Festa batzordea "indartzeko" prozesuaren barruko bigarren saioa egingo dute larunbatean Arraunetxen

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 17a

Sanikolasetako herri bazkariko irudi bat. (Onintza Lete Arrieta)

Herritarren parte hartzeari, festa batzordearekiko konpromisoari eta haren funtzionamenduari lotutako hainbat iritzi eta kezka jaso zituen iaz udalak, eta beharrezkotzat jo du lanketa abiatzea. 

Festa batzordea "indartzeko" prozesuaren barruko bigarren saioa larunbat honetan egingo du Orioko Udalak herritarrekin eta eragileekin. Saioa 10:00etan hasiko da Arraunetxen, eta udalak azaldu du berarentzat "garrantzitsua" dela herriko norbanako eta eragileek hitzorduan parte hartzea, "bertan finkatuko baitira etorkizunean festa batzordeak izango dituen oinarriak eta festak antolatzeko irizpideak".

Lansaioaren ostean, bertan mokadutxoa egiteko aukera izango da, goizean zehar landutakoez giro lasaiean hitz egin ahal izateko.

Orioko Udalak orain egun batzuk egin zuen aurreneko bilera irekia, "festa batzordea indartzeko eta herriko festen antolaketa hobetzeko". Lanketa prozesu baten hasiera izango zela azaldu zuen, eta erabakiaren arrazoiak jakinarazi zituen. Udalak esan zuen iaz hainbat iritzi eta kezka bildu zituela herritarren parte hartzeari, festa batzordearekiko konpromisoari eta haren funtzionamenduari lotuta. Orioko Hezkidetza Diagnostikoan jasota daude horietako batzuk. Horren aurrean, udalak beharrezkotzat jo zuen lanketa prozesu bat abiatzea, "urtero sortzen diren zailtasunak identifikatzeko eta horiek elkarlanean landuta, festa batzordearen jarduna egokitzeko". Orio herri parte hartzailea dela irizten dio udalak, eta esan zuen "izaera hori sendotu eta zabaldu nahi" zutela, "baita festa batzordean ere".

Larunbateko saioan egoeraren lanketa sakona egingo da, eta batzordearen funtzionamendua, oinarriak eta dekalogoa aztertuko dira, hortik abiatuta, etorkizuneko dinamika eraldatzeko neurriak proposatzeko. 

Eihera kooperatibako kideak arduratuko dira dinamikak gidatzeaz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide