Gutuna

Kalitate oneko zerbitzu publikoek kalitatezko enplegua!

Urola Kostako LAB 2023ko mai. 19a, 09:00

LAB sindikatuak azaldu duenez, Urola Kostako udaletan idazki bat erregistratzen ari da egunotan –Azpeitian, Azkoitian, Zarautzen, Zumaian, Zestoan eta Orion–. Idazki horrek udal eta foru gobernu berriak interpelatzen ditu, sindikatuaren arabera, kalitate oneko zerbitzu publikoak "kalitatezko lan baldintzetan oinarritu" behar direlako. LABek honako gutun hau kaleratu du erakundeei egin dizkien proposamenak azaltzeko.

Herritarren beharrak asetzeko zerbitzu publikoek kalitatezkoak izan behar dute. Kalitate oneko zerbitzuak eskaintzeko kalitatezko enplegua ezinbestekoa da: langileen lan baldintzak, zerbitzuaren hizkuntza, lan osasuna, zerbitzu publikoaren eredua, publifikazioak... Funtsean, kalitate oneko zerbitzu publikoa, kalitatezko lan baldintzetan oinarritu behar da.

Negoziazio kolektiboaren eskubidea estatalizatuta eta ukatuta dago. Hala, Madrilen ezartzen dira murrizketak eta administrazio gutxi dira horiei iskin egiteko proposamenak adosten dituztenak.  LABek iniziatibak bultzatuko ditu hemen erabakitzeko: hemen lan egin; hemen erabaki!

Datorren maiatzaren 28an Euskal Herrian udal eta foru hauteskundeak izango ditugu. Ondorioz, gobernu berriak osatuko dira bai udaletan, bai foru aldundietan ere. Gauzak horrela, LAB sindikatuak hainbat proposamen mahai gainean jarri nahi ditu, datozen lau urteetan gobernu berriek kontutan har ditzaten, borondate politikorik badago horien inguruko lanketak hasi ditzagun.

Hortaz, hona hemen bildu nahi izan ditugun proposamen nagusienak:

Negoziazio kolektiboa martxan jarri beharra dago. Udalhitz akordio sektoriala 2010etik erorita dago. Udal guztiak aintzat hartuko dituen marko horren aldeko apostua egiten dugu, baina berau aktibatu ezean, udalez udal negoziazioak martxan jartzeari ekingo diogu ondorengo edukiekin:

  • Enplegu publikoa bultzatu, sortu eta egonkortu: zerbitzu publikoak garatuz kalitatezko enplegu publikoa sortu eta mantentzea exijituko dugu. Lan baldintza duinak exijituko ditugu. Behin behinekotasuna gehieneko %6koa izan dadin exijituko dugu. Lan orduak gutxitzea edota lau eguneko lan astearen ezarpena aztertzea proposatuko dugu.
  • Pribatizazioekin amaitu: publifikazio prozedurak martxan jarri behar dira. Horretarako diagnostikoak egin eta langileen parte hartzearekin lanketak gauzatu beharko genituzke. Sistema publiko indartsua eta kalitate onekoa nahi badugu pribatizazioekin amaitu behar dugu. Ezin da kalitatea lortu langileen prekaritatea mantenduz eta bultzatuz.
  • Eroste ahalmena mantendu eta azken urteetan galdutakoa berreskuratzeko mekanismoak exigituko ditugu, iniziatiba hartuz egoera berriak sortzeko. Kapitalak sortzen duen arrakala ezin du inolaz ere langileen bizkarrean jarri. Eredu berriak bilatu behar ditugu estatalizatutako sistema aldatzeko.
  • Denon bizitzak erdigunean jartzea helburu izanik udal eta foru administrazioetako langileek beren bizitza pertsonala, familia bizitza eta lan bizitza bateragarri egin ahal izateko baldintzak eta neurri berriak proposatuko ditugu.
  • Berdintasuna: zaintza zerbitzuen eta zerbitzu feminizatuen aitortza eta balorazio berriak behar dira. Horretarako, balorazio espezifikoak burutu beharko genituzke soldata arrakalarekin bukatu ahal izateko. Administrazio guztietan berdintasun planak egin planak egin, eguneratu edota indartzea exijituko dugu.
  • Euskara: azken urte zein hilabeteetan administrazioko hainbat prozeduretan euskara erasotua izan dela ikusi dugu. Marko anitzak eta bateratuak behar ditugu eraso horiei aurre egiteko. Ezin dugu atzera pausurik onartu eta dauden interes pertsonalei zein sindikatu batzuen interesei aurre egin behar diegu. Onena denok elkarrekin euskararen defentsa egin eta ofentsibarako neurriak adostea litzateke. Erasoei aurre egitez gain administrazio guztietan euskara planak egin, eguneratu edota indartzea exijituko dugu.
  • Mota guztietako murrizketei aurre egingo diegu eta egindako murrizketak lehengora daitezen exijituko dugu. Aurre erretiroen ondoriozko prima edo pizgarriak berrezarri daitezen exijituko dugu eta ezinezkoa balitz administrazioaren gaztetzea ekarriko duten alternatibak bilatu eta ezartzea exijituko dugu.
  • Lan osasunean prebentzio mekaniskoak adostu eta ezarri. Administrazio guztiek lan kontingentziak GSINekin kontrata ditzaten exijituko dugu. Langileen osasunak patronala eta mutuen esku egoteari utzi behar dio.
  • Administrazio guztietan telelana modalitatearen sistema landu eta ezartzea exijituko dugu. Deskonexio digitala kontutan izan behar dugu.
  • Euskal administazioetako langileek etengabeko formakuntza izan dezaten exijituko dugu.
  • Lizentzia eta bestalako neurrien hobekuntzak.
  • Eta abar.

Horiek dira, oro har, LAB sindikatuarentzat udal gobernu berriek kontutan hartu beharko lituzketen gai nagusiak. Euskal Herritik eta Euskal Herrirako sistema eraiki nahi dugu, euskal herritarron eskubide eta beharren neurrikoa. Bide horretan langileak antolatu, helburuak adostu eta borrokak sustatzen jarraituko dugu, izan ere, horiek guztiak izango dira gure ekintza sindikalaren oinarria.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide