Badator, badator Korrikaren 23. aldia ere. Gaur, Donostiako San Telmo museoan, aurkeztu du AEK-k bi urtez behin zazpi luraldeak zeharkatzen dituen euskararen aldeko mobilizazioa. 2024ko martxoaren 14an Irunen (Gipuzkoa) hasi eta hamar egunera, martxoaren 24an, Baionan bukatuko da 23. Korrika.
Ibilbide osoa-eta aurrerago zehaztuko dituzte, baina datak eta hasierako eta bukaerako herrien izenak ez ezik, leloa ere jakinarazi dute antolatzaileek aurkezpen ekitaldian: Harro Herri. "Aurreko edizioko parte-hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro korrikan", azaldu dute antolatzaileek aukeratutako leloaren zergatia. "Korrikak herri aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako indar erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan", gaineratu du Aitziber Balantzategi AEK-ko artezkaritza kontseiluaren lehendakari eta Korrika batzordeko kideak. Harrotasuna konformismoarekin ez dela nahastu behar zehaztu du, ordea, Balantzategik, eta erakundeek euskararen normalizazioan duten "ardura garrantzitsua" ere ekarri du gogora: "Herritarren ahaleginarekin batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte". AEK-k, bere aldetik, eta orain arte bezala, Korrikan jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko du Euskal Herri osoan.
Ipar Euskal Herriko gazteei aitortza
23. Korrikak Ipar Euskal Herriko gazteei aitortza berezia egingo die. Izan ere, Azterketak Euskaraz kolektiboa izango da datorren edizioko omendua. Frantziako Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen du gazte kolektibo horrek, "beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua" eginez, "beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun", Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak nabarmendu duenez.