Duela ia 30 urte Gaitza musika taldean bateria jotzen hasi zen, eta orduz geroztik, makina bat urte daramatza Manex Barrenetxeak (Orio, 1983) musikaren munduan murgilduta. Musikagile eta musikazale amorratua izateaz gain, TAOko langilea da, baita Etxeluze gaztetxeko asanbladako kidea ere.
Nolako da zure lanegun bat?
Lau udatan izan naiz Orion TAOko langile, eta aurtengo neguan ere ari naiz lan horretan. Zortzi orduko lanaldia egiten dut zeregin horretan, lankde batekin batera. Batek herriaren erdigunean egiten du ibilbidea, eta besteak, futbol zelaiaren inguruan, Goiko Kale aldean eta Anibarko portuan.
Laneko pasarte xelebrerik ba al duzu?
Bakarren bat badaukat, bai. Aparkatuta baina martxan zegoen furgoneta bati multa jartzen hasi eta barrutik lotsa-lotsa eginda ateratako bikoteari azalpenak eman behar izatea eta tankerako kontuak, adibidez.
Oso musikazalea zara. Hainbeste urtez mundu horren bueltan ibiltzkeo, izango du zerbait musikak, ezta?
Bizipena bera izango da horrenbeste urtez mundu horretara lotu nauena. Agian, oraindik ez naiz iritsi musika intentsidade maila altuan bizitzera, baina kontzertu bat jotzeak berarekin dakarren guztia, kargatze lanak eta entseguak barne, asko gustatzen zait. Etxetik ere badatorkit sena, baina uste dut sentitu egiten dudalako eta bete egin nauelako gustatzen zaidala hainbeste. Bateria jotzen ari naizenean bizi egiten dut momentua, asko gozatzen dut. Gorputzak eta buruak utzi arte jarraitu nahiko nuke musikaren munduan.
Betidanik jo izan al duzu bateria?
Saxofoia ikasi nuen herriko musika eskolan, eta, aita bezalaxe, herriko txarangan aritzen nintzen. Bateria ikasten hastearen kontua beranduago etorri zen, lehenengo musika taldea sortzear ginen urte haien bueltan.
Nola oroitzen duzu lehenengo musika talde hura?
15 urte genituen, ume batzuk ginen Gaitza taldea sortu genuenean. Gidabaimenik ere ez genuen: gurasoek eramaten gintuzten kontzertuetara! Baina indar eta motibazio izugarria genuen. Aspiraziorik gabe, ilusiotik egiten genuen guztia. Jakituria gehiegirik gabe, egiteko nahi horrek sortzen duen indarrarekin hasi ginen. Kalean errifak salduz, gertuko eta inguruko zenbaiti laguntza eskatuz eta behar hainbeste borrokatuz lortu genituen entseatzeko lokala eta materiala. Lorpen handia izan zen hori guretzat. Gerora, gainera, CD bat ateratzera ere iritsi ginen.
Gaitza, Silikosis, Arrautzustelak, Hereje Fighters, Loretxu Berbena Belarra… Estilo oso ezberdinetako talde ugaritan jardun duzu. Nola definituko zenuke zure gustu musikala?
Punk estilotik nator, baina gaur egun nire gustu musikala oso irekia dela esango nuke. Hasi nintzenean itxiago nintzen, eta gerora konturatu nintzen hanka sartze bat zela hori. Estilo guztietan dago zer ikasia, eta musika mota ezberdinak entzuten joan ahala, nahi gabe bada ere, gauzak barneratu egiten dituzu. Hori oso aberasgarria iruditzen zait.
Etxeluze gaztetxearen bueltan ere ibiltzen zara, eta han ere izaten da musika. Jakingo al zenuke esaten zerk lotzen zaituen Gaztetxera?
Funtzionatzeko erak, filosofiak, erakartzen nau; balio batzuen gainean eta irabazi asmorik gabe, egin nahi duzun hori mahaigaineratzeak eta norbere kabuz egiteak. Musikaren munduan beti egin izan dugun gauza berberak, alegia. Baina, gehienbat, Gaztetxearen sorreratik gaudenoi horrelako zerbait sortzera iritsi izanak sortzen digun ilusio eta lotura estu horrek mantentzen nau hari lotuta.