Jon Salsamendi Orioko entrenatzailea izango da

Karkara 2016ko urr. 3a, 21:16

Arraunzale guztiek espero zuten albistea ofizialki publiko egin da gaur. Jon Salsamendi izango da hurrengo denboraldian Orioko A taldeko gizonezkoen entrenatzailea.

Gaur egin da ofizialki publiko. San Miguel Liga bukatu berritan hasi ziren zurrumurruak gaur konfirmatu dira. Urdaibai utzi eta Oriora etorri da Jon Salsamendi. Datorren denboraldian herriko taldea entrenatuko du.

Irailaren 22an Karkarak egindako elkarrizketan esan zuenez, Bermeo uztearen arrazoiak pertsonalak dira. Esparru profesionalean oso proiektu anbiziosoa eta erakargarria zuen han, gustura zegoen oso. Arraun elkarteko zuzendaritzaren, arraunlarien eta herritarren errespetua zuela esan zuen eta hori estimatu egiten zuela. Bermeon bizitako urteen inguruan ez zuen hitz txarrik, eskerrak besterik ez zituen eman.

Alor profesionalean Bermeon aurkitu zezakenaren parekorik bilatuko ez zuela uste bazuen ere, esparru pertsonala medio, etapa hori bukatutzat eman du Salsamendik. Orain Orioko entrenatzailea da. Akordioaren nondik norakoak aurrerago azalduko dituztela azaldu du Orio Arraunketa Elkarteko zuzendaritzak.

Aldaketarik ez aulki mugikorrean eta B ontzian

Aurtengo denboraldian bezala, hurrengoan ere Jokin Amilibia izango da aulki mugikorreko entrenatzailea eta Iñaki Errasti B ontzikoa. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide