Anjel Lertxundi (Orio, 1948) idazleak literaturan egindako 50 urtetik gorako ibilbide oparoa liburu batean bildu dute Beatriz Zabalondok eta Alex Gurrutxagak. Anjel Lertxundi: idazlea eta obra izenburupean argitaratu dute liburua, eta atzo iluntzean aurkeztu zuten Garoa liburu dendan. Hainbat herritar gerturatu ziren aurkezpen ekitaldira, eta arreta osoz entzun zituzten Zabalondoren eta Gurrutxagaren kontuak, baita liburuko protagonista Anjel Lertxundirenak ere.
2022ra egin behar da salto proiektuaren abiapuntua ulertzeko. Izan ere, Zabalondok kontatu zuenez, urte hartan Lertxundiren inguruko zerbait egin behar zutela pentsatu zuten Gurrutxagak eta biek: "Euskal kulturari eta literaturari egin dion ekarpena oso handia da, eta ez zegoen lan horren inguruko ikerketarik. Uste genuen beharrezkoa zela zerbait egitea".
Hori hala, 2023an, EHUko udako ikastaroen barruan, Anjel Lertxundi: idazlea eta obra ziklo monografikoa antolatu zuten, eta ikertzaile mordoak parte hartu zuten bertan. Horrez aparte, 2023ko ekainean idazlea omendu zuen Zarauzko Udalak, Zarauzko Kultur Merezimenduaren Dominarekin. Hain justu ere, ikastaro eta omenaldi horietako hitzaldiak biltzen ditu atzo aurkeztutako liburuak.
Gurrutxagak azaldu zituen liburuaren nondik norakoak, eta berak kontatu zuenez, hiru atal nagusitan dago banatuta. Sarrerako testuak Gabriel Aresti Katedraren zuzendari Patxi Juaristik, Bingen Zupiriak eta Lertxundik berak idatziak dira. Bigarren zatian testu "akademikoagoak" direnak bildu dituzte: esaterako, Lertxundiren obraren saiakerari buruz idatzi du Beñat Sarasolak, nobelagintzaren eboluzioaz Iratxe Retolazak, kritika feministatik Lourdes Otaegik, itzulpengintzaz Idoia Santamariak, haur literaturaz Xabier Etxanizek eta Alex Gurrutxagak, zineaz Iñaki Lazkanok eta Ainhoa Fernandez de Arroiabek eta zinemako hizkeraz Beatriz Zabalondok.
Hirugarren eta azken ataleko testuak bost dira. Hiru Zarauzko ekitalditik ateratakoak dira, Andoni Egañak, Iñigo Astizek eta Uxue Alberdik idatziak. Beste biak, berriz, "Anjel asko eta oso ondo ezagutzen zuten" Juan Kruz Igerabidek eta Lertxundiren editore eta itzultzaile zen Jorge Gimenezek idatzi zituzten. 2023an zendu zen Jimenez, eta urte hartan udako ikastaroetan irakurritako testua dago jasota liburuan.
Horiez gainera, udako ikastaroetan parte hartu zuten baina liburuan idatzi ez dutenen lana ere aipatu zuen Gurrutxagak: esaterako, horien artean daude Antton Olariaga eta Danele Sarriugarte.
Gurrutxagaren esanetan, "liburu hau ez da lan akademiko huts bat, irakurle arrunt batek gozatzeko moduko zerbait baizik". Gaineratu zuen ikertzaile bakoitzak bere alorrari lotutako azterketa egin duela, "testuen maila handia bermatuz". Zabalondok, bere aldetik, atzoko aurkezpen ekitaldia baliatu nahi izan zuen parte hartzaile guztiei eskerrak emateko. Hunkituta eta malko artean esan zituen ondorengo hitzak: "Atea jo genuen leku guztietan oso esker onez jaso zuten proposamena. Oso polita izan da jendeak Anjel zenbat maite duen ikustea".
Lertxundik oso adi jarraitu zituen bi egileen hitzak, eta beraiei zuzenduta, ondorengoa esan zuen: "Oso eskertuta nago zuei egin duzuen lanagatik, baita udako ikastaroetan zein Zarauzko ekitaldian parte hartu zutenei ere". Halaber, liburuak jada ahaztuta zituen zenbait testu gogorarazteko balio izan diola ere gehitu zuen: "Nitaz ikasi dut".
Gabriel Aresti Katedra
Liburu hau Gabriel Aresti Katedrak argitaratu du, eta bildumako lehenengoa da. Duela hiru urte inguru sortu zuten Gabriel Aresti Katedra, Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, "euskal sormena eta euskal kultura biltzeko eta erakusteko" helburuarekin.
Zabalondok kontatu zuenez, bildumako lehenengo liburua Lertxundiren inguruko monografikoa izan da "Lertxundi maisu bat delako". "Euskal kulturaren erreferente bat da", egin zuen azpimarra. Bi egileek gaineratu zuten Anjel Lertxundi: idazlea eta obra "abiapuntu" bat dela, eta irakurle nahiz ikertzaile guztiak animatu zituzten liburuan murgiltzera eta "maisuaren" obra ikertzen jarraitzera. "Guretzat opari bat izan da liburua", gehitu zuen Zabalondok ekitaldiaren amaieran.