Atzokoaren ostean, gaur eguardian ere parrillak piztuta jarraitu dute oriotarrek plazan asteburuaz gozatzen. Hori bai, parrillan lanean ibili direnak herritarrak izan dira gaurkoan, etxetik ekarri duten arraina beraiek prestatu behar izan baitute.
Arrain hori, herriko tabernek prestatutako platerek eta Sayalero okindegiko postreek lagundu dute, eta horrelaxe osatu dute gaurkoan bazkarirako menua dozenaka eta dozenaka herritarrek. Eguraldiak ez du askorik lagundu, baina jendea lagun eta familia artean gustura suma zitekeen, are gehiago sabela bete ondoren.
Gainera, herriko parrilleroak ere bertan izan dira, laguntza eman eta herritarrei aholkuak emateko prest. Jarraian, Imanol eta Iratz Urkizu aita-alabek musika emanaldia eskaini dute, bazkalostea borobiltzeko. Gaurkoak gozatuta, iluntzeko pintxo potearekin eta biharko ekintzekin amaituko dute lehen edizio honetarako prestatutako egitaraua. Hain zuzen, hegaluzea poteratzeko erakustaldia egingo dute 12:00etan, eta 14:00etan Aldapa elkartearen marmitakoa eta herriko tabernen errazioak izango dira.