Otsailaren 6a Emakumeen Mutilazio Genitalaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren harira Gukak gaiaren inguruko erreportaje sakona egin du, hasiera batean urrutikoa dirudien emakumeen aurkako indarkeria bortitz hori uste baino gertuago dagoela erakutsiz. Oilo ipurdia jartzen zait gaiaz pentsatze hutsarekin, baina errealitatea da oraindik ere Afrikako herrialde askotan eta Asiako beste batzuetan jarraitzen duela bizirik neskatoen giza eskubideak urratzen dituen ohiturak.
Batzuetan horrelako kasuak argitara azaltzen direnean, arrotza den horrengan jartzen dugu fokua, ohitura basati gisa ulertuz. Denboran atzera egiten badugu, ordea, ohartu gaitezke historian zehar zibilizazio eta kultura askotan izan dela emakumearen gorputza menderatzeko grina. Patriarkatuak beti kontrolatu nahi izan ditu emakumearen sexualitatea eta askatasuna, eta emakumeen genitalen mutilazioak horixe du oinarrian, kontrola, nahiz eta kultura tradizionalek beste irakurketa edo esanahien atzean ezkutatu.
Afrikako zenbait komunitaterentzat neska txikiak edo emakumeak purifikatzeko modua izan ohi da. Emakumea bere horretan zikina dela ulertzen dute, eta genitalak ebakita neskak garbitu egiten direla sinesten. Beste batzuentzat, haur izatetik emakume izatera pasatzeko igarobide erritua da, eta uste dute genitalak ebakitzen dizkietenean neskatoek erakusten duten indarra eta adorea bizitzari aurre egiteko ausardia eta heldutasunaren erakusle direla.
Esanahi bat edo bestea emanagatik, ordea, komunitateko parte izatearen harrotasunarekin lotzen dute guztiek, eta ondorioz arau soziala betetzen ez duten neska eta emakumeak komunitatetik alboratuak izateko beldurra eta presio handia sentitzen dute amek, ablazioa emakumeen artean belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura baita. Horren aurrean, azken hamarkadetan, jatorrizko komunitateetan kanpaina asko jarri dira martxan emakumeak genitalen mutilazioak sortzen dizkien ondorio eta kalte larrien inguruan informatzeko, eta askotan emakumeek lortu dute, planto eginda, ohitura alboratzea eta euren ongizatea erdigunean jartzea.
Lorpen garrantzitsua da komunitate horientzat eta eredu inportantea oraindik urratsa eman ez duten gainontzekoentzat. Izan ere, datuek erakusten dute bide luzea dagoela egiteko guztiz desagerraraztea lortu arte; gaur egun herrialde gehienetan legez kanpokoa den arren, zenbaitek klandestinitatean egiten jarraitzen baitute. Beraz, Gukak eskaintzen didan leiho honetatik, tradizioari aurre egin dioten emakume horien guztien ausardia nabarmendu nahi nuke, eta guztiontzat eredu direla aitortu.