Euskaraldia 2025

ZirHika elkartea: "Euskaraz bizi diren herrietan hika egitea erronka polita izan daiteke"

Ihintza Elustondo 2025ko mai. 14a, 08:00

Euskaraldiaren aurtengo berrikuntzetako bat da hitanoaren erabilera sustatzeko Euskaraldia Hikan ere parte hartu ahal izango dela. ZirHika elkartea hitanoaren erabilera aktibatu nahian ari da, eta talde horretako kideek herritarrak animatu dituzte Euskaraldiak iraungo duen egunetan txapan H-a jarri eta ariketan parte hartzera. Euskaraldiko aldizkari bereziko edukia da honako hau.

ZirHika taldea sortu berri duzue. Zeintzuk elkartu zarete? Eta zer helbururekin?

ZirHika taldea Euskal Herri osoko leku askotako hika eragileek osatzen dugu. 2023ko azaroan Euskal Herriko I. Hika Topaketa egin zen Oñatin, bertan Euskal Herriko 80tik gora hika eragile bildu ginen, eta handik sortu zen ZirHika, elkarlanean hitanoa bultzatzeko. Beraz, gure helburua hitanoa –bereziki noka (neskei egiten zaien hika)– biziberritzea da, batez ere gazteen artean. Hika lagunarteko, familiarteko tratamendua da. Euskarak badauka hizkera informal hori, galtzen joan dena. Nahiko genukeena da erabilera areagotzea eta sendotzea, hizkuntza ohiturak aldatzea eta hiztunak aktibatzea, euskararen erabilera indartzeko.

Hitanoa bultzatzeko ahaleginean ari zarete. Zein da hitanoaren egoera Euskal Herrian? Zer datu dituzue esku artean?

Badihardugu euskara elkarteak Hikagin inkesta egin zuen 2023an, herriz herri hitanoaren egoera zein zen jakiteko. Inkesta herritarren pertzepzioan oinarrituta dago, eta 4.215 erantzun jaso zituzten, 287 herritakoak, zazpi probintzietatik. Ezin da esan egoera orokorra oso ona denik: inkesta bete zuten gehienek –%55ek– egoera eskasa edo oso txarra dela diote. Udalerri euskaldunetan hitanoaren pertzepzioa hobea da. Arnasguneetan, adibidez, %29k ikusten dute hitanoa egoera kaskarrean. Gainerakoek egoera nahiko onean ikusten dute, toka bereziki. Noka, aldiz, okerrago.

Itxaropenerako datuak ere badaude: hitanoarekiko interesa dago eta herri askotan hitanoa biziberritzeko egitasmoak egiten ari dira (hamarretik lauk diote hori). Ematen du kontzientzia bat badagoela, hitanoaren aldeko olatu moduko bat. Gainera, garai batean izan zuen ospe txarra gutxitzen ari da (hamarretik zazpik ez dute ezer txarrik entzun).

Urola Kostan euskara nahikoa osasuntsu dago; herri guzti-guztiak ez, baina batzuk arnasguneak dira. Dena den, ba al dakigu zein den hitanoaren egoera?

Urola Kostan ez da hitanoaren erabilera neurtu. Dakigula, Zumaian Xabier Azkuek eta Azpeitian Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza ikertzaileek hitanoak bizi duen egoera aztertzeko hainbat ikerketa egin dituzte. Bai Zumaian, bai Azpeitian ateratako ondorioetako bat izan zen seme-alabei neurri txikiagoan egiten zaiela hika. Xabier Azkuek ere adierazi zuen Zumaian bai haurrek, bai gazteek hitanoko forma desegokiak erabiltzen dituztela, gazte-helduagoek ez dituztela hitanoaren paradigma guztiak ezagutzen, ez batukoak ez Zumaiakoak.

Datu zientifikorik ez dugu, beraz, modu 'ez-akademikoan' entzuten, ikusten dugunari buruz aritu gintezke. Edozein kasutan, hitanoaren erabilerari buruz ezin da hitz egin generoen arteko arrakalaz hitz egin gabe; izan ere, mutilak konturatu ere egin gabe hasten dira hika egiten, umetatik; neskek, ordea, hautu kontzientea egin behar dute (normalean, egitekotan, gaztaroan egin ohi dute). Gainera, mutilek erreferente pila bat dituzte, neskek ez hainbeste. Baina mutilen arteko erabilera ere jaisten ari da aurreko belaunaldietatik oraingoetara, adibidez, senideen artean hika egiteari dagokionez.

Azken urteetan Urola Kostan hitanoa eta bereziki noka hauspotzeko ekintzak egiten ari dira: Azkoitian Hike Eizan egitasmoa eta ikastetxeetan tailer eta hitzaldiak; Orion behin baino gehiagotan egiten dute ikastaroa eta aurten ere egitekoak dira; Zarautzen ere behin baino gehiagotan egin dituzte noka ikastaro motzak; Zestoan ere hitano ikastaroa egin zuten duela urte batzuk...

                                                             

Noka ez dagoela inon osasuntsu esan duzue elkarrizketa batean. Toka dezente jendek egiten du, baina noka askoz ere gutxiagok, ezta? Zenbaterainoko larria da egoera?

Beste galdera batekin erantzutea izango da baina, galdetuko bagenu zenbaterainoko larria den euskararen egoera zer erantzungo genuke? Bada, hitanoaren egoera euskararena baino larriagoa da, eta nokarena are eta larriagoa. Datu kuantitatibo esanguratsu zenbait emate aldera, Beñat Muguruzak eta Garbiñe Bereziartuak Azpeitian egindako ikerketa baten arabera, 12-18 urte bitarteko mutilen %90etik gora hika aritzen diren bitartean, hika egiten duten neskak %5era ere ez dira iristen. Herri bertan eta ikertzaile berberek 2020an egindako beste ikerketa batek ere erakutsi zuen semeei hika egiten dieten gizonezkoak %48,5 diren bitartean, alabei noka %14,7k egiten dietela eta amen %11,7k; amek semeei hika %17,3k. Amasa-Villabonan ere egin zuten ikerketa kuantitatibo bat (2021), eta bertan ikusi zuten seme-alabak zituzten amen %3k soilik egiten diotela alabari hika; semeari, aldiz, %10ek.

Azkuek ere 2000n Zumaian hika noiz-norekin-nola erabiltzen den aztertzeari ekin zionean, adierazi zuen hasiera-hasieratik nokaren ahulezia bistan geratu zela, gizonezkoen aldean nekezago topatu baitzituen hitanoz jarduteko nolabaiteko ohitura zuten emakumeak. Toka erabiltzen jarraitzen duten beste herri batzuetan ere nokaren transmisioa etenda dago: ez dago noka egiten duen 50 urtetik beherakorik.

Zergatik galdu da hainbeste hitanoaren erabilera? Genero rolek horretan eragina izan dutela aipatu izan duzue...

Hitanoaren gainbehera orokorra izan da, hizkera hori gaizki ikusia egon delako: baserritarren hizkeratzat hartzen zen, hizkera zakartzat... eta baserritarrak gutxietsita zeuden. Nokaren kasuan, berriz, aurreiritzi horiei genero rolak gehitu zitzaizkien: emakumeak fina izan behar zuen eta ez zen egoki ikusten hari hika egitea; gainera, ez zuen parte hartzen hitanoa bizirik zegoen eremu informaletan (tabernak, kirolak, ehiza eta abar)... Ikastetxeetan ere hizkera formalari eman zaio garrantzia, eta informala alboratu egin da.

Euskaraldia dator aurki, eta euskararen erabilera sustatzeko ez ezik, zenbait herrik hitanoa sustatzeko ere baliatuko dute ariketa kolektiboa. Zer da Euskaraldia Hika? Zer helburu du?

Euskaraldia Hika egitasmoan 83 herrik parte hartuko dute. Oso kopuru polita da. Euskaraldiaren baitan zukaz gainera hika erabiltzera bultzatzen duen egitasmoa da Euskaraldia Hika. Euskaraldiko txapan H-a ipintzea litzateke, eta adierazi nahi du "nahi baduzu, nirekin hika egin dezakezu". Ez dago hika jakin beharrik H-a ipintzeko. Entzun nahi izatea nahikoa da, solaskideari hika hitz egiteko aukera ematea. Helburua hitano hiztunak aktibatzea eta sortzea da, eta hitanoa plazaratzea.

Nola parte har dezakete herritarrek? Eta zer egin behar dute han parte hartuko dutenek?

Euskaraldia.eus webgunean sartuta edo kalean jartzen dituzten mahaietan eman daiteke izena. Euskaraldia Hikan izena eman duten herrietako biztanleek galdera bat gehiago izango dute izen emate formularioan. Euskaraldia Hikan parte hartu nahi duten galdetuko zaie. Baietz erantzuten dutenek txaparekin batera H-a eskuratuko dute.

Urola Kostako hainbat herrik eman dute izena Euskaraldia Hikan. Uste duzue eskualde honetako herritarrek, bizimodua euskaraz egiteko aukera dutenek, erronka bezala jar dezaketela hitanoaren erabilera areagotzea?

Bai, Urola Kostan erronka nagusia nokaren erabilera areagotzea litzateke, batik bat, toka nahikoa osasuntsu baitago. Euskaraz bizi diren herrietan hika egitea erronka polita izan daiteke.

Hitanoa erabiltzeko ohiturarik ez duten eskualdeko herritarrei, zer esango zeniekete haiek zirhikatzeko?

H-a behintzat jartzeko eta euren buruei hika entzuteko aukera emateko. Gutxien espero duzun tokian ere hika egiten dakien hiztunen bat egon daiteke, eta hanka sartzeko lotsarik ere ez izateko, sorpresa politak hartzeko eta emateko, ondo pasatzeko... gutxienez, hikaren aldeko interesa erakustea ez dela gutxi. Kontzientzia hartzeko balio dezake. Adibidez, H-a duen lagun taldea identifikatuz gero, hurrengo urratsa hika ikastaro bat antolatzea izan daiteke. Hika egiten ikastea ez da hain zaila; ohitura aldaketa da gehien kostatzen dena, eta Euskaraldia Hika oso aproposa da horretarako.

Euskaraldia Hikaz gain, beste hainbat proiektu dituzue esku artean. Zeintzuk dira horiek?

Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatuko dugu aurten eta Euskal Herriko II. Hikadromoa ere bai, iazkoa arrakastatsua izan zelako. Udalekuetan (bertso udalekuak eta Salto! udalekuak) hika txertatzen saiatuko gara, praktika onen dekalogo bat ere prestatuko dugu... Hainbat bide jorratuko ditugu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide