Babestutako edukia

Kutxa Fundazioak hiru milioi euro bideratu ditu berrikuntza soziala sustatzeko ezohiko laguntza programara

Erredakzioa 2025ko mai. 8a, 08:00

(Kutxa Fundazioa)

Gipuzkoa Aliantzan 2025 laguntza programaren helburua da Gipuzkoako eragile sozialek eta ekonomikoek, aliantzetan elkartuta, berrikuntza sozialeko proposamenak aurkeztea. Proposamenak aurkezteko epea zabalik izango da irailaren 30eko 14:00ak arte. Programaren xehetasunak azaltzeko saioa egingo dute maiatzaren 29an, Donostiako Tabakaleran.

Kutxa Fundazioak, bere Plan Estrategiko berriaren baitan, Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko ezohiko laguntza programa abiarazi du, guztira hiru milioi euroko aurrekontuarekin.

Ezohiko deialdia 2025. urtean bakarrik gauzatuko da, eta lurraldeko hainbat eragileren aliantzek egituratutako, eraldatutako eta elkarlanean garatutako gizarte berrikuntzako proposamenak bultzatzera bideratuta dago, Gipuzkoako gizarte erronka garrantzitsuenei erantzungo dieten ekimenak babesteko, berrikuntzaren, lankidetzaren eta konpromiso kolektiboaren kultura sustatuz.

Programa hori hiru helburu estrategiko handiren inguruan egituratzen da, eta helburu horiek Kutxa Fundazioaren etapa berri honetako inpaktu sozialaren lehentasunezko eremuak definitzen dituzte.

Lehenik eta behin, STEAM bokazioak sustatu nahi dira, herritarren interesa eta parte hartze aktiboa piztuz, bereziki haurrena eta gazteena, eta ikaskuntza formalean zein ez formalean gerta daitezkeen ikaskuntza aukera esanguratsuak eta inklusiboak sustatu nahi dira.

Bigarrenik, ezagutzaren kulturaren bidez herritarren ikaskuntzak eta gaitasunak aktibatzen lagundu nahi da, pentsamendu kritikoa sustatuz. Ildo horretan, Gipuzkoako herritarren artean arteen eta zientzien inguruko interesa, estimua eta jakin-mina sustatzen duten ekimenak bilatuko dira, eraldaketa ekosozialekin lotutako gai garrantzitsuei buruzko ezagutza zabaldu dezaketeenak.

Azkenik, lehentasunezko ardatz gisa ere ezartzen da pertsonen eta erakundeen gizarte eta ingurumen konpromisoa indartzea, eta 2030 Agendaren helburuak lortzeko inplikazioa. Erronka horretan, garrantzi berezia hartzen du 18. Garapen Jasangarrirako Helburua (GJH) aktibatzeak, hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta onarpena bermatzen baitu garapen pertsonal eta sozialerako ezinbesteko faktore gisa. Beraz, ongi etorriak izango dira berariaz hori sustatzen duten ekimenak.

"Zentzu horretan, hiru helburu horiek, aldi berean, zeharkako ardatz batzuei erantzuten diete, hala nola pentsamendu kritikoa, aniztasuna, berdintasuna eta feminismoa, baita jasangarritasuna, euskara, kultur ondarea eta gobernantza ireki eta kolaboratiboa ere", adierazi du Kutxa Fundazioko Garbiñe Etxezarretak.

Etxezarretaren iritziz, aurkezten diren proposamenek helburu bati, biri edo hirurei batera heldu ahal izango diete: "Horiek modu integratu eta egituratuan planteatu beharko dira, planteatutako helburu baten edo gehiagoren inguruan sinergiaz lan egiten duten proiektuen multzo koherente gisa, begirada sistemiko eta eraldatzaile batekin".

Hainbat erakunderen arteko aliantzei zuzenduta dago deialdia, eta, besteak beste, hirugarren sektoreko erakundeak, administrazio publikoak, ikastetxeak, enpresak eta herritar antolatuak bildu daitezke.

Inbertsio estrategikoa

 Kutxa Fundazioak hiru milioi euro bideratuko ditu ezohiko deialdi honetara, lurraldeko berrikuntza sozialaren eremuan orain arte bultzatutako garrantzitsuenetakoa bilakatuz, eta aurkeztutako aurrekontuaren %80 emango die proposamen onuradunei, gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzeko. Deialdiaren aurrekontua agortu arte finantzatuko dira proposamenak, betiere Kutxa Fundazioak egokitzat jotzen duen kalitate maila gainditzen badute.

Ekimenarekin "urrats bat" eman nahi dute lankidetzan, berrikuntzan eta eragin kolektiboan oinarritutako gizarte ekintzaren eredu baterantz. Hala azaldu du Etxezarretak: "Programa honek gonbidapen irekia izan nahi du gako berriak sortzeko, Gipuzkoa bidezkoagoa, konprometituagoa eta erresilienteagoa izan dadin egungo eta etorkizuneko erronken aurrean".

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago dagoeneko, eta irailaren 30eko 14:00ak arte egongo da aktibo. Eskabideak Kutxa Fundazioaren webgunean eskuragarri dagoen deialdien atariaren bidez aurkeztu beharko dira. Deialdiaren gaineko xehetasun guztiak honako lotura honetan kontsulta daitezke.

Maiatzaren 29an Gipuzkoa Aliantzan 2025 programari buruzko informazioa eskaintzeko, zalantzak argitzeko eta elkar ezagututa aliantzak errazteko saioa egingo dute Donostian. 9:30etatik 13:00etara izango da hitzordua, Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide