateko "denon bultzada" behar duela esan zuen.

Emakumeen arraunaz

Saioan eztabaida sortu zuen gaietako bat emakumeen arraunarena izan zen. Getariako entrenatzailearen esanetan, "salto handi bat eman du" emakumeen arraunak, "bai kalitatean eta baita kantitatean ere". Iritzia orokorrean positiboa bada ere, ondorengoa gehitu nahi izan zuen berak: "Sumatu dut arraunlarietan mugimendu asko dagoela, klub batetik bestera asko mugitzen direla; hau da, esango nuke traineru askori egonkortasuna falta zaiela".

Salsamendik, bere aldetik, azpimarratu zuen "naturaltasunez" hartzen duela "kirolean berdintasunerako borroka". Emakumeen arraunean "aurrerapauso handiak" eman direla iritzi zion berak, eta esan zuen ez direla emakumeen eta gizonen arrauna konparatu behar, "bi lehia ezberdin baitira, eta bakoitzak bere bidea egin behar baitu".

Bi entrenatzaileen iritziak entzun ondoren, ordea, Olibanek emakumeek urte luzez egin duten eta egiten jarraitzen duten borroka jarri nahi izan zuen mahai gainean. "Emakumeen arraunean arazoak daude antolakuntzan, finantzaketan, errekonozimendu ekonomikoan, klubetan sartzeko eta mantentzeko... Klub askotan oraindik ez dituzte emakumeen aldagelak, gauza oso-oso basikoez ari naiz".

Olibanen iritziz, sarritan emakumeen arrauna "gizonen arraunaren ikuspegitik begiratzen da, eta hori akats bat da". Horren aurrean, argi eta garbi hitz egin zuen: "Emakumezkoen arraunean protagonistak ez gara emakumeak, eta hori da diferentziarik handiena. Gizonen arrauneko erabakiak hartzen dituztenak gizonezkoak dira, baina emakumezkoen arrauneko erabakiak ez dira ez emakumeekin ez klubekin kontsultatzen". Duela urte batzuk baino "askoz ere hobeto" daudela aitortu bazuen ere, azpimarratu zuen oraindik "asko" dagoela egiteko".

Liga aurreratu ala ez

Debatea sortu zuen beste puntuetako bat egutegiena izan zen. Hau da, traineru liga aurreratu beharko litzatekeen edo ez hitz egin zuten, eta puntu honetan ere, hainbat iritzi plazaratu zituzten protagonistek. Esaterako, Olibanek kontatu zuen inkesta bat egin zutela emakumeen artean, eta gehienek erantzuten zutela ezetz, ez zutela liga aurreratzerik nahi. “Arrazoiak ezberdinak ziren: esaterako, lana edota tradizioa”.

Salsamendik ere ikuspuntu nahiko garbia adierazi zuen: "Arrauna udako kirola da, gustatu ala ez gustatu". Hala eta guztiz ere, aldaketaren alde egongo litzatekeela esan zuen, "denon mesederako izango balitz". Halaber, ligako egutegiak urteroko bera izaten jarraitzen badu ere, Bermeoko entrenatzaileak gogoratu zuen dagoeneko hainbat txapelketa dataz aldatu dituztela: "Bizkaia eta Gipuzkoako txapelketak maiatzera aurreratu dituzte, eta atzetik doaz Euskadikoa eta Espainiakoa".

Getariako entrenatzaileak haurren egutegiari erreparatu nahi izan zion eztabaida honetan, eta ondorengoa esan zuen: "Eta haurrek neguan jokatu behar al dute liga? Jardunaldi asko bertan behera uzten dituzte eguraldiagatik". Beste galdera bat ere plazaratu nahi izan zuen, protagonistei zein ikusleei begira: "Ez al genituzke haur gehiago erakarriko udan?".

Harrobi falta, arazo?

Harrobiaz hitz egitera ere ausartu ziren osteguneko saioan, eta gaiari heltzeko konparaketa bat egin zuen Iribarrek: "Kirol batek piramide baten itxura izan ohi du: oinarrian jende asko dabil kirola egiten, eta, muturrera, elitera, gutxi batzuk iristen dira". Horri lotuta, KAE2 ligako plantilla jasaten ari den beherakada jarri zuen mahai gainean kazetariak, eta ondorengo galdera luzatu zien protagonistei: arazo bat al da?

Getariako entrenatzaileak argi zuen bere erantzuna: "Gizartea aldatu egin da duela hogei urtetatik hona, eta garai haiekin alderatuz, gaur egungo gazteek askoz ere kirol gehiago dituzte aukeran. Lehen Getarian pilota eta arrauna bakarrik zeuden". Horren aurrean, kritika bat egin nahi izan zuen Larrañagak: "Fokua goi mailan dago, eta bertan jendea egon dadin esfortzua egiten dugu; behekoei, ordea, ez zaie erreparatzen".

Salsamendiren ustez, harrobia da klub baten "hanka garrantzitsuenetako bat". Hala, iritzi zion hanka hori zaintzea ez dela soilik klubaren erantzukizuna: "Udaletxeak, gurasoek, sozioek eta herritarrek ere badute ardura hori".

Olibanen erantzuna ezezkoa izan zen, baina haren esanetan, "aldaketa baten sintoma bat" da. "Gure lehengaiak aldaketa bat jasan badu, sistemak hori aztertu egin beharko luke, eta erantzun bat eman", zioen. Beherakada horren aurrean, garbi hitz egin zuen entrenatzaileak: "Kantitatea baino hobe da kalitatea. Daudenek kalitatea badute, jarraitu egingo dute, baina kantitateari garrantzia ematen badiogu, jendea erreko dugu, eta hor benetako arazo bat izango dugu".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide