Borja Mena, Ibai Zubizarreta eta Xabier Ruiz: "Bost hilabetetan, zentimorik gabe, bi talde ligan sartzea harro egotekoa da"

Karkara 2015eko martxoaren 2a

Argazkia: Oiartzungo Itsaslapurrak

Oiartzuar talde batekin, sekulako abenturan sartu dira hiru oriotarrak. Oiartzungo Itsaslapurrak arraun elkartea sortu dute eta, datorren udan, beren lehen denboraldia egiteko ­prestatzen ari dira.

2014ko abuztua, talde berri bat sortu da Oiartzunen; zerotik hasita, tostako arrauna konkistatzera doaz Itsaslapurrak. Bide luzea hasten ari dira, eta hiru oriotar daude taldean: Borja Mena entrenatzailea da mutilen traineruan, Ibai Zubizarreta prestatzaile fisiko, eta Xabier Ruiz laguntzera joaten da. KAEn arituko dira aurten.

Nola sortu zen Itsaslapurren proiektua?

Itsaslapurren presidentea Xabik ikasten duen tokian irakasle da, eta abuztuan jende talde bat bildu zela esan zion. Guztiak hasiberriak zirela eta entrenatzaile bat behar zutela, eta Borjaren izena atera zen. Dei bat eta pare bat bilera egin ondoren... hementxe gaude.

Hasi berriak dira, baina zuek arraunari lotuta egon zarete beti.

Orion ohituta gaude gauzek beren martxa izatera, ibilbide luzea du klubak eta engranaje guztiak ondo jarrita ditu jada. Hemen, berriz, hasieratik hasi behar da dena eta luze joango da elkarteak erritmo bat hartu arte.

Baina pentsatu genuen: berriak dira, dena dute ikasteko eta dena irabazteko. Oinarririk gabe ezin da okerrago egin, ez dugu ezer galtzeko, denbora pixka bat gehienez.

Arrauna eta lehiakortasuna bizitzeko modu oso desberdinak dira?

Bai, oso. Orion arraunlaria, entrenatzailea eta abar entrenatu ostean etxera joaten dira. Oiartzunen arraunlariak zuzendaritzako lanak egiten ari dira, entrenatzailea babesleak bilatzen ari da, bestea arroparekin dabil buru belarri... Orion genuen erosotasunetik atera gara, besteek egiten zutena hemen guk egiten dugu.

Aurrera ateratzea lortzen badugu poz handia emango digu. Abuztuan hasi zen istorio hau, eta orain 20 mutil eta 15 neska gaude buru-belarri. Bost hilabetetan, zentimorik gabe, bi talde sortzea eta ligan sartzea harro egoteko modukoa da.

San Juan arraun elkartearekin hitzarmena duzue ezta?

Oiartzunen arraun elkarte bat sortzen ari zela jakin zutenean laguntza eskaini zuten. Akordio bat dago bi taldeen artean. Neskak San Juaneko taldearekin ari dira entrenatzen, eta materiala ere uzten digute. Instalazioak uztearen truke, beren taldean sartzen ez direnentzat tokia egingo dugu guk.

Pixkanaka zoaztela esan duzue. Zein da zuen helburua?

KAE ligan izena eman dugu, eta gure helburua aurten arraunean ikasten hastea da, oinarri bat jartzea, urtez urte hobetzen joateko. Azken finean, denak hasi diren bezala hasiko gara. Kontua da, azken urteetan ez dela arraun elkarte berririk sortu.

Ekonomikoki, Kirol Elkarte bat sortzea zaila al da?

Dirua lortzea zaila da. Ate asko jo ditugu eta asko kostatu zaigu hasera emateko diru pixka bat biltzea. Gainera diru-laguntzak ez dira jasotzen denboraldia bukatu arte. Baina guk dirua hasteko behar dugu, ez amaitu ondoren.

Ligan izena emateko eta estropada antolatzeko 13.000 euro inguru behar ditugu. Horrez gain, estropadatara joan-etorriak, arropa... gure poltsikotik jartzen ari gara. Hasiberrientzat izugarria da diru kantitate hori.

Etxean eta herrian, nolako harrera izan duzue?

Borjaren etxean arrauna asko bizi da, eta entrenatzaile izatea proposatu ziotenean familian bertsoak jarriko zizkiotela pentsatu zuen. Aitonaren oniritzia jaso zuenean, bi aldiz pentsatu gabe onartu zuen proposamena. Orion ere jende dezentek galdetu digu, eta baita zoriondu ere.

Arraun munduko jende askok ere laguntza eskaini digu; duda teknikoak edo direktiban gauzak egiteko zalantzak baditugu, berengana jotzeko esan digute askok. Asko eskertzen da babes hori.

Oiartzunen ere ilusioa dago. Oraindik jende askok ez daki elkartea sortu dugula, baina dakitenek asko galdetzen dute. Oiartzungo Udalak, proiektua aurkeztu zitzaion momentutik baiezkoa eman zuen. Hainbat komunikabidek ere deitu digute elkarrizketak egiteko. Pixkanaka ari da interesa pizten, soinua ateratzen hastea da orain kontua.

Orain, udara bitarte, asko entrenatu beharko duzue.

Bai, eta estropada batzuk ere jokatuko ditugu prestatzen joateko. Otsailean bi estropada ditugu, martxoan beste bi... hemendik udara arte baditugu batzuk. Inoiz estropadarik jokatu ez dutenentzat, esperientzia hartzeko ongi etorriko zaigu. Gogotsu gaude hasteko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide