Urtarriletik martxora jarraipena izango du zaintzaz gizonei zuzendutako tailerrak

Onintza Lete Arrieta 2026ko urtarrilaren 18a

Aita bat bere haurrarekin. (Guka)

Herriko zaintzen egoera eraldatzeko prozesuan, herritarrei zuzendutako jarduera sorta antolatu du Orioko Udalak abendutik martxora, eta gizonentzatko tailerrari dagokionez, izena emateko epea zabalik dago. Udalak azaldu du ez dela derrigor saio guztietan parte hartu behar.

Zaintza alorrean gizonei zuzendutako tailerrak "harrera beroa" izan duela ikusita, Orioko Udalak erabaki du iaztik antolatzen diren saio horiei jarraipena ematea. Hala, urtarriletik martxora Zer gertatzen da gizonek zaintzea erabakitzen dugunean? tailerrak egingo dituzte herrian, eta izena emateko aukera egongo da, ez delako derrigor saio guztietan parte hartu behar. Izena emateko honako galdetegia bete behar da. 

Orain arte bezala, Gorka Iriarte Lezaunek gidatuko ditu saioak, hilean bat. Aurrenekoa urtarrilaren 29an izango da, bigarrena otsailaren 26an, eta hirugarrena, martxoaren 26an. Ostegunak dira, eta 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte, Saregile emakumeen etxean.

Saioaren helburua da gizonek zaintzaren inguruan dituzten bizipenak eta gogoetak partekatzea, eta ariketa kolektibo horretatik ondorioak eta irakaspenak ateratzea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide