Euskaraldia 2025

"Nahiz eta oso euskaldunak izan, adi jarriz gero, kalean ez da beti euskara entzuten"

Kris Fernandez 2025ko mai. 13a, 15:34

Joxe Mari Unanue eta Aitziber Besga, Orio-Aiako eta Azpeitiko Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Euskaraldiaren laugarren edizioa maiatzaren 15ean hasi eta 25ean bukatuko da. 11 egun izango dira euskararen erabilera aktibatzeko eta herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko. Baina 11 egun horiek behar bezala joateko, atzeko lan asko egin beharra dago, eta horretaz asko dakite Joxe Mari Unanuek eta Aitziber Besgak, Orio-Aiako eta Azpeitiko Euskaraldiaren koordinatzaileek, hurrenez hurren. Euskaraldiko aldizkari bereziko edukia da honako hau.

Elkar mugituz egingo dugu lelopean dator aurtengo udaberrian egingo den Euskaraldia. Zer helburu edo asmo ditu hastear den laugarren edizioak?

JOXE MARI UNANUE: Nire ustez, aurreko edizioek izan zituzten helburuen antzekoak ditu aurtengo Euskaraldiak ere: euskaldunon artean euskaraz hitz egitea, eta euskaraz ulertzen dutenei euskaraz egitea. Horren inguruan kokatu da aurtengo egitasmoa.

AITZIBER BESGA: Hori da. Horrez gain, euskaldun berrientzat leku bat eskaintzea ere bada asmoa, euskaldun zaharrei gerturatu daitezen.

Zeintzuk dira aurtengo berrikuntzak?

A.B.: Entitateei dagokienez, lanketa sakona egiteko aukera eman da aurten: entitatearen barnean azterketa egin, hizkuntza ohiturak aldatu behar diren begiratu eta abar.

J.M.U.: Bestalde, Euskaraldia Hika sartu da aurten, ZirHika taldearekin lankidetzan antolatu dena. Herri bezala eman behar da izena bertan, eta esan dezakegu Urola Kostan herri gehientsuenak animatu direla. Horrek esan nahi du herri horietako herritarrek parte har dezaketela egitasmoan, eta horretarako, txapan itsatsi ahalko den H jartzen duen pegatina bat beharko da. Txaparekin batera emango da pegatina hori. Belarriprest gisa funtzionatuko du horrek hitanoari dagokionez, alegia, berari euskaraz eta gainera hikaz hitz egiteko eskatzen die gainontzekoei.

Kolektiboki nahiz banaka parte har dezakete herritarrek Euskaraldian. Zeintzuk dira bideak?

J.M.U.: Iazko rol berdinak mantentzen dira: ahobizi eta belarriprest. Ahobizi rola denei euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu nahi duenarentzat da, hau da, lehenbiziko hitza euskaraz egitea, eta besteak ez duela ulertzen esan arte, euskaraz jarraitzea, nahiz eta ez erantzun euskaraz. Hori izaten da normalean zailtasun handiena. Belarriprest-ak, berriz, jakintzagatik, beharragatik edo ohituragatik, Euskaraldiko egun horietan beraiekin euskaraz hitz egitea nahi dutenak dira.

A.B.: Euskaraldian izena ematea nahi duten herritarrek bi modu dituzte: Euskaraldiaren webgunean edo herriz herri jarriko diren informazio mahaietan. Enpresen kasuan, horiek ere izena eman beharko dute. Hori bai, lehenbizi herri bakoitzeko batzordeak izena eman beharko du herri gisa, eta ondoren eman behar dute izena entitateek. Behin hori eginda, azterketa sakonean parte hartzeko aukera izango dute. Martxoaren hasieran itxi zen, ordea, entitateen azterketa egiteko aukera; dena dela, izena ematen jarrai dezakete, norbanakoek bezalaxe.

Izen emateak zer moduz doaz zuen herrietan?

A.B.: Ondo doa, normalean azken egunetan izaten dira izen emate gehienak eta. Azpeitiko kasuan, adibidez, nabarmentzekoa da entitateen izen ematea; izan ere, 50ek baino gehiagok eman dute dagoeneko.

J.M.U.: Aian eta Orion gauza bera ari da gertatzen, poliki-poliki ari dira izena ematen herritarrak. Egia da lanketa berezia egingo dugula txapak banatzen hasten garenean, eta espero dugu orduan jende gehiagorengana iristea eta horiek ere izena ematea Euskaraldian. Baikorrak gara, baina gero ikusi beharko da.

Zer moduz joan dira aurreko lanak?

J.M.U.: Oso ondo joan dira. Jendea animatu zen bi herrietan, eta batzordeak eratu genituen. Herritarrak laguntzeko gogoz daude, eta egia esan, oso ondo etortzen da babes hori. Orokorrean, lana egiteko gogoa ikusten da, eta pozgarria da.

A.B.: Azpeitian, berriz, herritarrak baino gehiago, ikastetxeetako ordezkariak iritsi zaizkigu. Hala, herrira nahiz ikastetxeei begira ari gara lanean, baina, batik bat, ikasleetan ari gara fokua jartzen, uste baitugu horien bidez irits gaitezkeela familietara.

Zer nolako egitarauak prestatu dituzue?

J.M.U.: Programazioa egiten hasiak gara, gure kasuan, herri bakoitzaren ezaugarrien eta biztanleen arabera. Ekitaldiak, ordea, denetarikoak izango dira. Orio eta Aia, adibidez, oso herri desberdinak dira, biztanle kopuruari eta horien gustuei dagokienez. Herri bakoitzak du berezi egiten duen zerbait.

A.B.: Hamaikakoa aurkeztu ondoren, Euskaraldiko egunetan zentratuko gara. Azpeitian, Hikari begira izango dira ekintza asko, baita euskaldun berriei begira ere. Hika eta batez ere noka indartzea lortu nahiko genuke nolabait.

Hitanoa indartzea aipatu duzu. Herri oso euskalduna izatearen ondorioa al da hori?

A.B.: Bai, dudarik gabe. Azpeitiarrek, askotan, ez dute Euskaraldiaren behar hori sentitzen. "Hau zertarako?" da informazio mahaietan gehien entzuten den galdera, eta hori, azkenean, egunerokotasunean euskaraz bizi garelako da. Baina, agian, ez gara ohartzen Euskaraldia ez dela euskaraz hitz egiteko ariketa bat soilik, hizkuntza ohiturak aldatzeko dela baizik. Beraz, Euskaraldia Hika herritarrentzat beste motibazio bat izan daiteke.

J.M.U.: Guri ere antzeko zerbait gertatzen zaigu, eta lanketa berezia egingo dugu hitanoaren inguruan.

Zer sentipen dituzue zuek Euskaraldiari begira?

J.M.U.: Nik baikortasunez begiratzen diot. Gero emaitzak ikusi beharko ditugu, baina, hasiera batean behintzat, baikorra naiz. Aurrez esan bezala, Euskaraldia Hika berrikuntza da. Toka aritzeko ohitura badago eskualdean, baina nokaren arloan hutsune ikaragarria dago, eta horri itzulia ematea espero dugu, hortik etorriko da arrakasta. Eragina izaten hastea espero dugu behintzat.

A.B.: Positibo hitza hartu, eta mahai gainean jartzea da egokitzen zaiguna. Zalantzarik ez dut jendeak parte hartuko duela, ekitaldiak izango dira, eta giro ona ere bai. Udaberrian ospatzeak eragina ere izango duela uste dut, etxetik gehiago ateratzen gara, eguraldi hobea egiten du… Esperantza badugu.

Urola Kosta Euskal Herriko euskaldunenetakoa da. Zer garrantzi dute Euskaraldia gisako egitasmoek? Zertan eragin dezake?

J.M.U.: Jendeak gauza bera galdetzen du, baina nahiz eta oso euskalduna izan, belarria adi jarriz gero, kalean ez da beti euskara entzuten. Ziur asko, nahiko genukeena baino gutxiago entzungo dugu. Horren aurrean bakoitzak pentsatu behar du zer egiten duen eta zer egin dezakeen. Polita izan daiteke Euskaraldia euskararekin lotura horiek sortzeko. Askotan jende askori ez gatzaizkio euskaraz zuzentzen euskaraz ez dakitela pentsatzen dugulako, batik bat, atzerritarren kasuan.

A.B.: Azken finean, egunerokotasunean ohituta gaude euskaraz hitz egitera, bizitzera, baina eremu horretatik irteten garen unean, oso erraz jotzen dugu beste hizkuntzetara: herriz aldatzean, hirietara joatean edota gure aurretik dagoena euskara ez den beste hizkuntza batean hitz egiten sumatzean. Enpatia sentitzen dugu besteekiko, eta beste hizkuntza batzuetara jotzen dugu. Horregatik, gureari eusteko ohitura indartzeko balio lezake Euskaraldiak.

Zer eman diezaioke Euskaraldiak eskualdeari? Eta alderantziz?

A.B.: Eskualdeak euskara eman diezaioke Euskaraldiari, eta beraz, inguruari. Gu oso euskaldunak garela ikusita, gainontzeko herriei zuzen eragin diezaiekegu. Kanpotik datozenek gu euskaraz hitz egiten entzuteak, euskaraz nola bizi garen ikusteak, haiek ohartarazi ditzake, eta ingurua indartu dezakegu.

J.M.U.: Eredu izan gaitezke. Ez dakit zer sentipen izan ditzaketen euskaldunak ez diren herrietakoek, baina, agian, ezinezkotasun horretatik ikus dezakete, eta hor eragin genezake.

Euskaraldia maiatzaren 25ean amaituko da. Egun horretatik aurrera, zer gertatuko da euskararekin?

A.B.: Aurrez esan ditugun puntu guztiei erantzuna emanda egotea gertatu beharko luke.

J.M.U.: Ederra izango litzateke egun horietan lortuko denari eustea, denbora batez behintzat. Bi urtez behin etortzen da Euskaraldia gogoraraztera, baina, zenbat eta gehiago iraun, orduan eta jende gehiagorengana iritsiko litzateke eragina, eta hori izango litzateke politena.

A.B.: Euskaraldiak 11 eguneko iraupena du, ezin delako urte guztira luzatu, indarra galtzen joango litzatekeelako, baina bi urtez behin eta edizioz edizio indartzen joaten bada, geroz eta jende gehiagorengana iristea lortuko genuke, eta horrela lortuko dugu euskara indartzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide