Arnasguneak indartsu jagoteko bideen bila

Arantxa Iraola ('Berria' egunkaria) 2023ko abu. 10a, 09:00

Hainbat lagun elkartu ziren joan zen martxoan Azpeitian egin zuten Uemaren batzarrean.

Urteak dira lehen zantzuak agertu zirela, eta ordutik hainbat datuk berretsi dituzte arnasguneetan dauden zenbait arazo. Uema da eremu horien defendatzaile irmoenetarikoa, eta egiturazko neurriak eskatzen ari da. Zeharkako politika batzuekin bideratu behar dira neurri horiek: arazoaren osotasunari begira. Berria egunkarirako arnasguneen ahultzeaz erreportajea egin du Arantxa Iraolak.

Ez dira susmo eta pertzepzioak bakarrik. Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, Ueman, aspalditxotik dute kezka herri euskaldunenetan euskara atzentzen ari ote diren, baina bertako koordinatzaile Miren Segurolak gogoratu nahi du ikerketa soziolinguistikoetan ere argi azaltzen ari dela errealitate hori, berretsita. Ateratzen diren ikerketa "ofizial" guztiak aztertzen dituzte horretarako, azterketa "propioak" ere egiten dituzte, eta kezkarako motiboak badira. "VII. Inkesta Soziolinguistikoa bera hartzen baduzu, eta hiru adierazle nagusiak aztertzen badituzu, ematen du datuak ez direla hain txarrak, baina xehetasunetan sartzen bazara, eta hirugarren guneko eta laugarren guneko datuak ikusten badituzu, edo alderatzen badituzu zentsuko datuekin, guretzat badaude adierazgarriak diren kontuak".

Segurolaren adierazpenean bada egoera bere konplexutasun osoan ulertzeko ezinbestekoa den ñabardura bat; hirugarren eta laugarren guneak aipatu ditu; alegia, gune euskaldunak, eta euskaldunetan euskaldunenak. Izan ere, euskararen trinkotasun galera eremu euskaldunenetan gertatzen ari da batez ere, eta tankerako sailkapenei ondo erreparatu behar zaie egoera doi aztertzeko. Inkesta Soziolinguistikoak erabiltzen dituen irizpideen arabera, hirugarren gune deituan herritarren %50-%80 artean dira euskaldunak; laugarren gune deituan, %80tik gora. Baina zona bakoitzean euskarak duen trinkotasunari erreparatzeko, badira sailkapen gehiago ere. "Udalerri euskaldunak eta arnasguneak". Bereizketa hori egiten dute, adibidez, Ueman bertan. Lehena zedarritzeko, ezagutza bakarrik hartzen dute aintzakotzat; euskararen ezagutza %70 gainditzen duten udalerriek dute udalerri euskaldun izendapena. Arnasgune bat zer den zehazteko, erabilerari ere erreparatzen diote.

Azterketa demografikoei ere tentu handiz begiratzen diete mankomunitatean, eta aldaketa demografikoek izaten dituzten ondorioei. "Azken urteotan argi ikusi da, esate baterako, udalerri euskaldunetan jaiotzen diren umeen %30ek guraso atzerritarrak dituztela", esplikatu du Segurolak. Horrek eragina du hizkuntzaren bilakaeran. "Ikastetxeetan, gaitasun erlatibora begira, asko antzematen da".

Horra argitzea komeni den beste kontzeptu ezinbestekoa: gaitasun erlatiboa. "Pertsona bat errazago zer hizkuntzatan moldatzen den: hori da", zehaztu du Segurolak. Eta ugaritzen ari dira, herri euskaldunenetako eskoletan ere, euskara etxean jaso ez duten haurrak, eta, ondorioz, eskolan hastean usu euskara hizkuntza gaitasun urria dutenak.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berriaren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide