Aia

Kolorez beteriko azoka martxan da

Aiora Arriola 2026ko apirilaren 25a

Gaur goizean ireki ditu ateak Iturrarango lorategi botanikoak 22.Landare Berezien Azokari hasiera emateko. Jende mordoa hurbildu da bertara, eta bihar arratsaldera arte egongo da azokaz gozatzeko aukera.

Aiako Landare Berezien Azokaren atarian, eguraldi ederra jausi da gaur Iturraranen, eta jendez bete da ingurua lehen ordutik. Hori gutxi ez eta, asko orgatilarekin ibili dira atzera eta aurrera erositako landare guztiak garraiatu ahal izateko. Bertako herritarrez gain, Espainia zein Frantziatik etorritako landarezale asko ere bertaratu dira tokira. 

Aurtengoa 22. ekitaldia du azokak, eta Euskal Herriko, Frantziako, Espainiako eta Portugalgo 50 landare erakusle ari dira parte hartzen, askotariko eskaintzekin: baratza landareak, haziak, landare usaindunak, kaktusak, begoniak, etxe barruko landare tropikalak, iratzeak, bonsaiak, zuhaixkak, larrosak, basafruituak, haragijaleak, gramineoak, Sudrafrikako erraboilak eta uretako landareak, besteak beste. Kolore biziz bete da ingurua.

Erakusleak lorategiko ibilbide guztian zehar daude, eta goseari aurre egiteko aurten 0 kilometroko gastronomia eta ekoizleen artisau produktuak dastatzeko gune bereziak ere badaude: Goierriko Talogileak, Ardilur eta Elkano Gaztaguneak, Satxotako sagardoa eta Aiako Gazte Asanbladaren kantina.

Azoka gaur eta bihar egongo da zabalik, 10:00etatik 18:00etara, eta sei euro balio du sarrerak,12 urtera arte doan. Gainera, doako autobus zerbitzu bereziak daude herritarrak azoka gunera iristeko: Aiako herrigunetik, Txurrukako aparkalekuetatik eta Zarauzko Euskotren tren geltokitik.

Gaztetxoentzako tailerrak

Gukaren eskutik, haurrentzako tailer bana eskainiko dute aurten. Horretarako, haziekin eta haurrekin ekintza berezi bat planteatu du Gukak. Egunero egunkaria banatzen denez, egunkari mordo bat pilatzen da, eta hauei bigarren bizi bat eman nahian, egunkari hauek loreontzi txiki bihurtuko dituzte, eta ondoren, haziak landatu bertan.

Lehenengo saioa gaur arratsaldean egingo dute 17:00etatik 18:00etara Aiako Kultur Etxean. Bigarrena, berriz, bihar izango da, 11:00etatik 12:00etara Iturraran Parketxean.  

Tailerrak doakoak izango dira eta parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da 943-83 53 89 zenbakira deituta ala iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide