Antonio Uranga jubilatu berri da. Oriotarra da, baina Salamancan (Espainia) bizi izan da 41 urtez. Han, Ekonomiako irakasle lanetan aritu da 35 urtez, eta aurten itzuli da Oriora. 70 urte ditu.
Zerk bultzatu zintuen Euskaltegian izena ematera? Eta zein da zure helburua?
Nire herrira itzultzeko erabakia hartu nuenez, eta ikusita bizitzan euskaraz bi edo hiru liburu besterik ez nituela irakurri, nire euskara oso pobretzat nuen. Euskara aberasteko helburuz eman nuen izena Euskaltegian, beti ere, euskaraz bizitzeko helburu nagusia ahaztu gabe; izan ere, nire barne-barnean euskara dago, euskara izan baita nire ama hizkuntza. Horri gehitu nahi nioke euskara lantzeko prozesuak osasunean ere laguntzen didala, barruan dudana mugiarazten baitit. Ohartzen naiz euskaraz ondo egiteak bizitu egiten nauela.
Azken finean, gaztetan ez nekien gaztelania, eta ongi ikasten ipini behar izan nuen indarra; hasieran ikasketak egiteko, eta ondoren, Salamancan bizi nintzelako. Pentsa, gazteleraz pentsatzera iritsi nintzen. Orain, pixkanaka, berriro bi hizkuntzetan pentsatu eta sentitzeko gai naiz. Nire hizkuntza mailaren desoreka orekatzen laguntzen dit Euskaltegiak.
Sorpresaren bat eman dizu Euskaltegiak?
Esango nuke ezustekoa dela etxean irakurtzera animatzeko ematen didan indarra. Zer- nolako poza edota indarra ematen didan... Begira, orain nobela historiko bat irakurtzen ari naiz, eta Karkara [Guka] ere irakurtzeko gai naiz, mantso bada ere. Lehen gai ez nintzena irakurtzeko kapaza naiz orain.
Zein da euskaraz gehien gustatzen zaizun hitza?
Maitasuna.
Joan zinenetik hona, zer aldatu da Orion euskarari dagokionez?
Lehen ez genekien ongi gaztelaniaz hitz egiten. Orain, berriz, denek dakite, eta horrek ondorio zuzena du erabileran; lehen baino gehiago erabiltzen da. Elkarrizketa elebidun gehiago daude orain.
Nola ikusten duzu euskararen etorkizuna?
Bada, nahiko kezkaturik nago, mundua hartzen ari den norabidearekin euskarak gero eta leku gutxiago baitu.