Iñigo Manterola: "Kolaborazioak erronkak dira niretzat"

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 8a, 11:00

Iñigo Manterola aste honetan bere estudioan Realeko elastikoa diseinatzeko egindako lanekin. (Onintza Lete Arrieta)

Momentu onean da Iñigo Manterola (Orio, 1973) Zarauzko bizilaguna: Realaren elastiko berria diseinatu du, eta pandemiagatik itxitako galeria zabalduko du laster Donostian.

Margolaria eta eskultorea zara. Nolatan animatu zara kamista bat diseinatzera?

Martin Argiñano lagunak gonbidatu ninduen Eindhovenen partida bat ikustera iaz [Herbehereetako futbol klub bat da], eta taldean afaltzen ari ginela, komentatu nuen gustatuko litzaidakeela Realaren elastikoa diseinatzea, baita pentsatuta neukala zer egin nahi nuen ere. Realeko ordezkari bat zegoen gure artean, nik jakin ez arren, eta hark esan zidan hitz egingo zuela nire proposamenaz. Hurrengo egunean Jokin Aperribai Realeko presidentearekin-eta bazkaldu nuen, eta beraiek atera zuten gaia; Aperribaik esan zidan neuk diseinatuko nuela datorren urteko kamiseta. Momentu hartan ez nuen sinestu, baina hala abiatu zen guztia. 

Hori izan zen hazia.

Bai. Eta lanean hasi nintzen: bozetoak egin nituen, eta erakutsi nizkienean, asko gustatu zitzaizkien. Egia esan, oso erraza izan da beraiekin lan egitea. Nik argi nuen zer nahi nuen irudikatu: klub askok dituzte marra bertikalak beren elastikoetan, eta horiek oso planoak dira; bi dimentsiotakoak. Eta nik hiru dimentsiotara ekarri nahi nituen. Realeko elastikoari mugimendua, bolumena, eman nahi nizkion. Duela hamabost-hamasei urtera arte margolaria izan naiz; gero pasatu nintzen eskulturara, eta diseinua sortzeko, bi alderdiak baliatu ditut: marrazkiak bai, baina baita eskultura bat ere. Azkenean, eskulturaren argazkia erabili dugu diseinua egiteko; ez da diseinu digital bat izan. 

Berezia dirudi kontatu duzun prozesuak; alegia, eskultura batetik abiatzea elastiko edo arropa baten diseinua...

Nahiko berezia dela esan didate, bai. Azken xehetasunak erabakitzen Bolognan [Italia] izan ginen Macron etxekoekin iazko uztailean, eta asko gustatu zitzaien erronka hau; ez da ohikoa margolari edo eskultore batek diseinatzea elastikoa. 

 

"Ezingo nukeen hau Athleticentzat egin; txikitatik realzalea izan naiz"



Elastikoa gizonentzako diseinatu duzu, ala bi taldeentzat?

Segur aski kortea ez da berbera izango emakumeen taldekoentzat, baina irudia bientzat da; biek erabiliko dutela uste dut. 

Datorren denboraldiko elastikoa da, baina joan den igandean estreinatu zuen gizonen lehen taldeak, ligako azken partidan. Hunkigarria egingo zitzaizun jokalariak kamiseta horiekin jokatzen ikustea, ezta?

Txiki-txikitatik realzalea naiz. Beraz, pentsa! Horrelako zerbait ezingo nukeen egin beste klub batentzat; argi dut hori. Galderari erantzunez, oso hunkigarria izan zen, bai. Palkoan ikusi nuen partida familiarekin eta Martin Argiñano lagunarekin; hura ere nirekin bertan egotea eskatu nien Realekoei, berari esker gauzatu delako hau guztia. Bestalde, urduritasuna ere sentitu nuen. 


Manterola, aste honetan, Zarauzko Errotaberri industrialdean duen estudioan. (Onintza Lete Arrieta)


Zergatik?

Ez genekien jendeak zer harrera egingo zion elastikoari, ez delako ohiko diseinua, arrunta; ausartagoa da, nire lanaren isla, nire ukitua duena. 

Zer feedback jaso duzu?

Denetarik entzun dut, baina %90i gustatu zaiela esango nuke, eta batzuek historiara pasatuko dela ere esan dute. Bestalde, entzun dut eta sare sozialetan ere ikusi dut, beste batzuei ez zaiela batere gustatu. Denetarik dago, baina normala da: nire eskulturak eta margolanak ere ez zaizkie denei gustatzen; onartu beharra dago hori. 

Hitzari eskainitako elkarrizketa batean esan zenuen lantzen dituzun artelanekin zure bizitza kontatzen zenuela. Txikitatik realzalea zarela esan duzu, eta azken lana ere zure bizitzaren parte izango da...

Zalantzarik gabe. Promozioko bideo batean nik 4 urte nitueneko argazki bat atera da, nire bi anaiekin, hirurok Realekoz jantzita. Horregatik esan dut ezingo nukeela diseinu hau Athleticentzat egin... Beraz, esan nuen hura azpimarratzen dut: nire bizitza kontatzen ari naiz. 

Elastikoa diseinatzeko Manterolak erabilitako marrazki, bozeto eta eskulturak. (Onintza Lete Arrieta)


Zure arte edo sorkuntza prozesuan beste ate bat ireki al da? Modara jotzeko asmorik bai?

Inola ere ez. Pentsatu izan dut marrazki batzuk egin eta elastikoetan jartzea, baina uste dut denbora asko kenduko lidakeela, ni margolaria eta eskultorea naizelako; artista bat. Puntualki egin nitzake halako gauzak, baina ez bestela. 

Kolaborazioak, alegia.

Bai, Munoa bitxi dendarekin eraztun eta bitxi batzuk diseinatu ditugu oraintsu, eta kristoren arrakasta izan dute; Katxiña txakolinaren etiketa ere nirea da, baita Kaiaren txakolinarena ere; Iban Illarramendirekin batera egin dut hori. Erronka dira niretzat, eta gustura egiten ditut.

Orain zerekin zabiltza?

Hamabost urteren ondoren, pandemiagatik Donostiako galeria itxi egin genuen, eta orain erosi dugu lokala Donostian bertan, San Bartolome kalean; irailean edo urrian zabaltzeko prestatzen ari gara dena. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide