Bada kirola munduan, baita Orion ere. Diziplina batzuk ederki hedatuak daude; herritar askok praktikatzen dituzte, eta zaletu asko dute. Beste batzuk, berriz, ikusezinak dira herritar gehienentzat, bazterrekoak. Herritar gutxi batzuek, ordea, horiek dituzte pasio, eta beren seme-alabek sehaskatik ikusi izan dituzte gurasoak gustuko hori egiten. Hori da Guenetxea-Manterola eta Arnal-Etxeberria familien kasua. Eskalatzen aritzen dira aurrenekoak, eta sofbolean nahiz beisbolean, bigarrenak. Gurasoen bidea urratu, eta belaunaldi gazteak puntan dabiltza, gainera.
Elena Etxeberria oriotarrak, esaterako, Orioko Bate Bizkorrak (OBB) sofbol taldean jokatu zuen urte luzez, eta egun, klubeko lehendakaria da. Patxi Arnal bikotea, berriz, OBBko entrenatzailea da orain hemezortzi urtetik. Beisbol jokalaria izan zen urte askoan, eta kirol horrek berak batu zituen, 2004an. Gipuzkoako federazioak txapelketa misto batzuk antolatu zituen, neska eta mutil nahastuta –halakoetan sofbola egiten da beisbola beharrean– eta Arnalen taldearen kontra jokatzen aritu zen Etxeberria. Partiden ondoren zerbait hartzera joaten ziren; "errugbian bezala, hirugarren denboran elkartzen ginen, badakizu", esan du, umoretsu, Arnalek. Eta hantxe hasi zen haien harremana.

Kanaria uharteetakoa da Arnal, Tenerifekoa hain justua, eta Venezuelako lagun batzuen bitartez ezagutu zuen beisbola, 14 urterekin, Venezuelan kirol nagusia hura delako. Probatu orduko "katigatu" zen, eta ordutik dihardu kirol horren bueltan. "Kirol honi esker esperientzia asko bizi izan ditut eta pila bat bidaiatu ahal izan dut", esan du. Ez alferrik, bost aldiz parte hartu du Europako Txapelketetan Tenerifeko Los Rojos taldearekin, eta hiru ditu irabaziak. Espainiako Liga eta Kopa ere irabaziak ditu talde horrekin, eta gerora, emakumeen entrenatzaile lanetan, bi aldiz parte hartu du Europako Txapelketan, baita brontzezko domina eskuratu ere Bulgarian. "Gure klubaren hitoetako bat izan zen hori".
Unax eta Aday Arnal anaiek 2 urterekin hartu zuten sofbolean aritzeko batea, eta gaur egun Amaya taldean dabiltza beisbolean
Etxeberria are beranduago hasi zen sofbolean, 1992. urtean, 17 urte zituela. Gaur egun ez du ohorezko mailan jokatzen, baina beteranoek juntadizoa egiten dute, eta Master 40 izeneko Europako Txapelketa jokatzen dute. Bartzelonan izaten da urtero, eta Europako taldeek parte hartzen dute: Italiako selekzioak, Txekiako Errepublikakoak, Herbeheretakoak... Espainiako selekzioak ez du taldea ateratzen lehia horretarako, eta Etxeberria-eta klubarekin ateratzen dira. "Pare bat urtetan euskal selekzioarekin parte hartu genuen eta oso emaitza onak lortu genituen, urte batean hirugarren eta bestean bigarren eginda, baina selekzioak ez du jarraipenik izan, eta deitzen diguten taldearekin jokatzen dugu", kontatu du. Urrian izaten da, eta aurten ere badute joateko asmoa, taldea osatuz gero. "Ez da erraza izaten 40 urtetik gorako emakumeak lortzea gutxi batzuek praktikatzen duten kirol batean". Gaur egun, esaterako, OBB da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako talde bakarra.
Udan hitzordu berezia
Sofbola eta beisbola ez ditu jende askok praktikatzen, baina Unax eta Aday Arnal anaiek 2 urterekin probatu zituzten, eta ez dituzte inoiz utzi, ezta kirolen artean aukeraketa egitea tokatu zaienean ere. "Gurasoen eraginez, 2 urterekin hasi ginen entrenatzen, gustatu egin zitzaizkigun, eta jarraitu egin genuen". Espainia mailako txapelketak jokatzera iritsi dira bi anaiak beisbolean Nafarroako Amaya taldearekin, Gipuzkoan ez dagoelako talderik.
Espainiako Txapelketara sailkatzea lortu dute, eta gustura dira. Gazteek ez dute esan nahi izan, baina amak esan du Unax ligako bateatzaile onena izendatu dutela, eta Aday, berriz, ligako jokalari onena. Semeak beisbolean eta sofbolean gustura ikusita, gurasoak harro daude. Hori bai, ez zuten imajinatzen 2026. urtean hau izango zenik beren etxeko errealitatea. "Gauzak oso azkar gertatzen dira, eta egunerokoan pentsatuz, ez duzu harago begiratzeko denborarik", esan du Etxeberriak.

Txikitan gurasoen bultzada jaso arren, beisbola beraiek aukeratu dutela dio argi Etxeberriak. "Futbolean ere ibili ziren, eta gu joaten ginen ikustera eta animatzera, baina gero, erabaki zuten nahiago zutela beisbolean jarraitu". Amaya taldean giro ona dutela diote semeek, eta hori dela inportanteena. "Talde bat gara eta hori nabaritu egiten da, bestela, nahiz eta bakarka ondo jokatu, ez ginatekeelako inora iritsiko".
Uda hau berezia izango da familiarentzat. Hondartzako sofbol txapelketa bat egoten da Frantzian, eta talde mistoek parte hartzen dute. Marea asko jaisten denean, han prestatzen dituzte joko eremuak. Familiako gazteek orain arte ez dute inoiz parte hartu, gutxienez 16 urte behar direlako horretarako, eta irrikaz daude, aurten aurreneko aldiz aukera izango dutelako. Etxeberriak gaineratu du "2 urte zituztenetik zain" daudela semeak. "Jaio zirenetik urtero joan izan gara Amaya taldearekin", jakinarazi du. Aurtengoa ezin bereziagoa izango da, gainera, laurek elkarrekin jokatuko dutelako. "Urteak daramatzagu momentu hau itxoiten, eta gogoz gaude", esan dute.
Familian eskalatzen
Bestelako kirolak dauzka harrapatuta Eneka Guenetxea aita eta Lur eta Manex Guenetxea semeak: eskaladak. Aretxabaletakoa (Gipuzkoa) da aita, eta han "afizio dezente" dute mendirako. Bera batez ere mendian ibiltzen hasi zen, eta handik, eskalada alpinoari ekin zion; hau da, mendiko eskaladari. 16 urterekin hasi zen, eta ordutik ez du utzi, nahiz eta Orion familia osatu zuenetik "beste maila batean" aritzen den, "lasai-lasai". Kontatu du umeak txikiak zirenean noizbehinka joaten zirela mendira eskalatzera, "denbora-pasa". Izan ere, seme zaharrenak, Manexek, txikitan futbolerako zuen afizioa batez ere. Duela hamar urte aldatu ziren gauzak. Alpeetara joan ziren, "Lur txikia zen artean, baina Manexi kableren bat gurutzatu zitzaion, eta harri koskor guztiak eskalatzen hasi zen. Handik bueltan, Donostiako Pio Baroja kiroldegiko eskalada taldean apuntatu genuen". 8-9 urte zituen; astero bitan entrenatzen hasi zen, eta ondoren, baita txapelketetan parte hartzen ere. Lurrek aita eta anaia ikusten zituen, eta lehenago hasi zen eskalatzen, nahiz eta aitortu duen txikitan arrantza nahiago zuela.

Eskaladan bakarkakoak dira txapelketak, eta bi anaiak lehian aritu diren arren, pikerik ez omen dago, adin tarteagatik –lau urteko aldea dute–. "Behin altuera bera izaten dutenean, orduan pikea egon daiteke; bitartean, ez da alderagarria", dio aitak. Apusturik egin dute, ordea. Duela pare bat urte Xixario jatetxean otordua jokatu zuten bi anaiek. Manexek, 18 urte bete baino lehen, kirol eskaladako 9A bide bat egin behar zuen apustua irabazteko. "Baltzolako (Dima, Bizkaia) kobazulo bateko sabaian eskalatu behar da, bide oso gogorra da. Maila oso ona eduki behar duzu hori egiteko. Nik esaten nuen ez zuela egingo, eta berak baietz", kontatu du anaiak. Kotxerik ez zeukanez, hiruzpalau ordu pasatzen zituen hara iristen, eta beste horrenbeste bueltatzen. "Kobazuloan berak bakarrik lo ere egiten zuen. Apustua irabazteko guztia ematera joan zen, eta ia-ia lortu zuen, baina urtebetetze eguna iritsi zen, eta nik irabazi nion", kontatu du Lurrek, alai.
Eneka Guenetxea aitari jarraiki, Manexek eta Lurrek txikitatik eskalatzen dute, baita lehiatu ere
Eskalada ez da futbola, arrauna edo eskubaloia bezain ezaguna. "Kirol olinpikoa denetik jarraipen gehixeago du, baina zerbait arrotza bezala ikusten du jendeak, ez du ulertzen", diote aita-semeek. Esaterako, mendian eskalatu dutela esatean, galdetzen diete ea zenbat metro eskalatu dituzten, baina "zailtasuna ez dago altueran, beste leku batean baizik", azaldu du aitak, eta uste dute eskalada ezagutzen ez dutenentzat ulertzeko zaila dela.
Maila hobetuz
Aita hasi zen garaitik semeengana aldatu dira gauzak. Barre egin du aitak horretaz galdera entzun duenean. "Alde handiena da gure garaian rokodromorik ez zegoela eta hormak eskalatzen genituela. Entrenatu ere ez zen egiten, eta eskalatzeko maila ez zen oraingoa: oso motel aurreratzen genuen". 16 urterekin hasi zen eskalatzen, eta 6B zailtasuna zuen horma aurreneko aldiz 20 urterekin egin zuela gogoratzen du. "Erraza da", esan dio semeak aldamenetik. "Gaur egun, umeek segituan hartzen dute, eta lehenengo urtean jada lortzen dute bide hori egitea, baita 7A zailtasunekoa ere", esan du aitak. "Rokodromoetan erdi jolasean hasten dira, eta umeek berehala maila tekniko eta fisiko ona hartzen dituzte". Azaldu dute duela hoegi urte Euskal Herrian jende gutxik zeukala 8 graduko maila, "esku batekin kontatzen ziren", eta gaur egun, "edozein umek" igotzen du halako bide bat. "Lehen 8koa zena, orain 9koa dela esan dezakegu".

Rokodromo dezente ari dira zabaltzen inguruetan, eta gazteen artean afizioa hazten ari dela uste dute. "Asteburuetan jende pila bat ikusten da mendian eskalatzen", esan dute. Rokodromoez galdetuta, beraien gustukoena Europa erdialdean dago, zalantzarik gabe: udan urte dezentetan joan izan dira Innsbruckera (Austria), Tiroleko hiriburura, eta semeak azpimarratu du "munduko toki onenetakoa" dela eskalatzeko. Han bizi diren lagun batzuen etxera joateko aukera izaten dute, eta aitak gaineratu du han askoz afizio handiagoa dagoela, jende asko ibiltzen dela eskalatzen, eta "garai batean behintzat", munduko rokodromorik onenetakoa zutela. "Kiroldegi erraldoia da, soilik eskalatzeko, eta mundu osoko jendea elkartzen da bertan". Esan dute selekzioak ere joaten direla hara entrenatzera.
Manexek utziak ditu lehiaketak, eta bere kabuz aritzen da eskalatzen, harkaitzetan; Lurrek, berriz, bi entrenatzaile ditu, bat Donostian eta beste bat Zarautzen. "Donostiako rokodromoa lehengo garaietakoa da; orain, saltoak eta daude modan, eta Zarauzko rokodromora joaten naiz astean behin, eta Donostiara, bitan". Entrenamendua eskalatzean datza, teknika hartzeko. Gorputza oraindik garatu gabe daukanez, indarra lantzen ezin du hasi, lesioak saihesteko. Familian ez dira izan min hartzekoak semearen arabera, baina aitak aitortu du gaztetan asko lesionatzen zela; "edozein modutan ibiltzen ginen kirten batzuk ginen", dio, irribarretsu.
Aitak mendian eskalatzea du gustukoen; semei, ordea, kirol eskalada gustatzen zaie: horma baxuagoak, ekipatuak eta askoz gogorragoak. "Ni saiatzen naiz hauek nire aldera eramaten, baina hauek zailtasuna dute gustuko". Alderantzizkoa gertatu da, gainera: "Hauek lehiaketetara joaten direnez, neu ere apuntatu egiten naiz beteranoetan, denbora-pasa; giro polita sortzen da eta ederra da adin desberdineko jendea, neska eta mutil, denak elkartzea".
Txapelketetan aritu arren –Espaininako txapelduna da bere adinean–, eta aita eskalatzailea izan arren, Lurrek ez du presiorik sentitzen aitaren aldetik. Aitak nabarmendu du eskalada "pobreen kirola" dela; "ez du merezi burua galtzerik". Argi du helburua aretxabaletarrak: "Garrantzitsuena da umeek ondo pasatzea. Txapelketek urte gutxi batzuk irauten dute, eta irabazi edo galdu, ez dizute bizitza aldatuko. Futbola, ondo joanez gero, bizitza proiektu gisa har daiteke; eskalada, ez. Munduko onena izanez gero, beharbada bai, baina Espainiako onena izanda, ez dizu ezer ematen". Lagunak egiteari eta mendira joateko planak edukitzeari ematen diote garrantzia beraiek. "Guretzat oso bistakoa da hori, eta saiatu gara gure semeei ere helarazten". •