
Josu Galdos oiartzuar oriotartuak anaia Jonekin jokatu du azken urteotan Orioko pala-txapelketa. Oraingoan pilota alde batera utzi eta eskuak beste zeregin batean erabili dituzte bi anaiok: liburu bat plazaratu dute elkarrekin.
Josuk lehendik ere emanak ditu bi liburu: Zuhaitz zaharrenaren heriotza eta Ipuhinak. Poeta da eta olerkia du maite. Jon anaia, berriz, marrazkilaria. Bien artean atondu dute oraingo liburuxka: Lurretik lurrera, olerkiz eta marrazkiz ondo jantzitako lana.
Bi anaiok kosmogonia bat eskaini digute, naturaren inguruko poema bilduman, Jonek Josuren hitzak irudi eta kolorez jantziz. Milaka urte dituen natura ulertzeko abiapuntu dira Galdos anaien olerki eta irudiak.
Jonek urteak daramatza koadroak margotzen, eta haiek hobeto uler daitezen azalpenak idazten. Josuk, poemak sortzen. Biek ere gauza bera adierazi nahian: milaka urteko jakinduria, naturarekin harreman estua duena, maiz sumatu ere egiten ez dugun arren, arnasten dugun haizea bezala gure inguruan dagoena. Mundua ulertzeko ikuspuntu horrek bultzatzen ditu idaztera eta margotzera.
Joseba Aurkenerena Urruñako idazlearen hitzak dira hauek: Liburu ederra, zinez adierazkorra, barne-barnean sartzen den horietakoa. Nireak, beste hauek: Ikasle edo seme-alabengan naturarentzako maitasuna txertatu nahi duenak eta, bidez batez, hizkuntzarentzako miresmena, opari polita topatuko du galdostarren liburuan.