Txapela kentzeko moduko saioa

Elizabete Manterola 2015eko otsailaren 2a

Lana, lana eta lana. Halaxe egin behar izaten du zerbait irabazi eta txapela jantzi nahi duenak. Langilea izan beharra dauka txapeldunak, berea lortuko badu. Eta temosoa, eta egoskorra. Ezin ahaleginean amore eman. Ekin eta ekin, burua hotz mantenduz eta aginduak betez, behar denean. Hala iritsiko da, iritsiko denez, garaipena. Txalo zaparrada, besarkada, irribarre eta txanpan arteko irudiak datozkigu burura txapeldun handiez akordatzean. Dena ez da, ordea, gozo; gazitik ere badu lehiak. Dabilena erori egiten da, eta batek ez du beti nahi duen hura lortzen. Ezina, nekea eta etsipena. Bakardadea.

Ederki asko islatzen du Txapeldun obrak hori guztia. Hamaika kirolariren larruan jarri zaigu Eneko Balerdi ordubeteko saioan, dantzaren bitartez irabazlearen izaera, jokamoldea eta pentsaeran sakondu nahian, garaipena inguratzen duten ertz guztiak harrapatu nahian. Kepa Junkera eta Sorginak taldeko bi pandero-jotzaileren laguntza izan du oholtzan horretarako.

Musika eta dantza elkarrizketa bizian senti litezke obra honetan. Eta elkarrizketa eske ariko zaio dantzaria ikusleari ere, obraren barruan sarraraziz, dantza antzerkiarekin uztartuz. Musika, dantza eta mugimenduaren laguntzaz, erraz identifikatuko ditu ikusleak kirolari mota ezberdinak. Oso gertuko sentitu nuen protagonista: haren izaera, darabilen hizkera… Gure kulturan hain erroturik dugun lehia eta erronkaren oihartzunak bizi-bizi senti litezke. Oriotarren zein aiarren gustagarri eta gozagarri izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide