Alerta laranja ezarri dute biharko itsasaldeko arriskuagatik, eta abisu horia olatu eta haizeagatik

Onintza Lete Arrieta 2026ko otsailaren 11

Olatuak Orion, artxiboko irudian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Euskalmetek egin du muturreko fenomenoen iragarpena. Gaurko abisu horia eman du itsasaldeko arriskuagatik, eta egoerak okerrera egingo du bihar. Hala, Orioko Udalak jakinarazi du hondartzako dutxak kendu egingo dituela, segurtasunagatik. 

Euskalmetek alerta laranja ezarri du biharko, itsasaldeko arriskuagatik. Nabigazioari eragingo dio lehenengo bi milietan, gauerditik 18:00 arte –ondoren, eguna amaitu arte abisu horia egongo da–. 5-6 metroko olatuak espero dituzte, eta goizean 6-7 metro arterainokoak izan daitezke. Itsaso zakarra espero da, eta mendebaldeko haizea, 6-7-ko indarrarekin. 

Olatuengatik eta haizeagatik abisu horia ere iragarri du euskal metereologia agentziak biharko, olatuena gauerdian hasi eta 18:00 arte, eta haizearena, berriz, gauerditik 09:00 arte; izan ere, haizeguneetan mendebaldeko haize boladek 100 kilometro orduko abiadura har dezakete. Haizeguneak ez diren lekuetan ere haize bolada gogorrak espero dira, 60-80 kilometro orduko boladekin. 

Gaurko ere abisu horia dago iragarrita nabigazioko lehenengo bi milietarako. Abisua egun osoan egongo da indarrean. 

Iragarpenaren harira, Orioko Udalak hondartzako dutxak kenduko ditu bihar, "segurtasunagatik". Herritarrei arretaz ibiltzeko ere eskatu die udalak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide