Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Ion Arozena Eizagirre eta UKTko zuzendari nagusi Gorka Zabaleta Lopetegi bildu ziren atzo, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzeko. Gukak aurrerantzean ere Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako herritarrei informazioa zabaltzen jarrai dezan 6.000 euroko laguntza jasoko du komunikazio taldeak.
Ion Arozena UKUEko lehendakariaren esanetan eskualdearentzat "oso garrantzitsua da hurbileko hedabideak" izatea, herritarrek "benetan kezkatzen" dituzten gaien inguruko informazioa eskura izan dezaten. Gainera, hedabideak euskara hutsean lan egiteak bat egiten du UKUEren irizpideekin. Horren harira, Arozenak zera gaineratu du: "Eskualdeko hedabideak estrategikoak dira euskararen erabilera areagotzeko eta normalizatzeko bidean urratsak emateko, eta horretan UKUEren laguntza izango dute".