Aupa Ander,
(Des)berdinak artikuluko gauza askotan arrazoia duzu edo arrazoiaren arrastoan zaude baina uste dut futbolarekin gertatzen zaigun bezala gertatzen zaigula politikan: partidua bukatu ondoren denok dakigu zer egin behar zen irabazteko.
Lau urte irauten duen partidu honek era askotako jokaldiak izan ditu, atsedenaldi mordo bat eta Orain taldeak banatu dituen flyer –Orion eskuorri edo foileto– hegalarietatik saiatu gara informazioa banatzen jokaldiak antolatzeko. Jokalari oso onak egon dira partiduan, baina, aukeran gutxitxo; eta ezinezkoa baloia erdiratu eta buruz gola sartzea.
Planoak bereiztea, mailak futbolean, guztiz beharrezkoa da eta ezin da konparatu herri txiki bateko plataforma independentea eta beste mailatan jokatzen duten talde politiko handiak. Adibide txiki bat jartzearren, desberdinak dira Orion 2007-2011 legealdian talde politikoek soldatetan eta dietetan jasotzen zutena eta 2011-2015 legealdian jasotzen dutena: urtero 54.000 euro dauka izena eta %33 gutxiago abizena.
Itsurik txarrena, ikusi nahi ez duena atsotitzak irudikatzen diguna izan daiteke zure idazlaneko galdera nagusiaren erantzuna. Gauza batzuk bistan daude, begien aurrean.
Ez espero Orain taldetik promesa potolorik baina, hori bai, proiektuak eta lanak nahi dituzunak eta gehiago. Ideiak, gogoa eta izerdia.