Txiki-txikitan Danbolin musika eskolako dantza tailerrean hasi, eta 14 urterekin Harribil dantza taldera egin zuten salto Bidatz Manterolak (Orio, 2007) eta Jon Alkainek (Orio, 1998) beren dantza ibilbidearekin jarraitzeko. Manterolak bost urte eta Alkainek hamalau urte inguru daramatza herriko dantza taldean, eta duela urtebete hartu zuten elkarrekin dantza sueltoan hasteko erabakia.
Emaitza oso politak lortu dituzue lehen denboraldi honetan. Aurreikusten al zenuten halako hasierarik?
BIDATZ MANTEROLA: Nik asko disfrutatu dut, baina ordu asko sartu behar da, eta oso nekagarria ere bada.
JON ALKAIN: Oso sakrifikatua da, baina hasieratik erabaki genuen dena ematera joango ginela txapelketa guztietara, entseguetan ere ahal bezainbeste ahaleginduko ginela eta hau ez genuela denbora-pasa gisa hartuko. Espero baino emaitza hobeak lortu izan ditugun bezalaxe, uste baino okerragoak ere iritsi izan zaizkigu.
B.M.: Hori da. Emaitzei dagokienez, hasieran nik ez nuen esperantza handirik, baina behin lehia horretan sartuta, nahiz eta hasiberriak izan, txapelketa jakin batzuetan sortu izan zaizkigu itxaropen txikiak; eta horregatik, zaplastekoren bat edo beste ere jaso izan dugu, bai.
Zer helburu eta nahi dituzue hurrengo denboraldirako?
J.A.: Teknikoki hobetzen joatea, publikoa irabazten ikastea eta Aristerrazun eta inguruko erromerietan ikusten diren pausoak gure dantzetan sartzen joatea.
B.M.: Bai. Txapelketetako pausoak beti oso antzekoak izaten direnez, eta guk zerbait bereziagoa egin nahi dugunez, herriko eta inguruko pauso zaharrak berreskuratu nahi ditugu txapelketetan erabiltzeko.
J.A.: Horixe da helburu eta ilusio nagusia. Emaitzei dagokionez, ez dugu lehenengo hiru onenetan gelditzeko itxaropen handirik, eta beraz, bigarren plano batean utzi nahi dugu hori.
B.M.: Herritik dantza sueltoko bikote gehiago ateratzea ere nahiko genuke; ilusio handia egingo liguke bioi horrek.
J.A.: Eneko Dorronsoro eta Marijo Salsamendi dira gure erreferente, eta guk ere izan nahi genuke gu baino gazteago direnentzat. Honek jarraipena izatea nahi dugu.
Bidatz, zu psikologia ikasten ari zara, eta Jon, zuk moda diseinua ikasi duzu. Zuen etorkizuneko lanbideek, hala ere, dantzarekin lotura izatea nahiko zenukete?
B.M.: Zaila da, baina nahiko nuke. Psikologia ere gustatzen zait eta gustura egingo nuke horri lotutako zerbait, baina amets bat litzateke niretzat dantzarekin lotutako ogibide bat lortzea.
J.A.: Nik ere, nahiz eta moda ikasi dudan eta orain irakaskuntzako irakasleen prestakuntza masterra egiten ari naizen, nahiko nuke dantzako irakasle, koreografo edota dantza talde baten parte izan, baina ez diot dantzatzeari utzi nahi; oso gogorra izango litzateke niretzat hori egin behar izatea.
B.M.: Ahal den moduan jarraitu nahiko nuke nik ere, nahiz eta ez jakin ez non, ez zertan. Momentuz, behintzat, dantza uztea ez da aukera bat guretzat.
J.A.: Gorputzak ematen digunera arte jarraituko dugu dantzan, eta gehiagorako ematen ez digunean ere, ez gara oso urrun ibiliko.
Zer da dantza zuentzat? Nondik datorkizue zaletasuna?
J.A.: Dantza hainbeste gustatzea nire birraitonarengandik datorkidala uste dut, euskal dantzaria baitzen bera ere. Dantza sentimendu bat da niretzat. Eszenatokira ateratzean izugarri disfrutatzen dut: burua horretan bakarrik izaten dut eta ez dut ondoren datozen pausoetan pentsatu ere egin behar izaten.
B.M.: Arnasteko momentua ere bada. Niri ere etxetik datorkidan zaletasuna da: zaila izango litzateke nire bi amonak eta ama dantzariak izanik neu ez izatea.