OAEko arraunlariek 17 domina eskuratu dituzte Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketan

Julene Sorarrain 2026ko urtarrilaren 20a

Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak, Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketan. (utzitakoa)

Hitzordu bikoitza izan dute Orio Arraunketa Elkarteko gazteek asteburuan. Larunbatean, Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatu zituzten Bidasoan, eta guztira 17 domina ekarri dituzte etxera. Igandean, berriz, Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldia izan zuten eta bertan ere, emaitza onak eskuratu dituzte.

Gipuzkoako Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatu dituzte asteburuan Bidasoa ibaian, Santiagotarrak Arraun Elkarteak antolatuta. Bertan izan dira Orio Arraunketa Elkarteko gazteak eta klubak guztira 22 ontzi uretaratu ditu, 54 arraunlariren parte hartzearekin, hain zuzen. 

Hala, 20 ontzi txapelketako dominen lehian jardun dira (bi ontzi txapelketatik kanpo geratu dira), eta domina kopurua kontutan hartuz, ibilbide luzeko txapelketan aspaldiko emaitzarik onenak lortu dituzte oriotarrek. Guztira 17 domina ekarri dituzte etxera, hala nola, bederatzi urrezko, bost zilarrezko eta hiru brontzezko. Hona hemen sailkapenak osorik.

Datorren hitzordua urtarrilaren 31n, larunbatarekin, izango dute Bidasoan, eta bertan Euskadiko Ibilbide Luzeko Txapelketak jokatuko dituzte, hain justu.

Batel ligan, emaitza onak

Gipuzkoako Batel Ligako bigarren jardunaldian ere lehiatu ziren Orioko arraunlariak pasa den igandean. Pasai Donibanen (Gipuzkoa) jokatu zituzten estropadak, eta OAEk guztira sei batel aurkeztu zituen, tartean infantil neska-mutilen hiru eta kadete neska-mutilen beste hiru. Besteak beste, bi garaipen lortu zituzten bertan infantil eta kadete mutilek. Hona hemen sailkapenak osorik.

Batel ligako hurrengo hitzordua otsailaren 1ean izango da, igandearekin. Antolatzaileek, ordea, aurrerago emango dituzte estropadaren xehetasun guztiak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide