Getariako olatu bat hartuta iritsi izan balitz bezala, Kepa Iribarrek (Getaria, 1975) Erleen azken ziztada liburua dakar besapean euriak blaitu eta jendez hustu duen Arroabera. Zaparrada bat azaroko astegun ilun batean: hau ere izan zitekeen nobela beltz baterako eszenatokia. Badaezpada, aterpean babestu dira idazlea eta haren eleberria.
Idazlea? Inor ez da atrebitu esatera idazle izaera aitortzeko zenbat liburu idatzi behar diren. Bigarrena eman du getariarrak, baina erosoago sentitzen da "kazetari" definizioan. "Liburu bat edo bi argitaratzeak idazle bihurtzen badu bat, orduan bale, baina iruditzen zait idazlea hori baino gehiago dela", justifikatu du.
Kazetaria, beraz; irratigintzaren forma zurrunetatik birritan fikziora eskapu egin duen kazetaria. Argitu duenez, irratiko idazteko eraren "guztiz kontrakoa" darabil eleberrietan. "Idazten ari naizenean, ez dut sentitzen lanean ari naizenik", aipatu du. Jolasteko aukera ematen dio horrek: "Fikziozko mundu batean sartu, istorio handi bat eraiki, istorio horri logika eta errealismoa ematen saiatu, borobildu, sortzen diren oztopoak gainditu...", horretan datza Iribarren jolasak.
Fikziozko idazketara egin duen bigarren impasse-ra, hain zuzen, jolasteko plazerak eraman du. Lehenengo liburuan –72 ordu (Erein, 2022)– ideia batek eraman zuen idaztera; oraingoan berriz, idazteko gogoak behartu du istorio bat pentsatzera. Bilaketa hori komunikabideetatik abiatu zuela agertu du. "Garai hartan, 2022ko udara bukaeraz ari naiz, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra pil-pilean zegoen. Oraindik komunikabideek hitz egiten zuten 2021eko apiriletik Bidasoa ibaian hil ziren zazpi pertsona migranteen inguruan. Bestalde, batean eta bestean hauteskundeak egin zituzten, eta denetan ultraeskuinak gora egin zuen", gogoratu du.
Idazteko bideaz "gozatu" duela ziurtatu du. "Abiapuntua erabat desberdina izan da. Lehenengo liburuarekin bizi izan nuen prozesua gustatu zitzaidan, eta berriro bizi nahi nuen. Orduan, istorioaren bila hasi nintzen. Aurrena buruan eraiki dut istorioa, buelta asko eman dizkiot idazten hasi aurretik, eta nire ustez forma hartu duenean, orduan hasi naiz idazten", kontatu du. Fikzioak eskaintzen dituen jolasetan dibertigarriena nobela beltza da kazetariarentzat; genero horren irakurle sutsua da. "Istorioak harrapatzen zaituenean, kateatzen zaituenean eta irakurtzen segitzeko gogoa pizten dizunean, gustatzen zait", azaldu du.
Bada, eman berri duen Erleen azken ziztada nobelarekin, harrapakari izatea dagokio Kepa Iribarri. Eta azalak dakar lehen zepoa: svastika nazi garden bat, marea baxuko goiz batean Getariako Gaztetape hondartzan Beñat Gerekak egindako argazki bati gainjarrita. Aingura bat azaltzen da, baina horrek zer esan nahi duen jakiteko amuari kosk egin eta liburua irakurri beharra dagoela ohartarazi du Iribarrek.
Bi hasiera
Erein argitaletxearekin eman du Kepa Iribarrek Erleen azken ziztada. Nobela berrian, 72 ordu liburuan biziarazi zituen Aitor Letamendia detektibearen eta Edurne Rodriguez Ertzaintzako ofizialaren pertsonaiak berreskuratu ditu, eta berriro ere, Getarian kokatu du itsasoak nabarmen zipriztinduko duen kontakizunaren zati bat. "Pertsonaia batzuk berreskuratu ditut ez nituelako agortuta ikusten. Edurne asko hazi da, erabaki nuen indar gehiago ematea, eta idazten ari nintzela, are eta indar handiagoa hartu zuen pertsonaiak berak", esplikatu du. Bestalde, adierazi duenez, istorio bat pentsatzen hasten denean hiru geruzatan banatzen du: "Kontatuko dudan trama beltza, hori kontatu bitartean jorratu nahi ditudan gaiak –kasu honetan gerra, migrazioa, ultraeskuinaren gorakada...– eta eszenatokiak. Lehenengo liburuan derrigorrezko eszenatokia zen Getaria, bertan gertatu zelako [Juan Sebastian Elkanoren] lehorreratzea. Oraingoan, ez zen derrigorrezkoa, baina eroso sentitzen naiz hor, eguneroko tokietan".
Letamendiak eta Rodriguezek bahiketa bat argitzeko ardura dute, eta bide horretan, iraganaren eta orainaren arteko ispilu joko batera amilduko dira. Izan ere, Bigarren Mundu Gerrara doan soldadu gazte baten egunerokoaren bitartez, 1944ko Alemaniara leiho bat irekitzen du nobelak, eta bahiketa ikertzeko lanetan aurrera egin nahi badute, denboran atzera egitea ezinbestekoa izango dute poliziek. Getariarrak lehen pertsonan idatzi du soldaduaren zatia, eta hori izan da berarentzat idazketa prozesuko egiteko konplexuena. "16-17 urteko gazte alemaniar baten larruan sartu eta gerraren aurrean zer senti dezakeen kontatzea... hori izan da ariketarik sakonena", berretsi du. Hala, "bi hasiera" ditu nobelak, Iribarren hitzetan: batetik, Bigarren Mundu Gerraren garaian Bidasoa ibaiertzean gertatzen den hitzaurre bat, eta bestetik, Getariako bahiketa.
Iribarrentzat, irakurlearengan hausnarketa piztea ez da ezinbesteko helburua, zilegi baita bilbe beltzaren harrapakin izate soilarekin gozatzea. Hala ere, gogoeta merezi duten hainbat gai gordetzen ditu eleberriak, egungo errealitatearekin estuki lotuta daudenak. "Gerrak uzten dituen zaurien inguruan hitz egiten du liburuak. Erakusten du nola, historia ahazten badugu, beti bueltatzen den. Ultraeskuinaren gorakada, eta horrek dakarren arrazakeria, homofobia eta beste, horrela azaldu daitezke", esplikatu du eleberriaren egileak.
Kepa Iribarren azken liburua apaletan dago jada, Landako guneko erakusleiho handira iristear. Abenduaren 5ean aurkeztuko du Erleen azken ziztada Durangoko Azokan, 19:00etan. Lanak lapurtuko dio gainontzeko egunetan erakusmahaiaren atzean egoteko aukera, jakina baita kazetaria dela idazlea baino gehiago. Liburua, aldiz, han egongo da, zelatan, irakurleak ziztatu zain.