Elkarrengandik 10.000 kilometrora jaio ziren Aleksandra Zak (Polonia, 1988) eta Celeste Martinez (Guatemala, 1993), eta antzeko distantziara Manuela Rodriguez (Uruguai, 1998), baina zentzu batean, elkarrengandik gertuago sentitzen dira gaur egun bizilagun dituzten zarauztarrengandik baino. Izan ere, migratzaileen eta ez migratzaileen arteko distantzia mentala eta emozionala zabalagoa da, askoz. Aje asko eragiten ditu norbere herrialdea utzi eta toki berri batean bizitza hutsetik hasi beharrak, eta egoera hori arintzen eta goxatzen laguntzen dute Orion sortu dutena bezalako guneek: Munduko Emakumeen Topagunea izena jarri diote Saregile emakumeen etxean duten espazioari. Hilean behin, hiru orduz, beren esperientzia bera bizi izan dutenekin partekatzen dituzte minak, pozak, zailtasunak eta ametsak.
Emakumeentzako gunea da Saregilekoa, eta han elkartzen diren lagunetako hiru dira Zak, Martinez eta Rodriguez Zarauzko bizilagunak. Hiru istorio desberdin dira horienak, baina ezin hobeto ulertzen dute elkar. Zak, esaterako, ez zen "kasualitatez" etorri Euskal Herrira. "Antropologia kulturala ikasi nuen, eta euskal kulturarekin interesatu nintzen unibertsitatean ibili nintzenean. Polonian hasi nintzen euskara ikasten, eta, Erasmus programarekin Euskal Herrian egon ondoren, bertan geratu nintzen", azaldu du. Hamahiru urte daramatza Euskal Herrian, eta bertan osatu du familia. Dena den, non bizi erabakitzea ez zen erraza izan harentzat: "Euskal Herrian bizi ala ez aukeratu behar izan nuenean, ez zen egoera erraza izan niretzat, Polonian nituelako familia eta lagun guztiak". Euskal Herrian lagun berriak egin ditu, eta azpimarratu du integrazio prozesua errazagoa egin zitzaiola euskaraz dakielako. "Hala eta guztiz ere, etorkin gisa ikusten dut neure burua. Gure taldeko kide bakoitza Euskal Herrira etortzearen arrazoia desberdina izan zen arren, gure esperientziak antzekoak dira, eta horrela sortu da taldean dagoen ulermena eta enpatia", nabarmendu du poloniarrak.
Zakek, gainera, ondo baino hobeto ezagutzen du Munduko Emakumeen Topagunea, bere ekimenez eratu baitzuten taldea orain bizpahiru urte. Bera hasi zen taldea dinamizatzen, eta aurten, aldatu egin dute formatua; talde autogestionatua izatera pasatu da, eta ondorioz, kide guztiek ardura berberak dituzte. "Ideia da kanpotik datozen emakumeen integrazio prozesua erraztea. Gure espazioan lagun talde bat gara, eta elkarri babesa eman nahi diogu. Lagunak egiteko, bakarrik ez sentitzeko eta eguneroko bizitzan elkarri laguntzeko leku segurua da topagunea. Elkarrekin gozatzen dugu aisialdiaz, hainbat tailerren bidez, eta elkar ezagutuz egiten ditugu lagunak. Taldean bakoitzaren emozioak eta beharrak errespetatzen ditugu", kontatu du Zakek.
Norberarentzako denbora
Martinez, berriz, orain hiru urte iritsi zen Guatemalatik Zarautzera haurdun zela, bikotekidearekin eta 8 urteko haurrarekin. Zaken bitartez hasi zen Orioko taldean, eta gustura dago. "Beti gustatu izan zait emakume bezala hazteko aukera ematen didaten jardueretan parte hartzea, berpiztea. Oso gustura sentitu nintzen taldean, bai egiten genituen jarduerengatik, bai elkartzen ginen emakumeengatik. Bilgunea ere oso atsegina da, eta gure herrialdeetan egon ez arren, etxean bezala sentitu gara. Horrek animatu nau taldean jarraitzera". Guatemalarrarentzat "oso zaila" da migratzea, izan gizon, izan emakume, baina familiarekin lekualdatzeak gainkarga eragiten duela uste du: "Familiarekin migratutakoan –eta ni haurdun nengoen– karga handia sentitzen da, eta hemen karga horrekin jarraitu egiten da, aurrera egin behar delako. Nire lehentasunetan azkena nintzen ni; ez nuen neure burua zaintzen, ez nion arretarik jartzen nire buruari, ez nuen egiten gustatzen zitzaidan ezer –ez lagunekin atera, ez neure buruaz hausnartu…–. Taldeak ahalbidetu dit neure burua aurkitu ahal izateko denbora edukitzea, eta, nahiz eta oraindik bizitzan aurrera egiteko lan izugarria eduki, oso polita izan da taldean parte hartzea, nire denbora delako eta balio izan didalako tartetxo batez deskonektatzeko eta bestelako ekintzei heltzeko", nabarmendu du.
Kulturen arteko aldea ere ez da makala, eta egokitzearen garrantziaz mintzatu da Martinez. "Toki berrira ondo egokitzea ere bada migrazio prozesuaren parte. Gizarte berrira egokitu nahi duzu eta jendea ezagutu, gizarte horretan egiten dutena ezagutu eta maitatu; ez zen zurea, baina migratzen duzunean, zurea izaten hasten da. Ni, emakume migratzaile izanik, horrelako talde baten bila nenbilen, nire etxe berria zaintzen eta han bizitzen ikasi behar dudalako". Horretarako inportantea iruditzen zaio ezagutza, baita tokiko hizkuntza jakitea ere. "Aurreneko urtetik ari naiz euskara ikasi nahian. Maitemindu egin nau, eta bi haurrekin eta lanarekin erraza ez den arren, pixkanaka ari naiz aurrera egiten". Halako jarrerak "txalotzekoak" direla uste du, pertsona migratzaile guztiek ez dutelako herrialde berrira egokitzeko halako "interesik edo jakintzarik", eta gaineratu du Munduko Emakumeen Topagunea bezalako taldeek laguntzen dutela egokitzapen hori modu naturalagoan egiten.
Etorkinen alaba
Bigarren urtea du taldean Martinezek, baita Rodriguezek ere. Azken horrek kontatu du hasieran "noizean behin" agertzen zela hitzorduetara, baina gero, dinamikak "harrapatu" egin zuela, eta aurten gehiago ari dela parte hartzen, baita antolaketan aritzen ere.
Helburuetako bat da euskal gizartean integratzen laguntzea, baita elkar entzutea ere
Rodriguezen istorioa Zakenaren eta Martinezenaren apur bat desberdina da, zarauztarra baita. Uruguain jaio zen, baina 5 urte zituenean iritsi zen familiarekin Zarautzera, amarekin eta bi ahizparekin, zehazk. Hark esan duenez, beren amak ez zuen horrelako babes sarerik eduki. "Gure amak lan egiten zuen hiru ume aurrera ateratzeko, askoz gehiago ezin zuen egin; ikusten bagenuen, ondo", oroitu du. Rodriguezentzat "babeslekua" da Saregileko taldea: "Antzeko esperientziak bizi izan dituzten emakumeei entzuteak lagundu egiten dit". Bera ere migratzaile sentitzen da, izan ere: "Gure etxea beti izan da migratzaileen etxea, eta herrian ere migratzaile gisa hartu izan naute". Taldea deskonektatzeko tokia iruditzen zaio, baita babeslekua ere, eta beldurrik gabe barrukoa ateratzeko lekua, "inork ez baitu inor epaituko". Uste du soilik "elkar entzuteko eta elkar babesteko" dela taldea, eta horrek berari "segurtasuna" ematen diola eta "aberastu" egiten duela gaineratu du.
Martinez adi-adi egon da Rodriguezi aditzen, eta ama eta migratzailea denez, alaben kontuak "enpatia" eragiten diola esan du. Zarautzera iritsi zirenean 8 urte zituen haren alaba zaharrenak, "eta Manuelak esan duenean berea migratzaileen etxea zela...", hasi da hizketan. "Hemen bizi izan da betidanik, ondo egokitu da, baina orain arte ez genuen ezagutzen migratzaileen istoriorik ume baten begietatik", hausnartu du. "Ez zen bere erabakia izan herrialde berri batera joatea bizitzera, baina erabaki horrek eragin egin zion, noski, eta hori kontuan hartu beharra daukagu", iritzi dio. "Gure alabari ere eragingo dio bizitako migrazio prozesuak, baina uste dut beste era batera izango dela. Niri taldeak laguntzen dit ulertzen gure alaba nola egon daitekeen, zer senti dezakeen... Aholkuak eman dakizkit Manuelak, eta orain, kontzientzia gehiago daukat; alabari gehiago lagun diezaioket", erantsi du.
Gainera, gizarteak onera egin duela uste dute denek. Martinezek esan duenez, alabaren ikastetxean "harrera oso ona" egin diete eta "laguntza handia" sentitu du: "Gizatasun handiz hartu gaituzte, eta gure beharrei erantzun diete". Hein berean, bera eta bere familia Euskal Herrira "borroka eta gauzak ondo egiteko asmoz" etorri direla nabarmendu du. Martinezek esan duenez, "zailtasunak eta tristurak" pasatu dituzte, baina "lagundurik" egonda, "dena errazagoa" dela aitortu du.
Rodriguez ildo beretik mintzatu da: "Uste dut denborarekin garatu egin dela harreraren kontua. Zarautzera iritsi nintzenean, herrian ez ziren familia migratzaile asko; gutxi ginen, eta nire errealitatea oso bestelakoa izan zen. Ez zen batere erraza izan". Baina orain kideen esperientziak gustura entzuten dituela esan du. "Pozten naiz gizarteak, edo, behintzat, Zarautzek aurrera egin duelako pixka bat, ateak enpatia eta jakintza gehiagorekin zabaltzeko kanpotik datozen familiei", esan du.
Zakek uste du integrazio prozesu horretan asko laguntzen duela elkarrekin hitz egiteak: "Geure artean hitz eginez uler dezakegu nolakoa den euskal gizartea eta nola egin dezakegun guretzat hain garrantzitsua den integrazio prozesua. Celestek esan bezala, euskara ikasiz, euskal kulturara gerturatuz, errazagoa da integratzea, eta alde horretatik, uste dut taldeak asko ematen digula". Baietz diote beste biek.
Bakardadeari aurre egiteko
Bakardate sentimendua ere aipatu dute hiru lagunek. "Gure lagun guztiak eta gure familia osoa jatorrizko herrialdean gelditu ziren, eta berriz hutsetik osatu behar izaten da sarea. Taldeak asko laguntzen du horretan; zehazki esateko, horretarako da taldea", azpimarratu du Zakek. "Laguntasuna sortzeko gune bat da", gaineratu du.
"Istorio bakoitza desberdina da, eta gauden tokitik enpatia sortzeko eta bestea ulertzeko balio du taldeak. Istorio bakoitzak dauka garrantzia, berdin dio aspaldi etorri zinen ala orain gutxi; migrazio prozesua pasatu dugu guztiok, eta prozesu bakoitzak du bere balioa", iritzi dio Martinezek. Rodriguezentzat, "errazagoa" da norbere egoera ulertzen duen jendearekin harremantzea. Uruguatik oso umea zela alde egin zuen arren, bere etxea "etxe latinoa" dela deritzo, eta "euskaldunekin hezi" den arren, enpatia gehiago senti dezakeela Uruguaiko edo inguruko herrialdeetako jendearekiko. Zaken ustez, besteen esperientziak ezagutu behar dira errespetutik eta elkar ulertzetik.
Taldea hilean behin elkartzen da Saregile emakumeen etxean. Doakoa da eta irekia
Hilero antolatzen dituzten hitzorduei edo tailerrei dagokienez, hirurek azpimarratu dute horiek elkartzeko "aitzakia" direla. "Gure bizitzak partekatzen jarduten dugu, elkarri entzunez, eta hori egitea ez da posible eremu askotan", esan du. Gainera, topaketen izaera malguan egin dute azpimarra: "Topaketak pertsonaren arabera egokitzen ditugu; hau da, parte hartzaile batek gaztelaniaz ondo hitz egiten ez baldin badu, hitzordu bat ingelesez egingo dugu, eta haurrak baldin baditu, horiekin etortzen da topaketetara. Parte hartzaile guztiak taldean ondo sentitzea nahi dugu, eta, horregatik, gauzak erraztu nahi dizkiegu", azaldu dute. Zakek esanetan, berriz, Topagunearekin bizitzen ari diren esperientzia "oso aberatsa" ari da izaten, elkarrekin "proiektu polita" ari baitira garatzen. "Gaur egun antolakunde gisa funtzionatzen dugu. Denok berdinak gara eta bakoitzak bere iritzia dauka, baina bestearen ohiturak eta proposamenak errespetatu egiten ditugu. Taldekide guztiok dugu erabakiak hartzeko ahala", gaineratu du Zakek.
Hurrengo hitzorduak
Taldean parte hartu nahi duenari saioetara beldurrik gabe gerturatzeko eskatu diete. Saioak doakoak direla azpimarratu dute, irribarretsu, eta hitzordu bakoitzak hiru orduko iraupena izaten duen arren, partaide bakoitzak berak nahi duen denboran aritzeko eskubidea duela esan dute, jakin baibaitakite askok ezin dutela hiru orduz aritu.
Rodriguezek azpimarratu du urteko egitaraua denen artean antolatzen dutela, eta bakoitzak nahi duena erakusten diola besteari. "Aurten, esaterako, yoga egin dugu, literaturaz aritu gara, eta urtea amaitu aurretik, usain gozodun kandelak ere egingo ditugu". Taldea handitu nahi lukete, ordea, anitzagoa izateko eta bakoitzak bere jakintzak besteekin partekatzeko. Gainera, azpimarratu dute Euskal Herrian bizi diren emakume atzerritarrentzat ez ezik, emakume euskaldunentzat ere badela taldea. Hain zuzen ere, ekainera arteko hitzorduak prest dituzte, eta horietan parte hartzera animatu dituzte Orioko emakumeak.
Taldea zabaldu nahi dute, eta Saregileko ateak zabalik dituzte. Izan ere, taldea "aberastea" nahi dute, eta ondorioz, emakumeei eskatu diete topagunera "beldurrik gabe" gerturatzeko. Izan ere, beraiek beharra zutenean jasotako babesa bueltan itzultzeko gogotsu eta esku zabalik dira Munduko Emakumeen Topaguneko kideak.