Iñigo Arruti Txabola (Orio, 1969) sarjentoa da Zarauzko suhiltzaileen etxean. 32 urte daramatza ofizioan, guztiak Zarautzen. Laster hartuko du erretiroa, baina sasoiko dago, eta hala erakusten du astero txikitatik egiten duen kirolean: arraunean. Badok13 taldeko arraunlarietako bat da, izan ere.
Ume askok handitan suhiltzaile izan nahi dute. Zuk ere hala nahi al zenuen?
Umetan denok izaten dugu jostailuren bat, baina ez dakit bokazio handirik nuen. Gero, ofizioa ezagutu nuenean, harrapatu egin ninduen.
Suhiltzaile izateko probak fisikoki gogorrak izaten dira, ezta?
Gipuzkoan ez dira hain gogorrak. Pasatu egin behar dira, baina tira. Nik, adibidez, zalantza neukan soka igoko nuen ala ez, baina proba egin eta gai nintzela ikusi nuen.
Suhiltzaileon lana suarekin lotzen da beti, baina erreskateak ere asko egiten dituzue...
Joerak izaten dira, eta gizartea aldatzen doan heinean, baita gure lana ere. Ibilgailuak aldatu egin direnez, istripuak ere aldatu egin dira. Gaur egun ere gertatzen dira istripu larriak, baina... Gaur-gaurkoz, asko aritzen gara etxeetako ateak irekitzen; izan ere, pertsona asko bakarrik bizi dira, batez ere adinekoak, eta erortzen baldin badira ezin izaten dute atea ireki.
Filmetan bakarrik gertatzen al da zuhaitzetik jaitsi ezinik gelditu den katua erreskatatzea?
Izaten dira halakoak ere, jendea oso sentsibilizatuta dago eta... [barrez].
Nolakoa da zure lanegun bat?
Mantenu lan asko egiten ditugu, ibilgailuek ondo egon behar izaten baitute, baita materialak eta erremintek ere. Gauza asko ditugu eskura, eta horiek erabiltzen jakin egin behar da; beraz, praktikak ere egiten ditugu.
Zeure burua inoiz ikusi al duzu arriskuan?
Eroen moduan ez gara aritzen, baina, hala ere, momentu batzuetan pentsatu gabe egiten ditugu gauzak. Dena den, arduradunak egoten dira esku hartzeetan, eta batzuetan, arriskuak saihesteko, pauso bat atzera egin behar izaten dugu.
Urte asko daramazu suhiltzaile lanetan. Gogoan al duzu Orio inguruan izandako sute handiena?
Talaxa erre zela gogoan dut, Arraunetxe ondoko itsasontzien biltegia eta tailerra. Dezentekoa izan zen hura.
Istripuetan egoera latzak ikusiko dituzue...
Bai, eta gertuko jendea ere tokatzen da batzuetan. Gure traineruko patroia zen Txikik izan zuen istripuan lan egitea tokatu zitzaidan, adibidez. Hasieran ez nuen ezagutu, bera barruan zela –hil egin zen, 30 urterekin– kotxea kiskali egin zelako. Momentuan ez nintzen gertatzen ari zenaz kontziente, baina, denborarekin jabetu nintzen; oso gogorra izan zen, oso lagunak ginelako eta harreman oso estua genuelako. Garai hartan, 1998. urtean, ez zegoen arreta psikologikorik, baina gaur egun, behar izanez gero, babes hori izaten dugu. Bestalde, denborarekin azala gogortu egiten da lanbide honetan.
Zein da suhiltzaile izatearen alde politena?
Jendeari laguntzea oso polita da, batez ere umeei. Gogoan dut behin neska txiki bat komunetan irten ezinik gelditu zela atea krisketarekin itxi zuelako. Atea ireki eta begira-begira gelditu zitzaigun. Paula zuen izena ume hark, eta aita izan nintzenean, buruan izan nuen alabari izen horixe jartzea.
Suhiltzaileek asko ligatzen omen dute. Soinean arropa gutxirekin ateratako irudiekin osatutako egutegiak argitaratzen dituzue...
Guk, Zarautzen, inoiz ez dugu halakorik egin, horretan bilbotarrak dira espezialistak [barrez]. Hori bai, beti izaten da elkartasun ekintzaren baterako.
Kontxako banderak irabazitakoa zara, eta orain, beteranoetan ere, zeuek onenak.
Orain ere gustatzen zait irabaztea, baina gozatzera ateratzen naiz batez ere [barrez]. •