Eder Etxeberriaren (Orio, 1980) bizitza kirolaren inguruan ibili izan da beti. 11 urterekin hartu zituen lehen aldiz arraunak eskuetan Orio Arraunketa Elkarten, eta geroztik, txapelketa batetik bestera aritu zen oriotarra gaztaroan –aulki mugikorreko Espainiako txapeldun izan zen lautan, besteak beste–. Urte luzez ibili zen arraunaren munduan murgilduta, ikasketek eta amatasunak etenaldi bat eskatu zioten arte. Kirola, ordea, beti izan da bere bizimoduaren parte. Izan ere, Etxeberria kirol medikua da gaur egun, eta bere pasioa ogibidearekin bat egitea lortu du: Espainiako ACB saskibaloi ligako lehenengo kirol mediku emakumea izan zen, eta 2023tik Education First AEBetako txirrindularitza taldearen medikua da.
Arraunean hasi zineneko zer oroitzapen dituzu?
Ikastolan nenbilenean ez nuen neure burua kirolaritzat. 11 urte nituenean, ordea, nire osaba Jose Luis Korta Oriora etorri zen entrenatzaile, eta momentu hartan arrauna probatzea erabaki nuen. Klubean azaldu nintzen, eta asko gustatu zitzaien nola egiten nuen arraun. Pozoia sartu zitzaidan, eta unibertsitatera iritsi arte, arraun egiten nuen ia egunero.
Nola gogoratzen dituzu urte haiek?
Lehenengo urteak ez ditut oso garbi gogoratzen, egia esan. Badakit entrenatzera joaten nintzela eta beti niri laguntzeko prest zegoela jendea; izan ere, nire adineko bakarra nintzen klubean, eta ia beti bakarrik entrenatzen nuen uretan, skiff izeneko modalitatean. Jose Luis Gozategi, Antonio Alde, nire osaba… Osabarekin hasi ziren berriro banderak irabazten, gainera, eta mirespen horrekin, traineruari begira, –gizonezkoena bakarrik zegoen momentu hartan, noski–, ilusio handia nuen ibaian arraunean ibiltzeko. Patxi Francesek orain dela urte batzuk esan zidan flipatu egiten zuela nirekin, 11 urte bakarrik nituelako. Egia esan, oso oroitzapen politak ditut.
Lehiakorra al zinen gaztetan?
Lehiakorra, ziur aski, ez. Kontua da nahiko azkar garatu nintzela, eta 11 urterekin dagoeneko diziplina handia nuen. Ibon Urbietak edota nire osabak lagunduta, Espainiako Txapelketa irabaztea lortu nuen lehene aldiz 13 urterekin. Adin horrekin ikusi nuen indarra banuela, baita erresistentzia ere. Urbietarekin hasi ginen entrenatzen, eta apirilean, Castelldelfelsera [Katalunia] joan ginen, Udaberriko Kopa jokatzera. Han sevillarrak zeuden, oso onak ziren, eta haiei irabazteak erakutsi zidan agian posible izango nukeela Munduko Txapelketa batera iristea.
Eta iritsi zinen Munduko Txapelketara, ezta?
Hala da, bai. 17 urte nituela, Munduko Txapelketan parte hartu ahal izan nuen, junior mailan, Belgikan.
Nolako esperientzia izan zen hura?
Zoragarria. Egia da entrenatzailea ere zoragarria izan nuela, Axel Müller; jatorriz alemaniarra, Katalunian bizi zen. Eta arraun arlokoaz gain, bizipen pertsonal izugarria izan zen harekin entrenatzea. Txapelketa txikietan parte hartzetik mundura atera ginen, eta egoera horrek nor bere lekuan jartzen du. Lehenengo bidaiak, elkarbizitza, kultura ezberdinetako jendearekin egotea... Egoera oso zail batean, gainera. Izan ere, 1997. eta 1998. urteez hitz egiten ari naiz. ETAk Miguel Angel Blanco bahitu zuenean, ni Espainiako selekzioarekin nengoen, Sevillako eta Galiziako jendearekin. Gogoratzen dut esperientzia hura, euskalduna izanda, oso bortitza izan zela. Taldekide bat guardia zibil baten semea zen; bizikidetasun hartan debate asko sortu ziren eta elkar ulertzen ikasi behar izan genuen.
Artean ikaslea zinen. Nola uztartzen zenituen arrauna eta ikasketak?
Garbi nuen ikasi egin behar nuela. Batxilergoa arraunarekin uztartzea, ordea, oso zaila zen. 06:30erako esnatzen nintzen, eskolara joan eta, handik, entrenatzera. Neure alabak antzeko egoeran ikusten ditut orain, eta beti esaten diet, hortzak estutzeko eta aurrera segitzeko. Oso lo gutxi egiten nuen, eta nekatuta bizi nintzen.
Unibertsitatean ikasten hasi zinenean arraunean jarraitu al zenuen?
Medikuntza ikasten hasi nintzen Leioan [Bizkaia], eta han entrenatzen jarraitu nuen, bai. Karreran, ordea, ordu asko sartu behar nituen egunero. Gainera, etxetik kanpo entrenatzea zaila zen, bakarrik egiten nuelako lan. Asteburu batzuetan ez nintzen Oriora itzultzen, eta dena zailtzen joan zen. Kontua da, Orion arrauna dena ala ezer ez dela. Orain uste dut ari direla erdiko formula bat bilatzen. Baina maila ona mantentzeko ordu asko sartu behar dituzu, eta jendeak alde batera uzten du kirola. Unibertsitatera iristerako lau aldiz Espainiako txapeldun izana nintzen, baina ez nuen arrauna etxetik kanpo egiteko erraztasunik izan. Sentitu nuen momentu batzuetan ez zidatela zegokidan lekua ematen. Ez nuen neure burua arraunetik aldendu nahi, baina laguntza falta zitzaidan zuzendaritzaren aldetik.
Kirol sakrifikatua denez, batzuetan mania har diezaiokezu...
Ez nuen kirola gorroto, asko disfrutatzen nuelako. Begira, Munduko Txapelketa hamargarren postuan amaitu genuen, eta sekulako egurra izan zen niretzat; sentsazio txarrarekin geratu nintzen. Txapelketaren ostean festa egiten zuten talde guztiek elkarrekin, eta ni ez nintzen joan. Müller eta biok hotelean geratu ginen, bizitzaz hitz egiten. Gogoan dut Uruguaiko entrenatzailea niregana etorri zela, eta zera esan zidala: "Zure bizitzan gaur saiatu zarenaren erdia saiatzen bazara, nahi duzuna lortuko duzu". Nik domina bat nahi nuen, ordea. Baina ez dakizu zenbat gogoratzen naizen esaldi horretaz; aurrera jarraitzeko balio izan dit.
Noiz erabaki zenuen Medikuntza ikastea?
17 urte izango nituen. Ergometroak zeuden Ortzaikako klubeko goiko solairuan. Gizonezkoek egiten zituzten esfortzu probak haiekin, eta gogoan dut mediku bat etortzen zela klubera, alkandora zuriarekin eta maletatxo batekin. Tramankulu handi bat ekartzen zuen, eta zulotxo batetik begiratzen nuen nik, ea zer egiten zuen. Flipatu egiten nuen, oso gustuko bainituen biologia, fisika eta kimika. Bat-batean, ikusi nuen arrauna eta gustuko nituen ikasketak fusionatu egiten zirela. "Handitan tipo hau bezalakoa izan nahi dut", pentsatu nuen. Gizon hura Guillermo Cuesta zen, Orio Arraunketa Elkarteko garai hartako medikua.
Medikuntza 24 urterekin amaitu zenuen, eta ondoren, Bartzelonan bizi izan zinen.
Kirol medikuntza ez zen MIR klasikoa bezala, ez zenuen egun osoa ospitalean igarotzen. Akademikoa zen. Arratsaldean klaseak genituen, eta ondoren, praktikak. Horrek goizetan lan egitea ahalbidetzen zigun. Bartzelonan, lan istripuen mutualitate batean hasi nintzen praktikak egiten. Goizean lan egiten nuen traumatologiako zerbitzu batean, eta arratsaldean klaseetara joaten nintzen. Lehenengo hilabeteak gogorrak izan ziren, egia esan. Hainbeste jenderen artean, erraza da bakarrik sentitzea. Pertsonalki, bakardade momentuak gogoratzen ditut, baina profesionalki oso aberasgarria izan zen. Izan ere, han kiroletik bizitzea errazagoa da hemen baino.
Zer lan egin zenituen han?
Praktikak Barçan eta Joventut saskibaloi taldean egin nituen. Sant Cugateko [Katalunia] errendimendu handiko zentroko esperientzia ere oso ona izan zen: goizean ekografia bat egiten zenion Mireia Belmonte igerilariari, gero Gervasio Deferr gimnasta ikus zenezakeen entrenatzen, ondoren golfeko biomedikuak ikerketa bat egiten... Gustuko nituen gai guztiak lantzen zituzten, besteak beste, traumatologia, fisiologia eta esfortzu probak. Bartzelonan nengoela, haurdun gelditu nintzen, eta azken urtean joan-etorri asko egin behar izan nituen. Praktikak Sant Cugaten egin beharrean Realean egiten utzi zidaten. Garai hartan Realean zegoen medikuak, Gonzalez de Susok, Sant Cugaten ikasi zuen, eta harreman estua zuten harekin. "Badakigu berarekin lan egiten baduzu, ondo egingo dituzula gauzak", esan zidaten.
Familiak nola bizi zuen zure prozesu hori guztia?
Aitak beti eman die garrantzia handiagoa ikasketei. Amak, aldiz, gehiago laguntzen ninduen arraunarekin. Batxilergoan nengoenean, txapelketak udan izaten ziren. Baina maiatzean, azken azterketetan, Munichen [Alemania] nazioarteko estropada oso garrantzitsua jokatzen zuten. Espainiako selekzioarekin joan behar genuen hara, eta aitak ez zidan utzi nahi, azterketa bat galtzen nuelako. Nire tutore eta matematikako irakasle Txema Vitoriak asko lagundu zidan eta aitarekin bildu zen, hura konbentzitzeko. Gelakideek azterketak aldatu zituzten egunez, nik estropadara joan ahal izateko. Askok galdetzen didate ea nola uztartzen nituen ikasketak kirolarekin: laguntza asko jaso nuelako izan zen posible.
Profesional gisa zure aurreneko lanak zeintzuk izan ziren?
Ez da erraza soldata bat irabaztea kirol medikuntzarekin bakarrik. Autonomo gisa egin behar duzu lan, osasungintza publikoan ez baitago kirol medikuntza espezialitaterik. Hortaz, klubetan eta taldeetan egin behar duzu lan. Alaba jaio ondoren, Eusko Jaurlaritzaren lan ikuskaritzan eta lan istripuetako mutuetan egin nuen lan. Nire bizimodua, orain dela bizpahiru urtera arte, horrela izan da: mutua bateko eta noizbehinkako lanak uztartzea. Arraun taldeentzat azterketak eta esfortzu probak ere egin izan ditut. Behin betiko saltoa, ordea, Education First txirrindularitza talde estatubatuarrak fitxatu ninduenean eman nuen, 2023an. Horrek soldata finko bat izatea ahalbidetu zidan.
Medikuntza eta kirola gizonezkoen arloak izan dira beti.
Duela 30 urte baino gehiago sartu nintzen kirolaren munduan. Espainiako txapeldun izatera iritsi, eta artean entzun behar izaten genuen emakumeok arraunera "mutilekin ligatzera" joaten ginela. Ez zen gure kasua. Komentario asko entzuten genituen, baita gure fisikoaren ingurukoak ere. Guk asko frogatu behar izan genuen zenbat balio genuen. Azken hamar urteek, batez ere, erabateko aldaketak ekarri dituzte. Zorionez, emakumeei kirola egiteko aukera eman zaie, eta indartsuenek beraien ametsarekin aurrera jarraitu dute. Neska gazteek eredutzat hartu dituzte emakume horiek, eta kirola ibilbide posible gisa ikusten dute orain. Hala eta guztiz ere, oraindik lan asko dugu egiteko.
Zu izan zinen lehenengo emakume medikua ACB ligan.
Medikuntza amaitu eta MIR azterketa prestatzen hasi nintzen. Arraunetik ezagutzen nuen mediku batek esan zidan Gipuzkoa Basket mediku bila zebilela, eta hala, klubean sartu nintzen. Erakutsi egin behar izan nuen asko balio nuela. Emakumeok beti daramagu arrastaka besteei zenbat balio dugun frogatu behar hori. Lan asko egin nuen, medikuntzatik etorrita ere, gauza asko nituelako ikasteko, eta lesio bakoitzarekin, zegokion gorputz atala goitik behera ikertzen nuen. Bigarren mailan zeuden ni iritsi nintzenean, eta inork ez zuen espero, baina play off-etara iritsi ginen, baita irabazi ere, eta ACBra igo ginen. Uste nuen nire ibilbidea hor amaituko zela, baina oker nengoen. Garai hartan Miguel Santos zen klubeko lehendakaria, eta nirekin jarraitu nahi zutela esan zidan. Emakumea izateaz gain, gaztea ere banintzen.
Frogatu hitza asko erabili duzu. Uste duzu 11 urteko Ederri frogatu diozula zenbat helburu lor ditzakezun?
11 urteko Ederrek ez luke sinistuko lortu dudan guztia. “Ez naiz gai”, pentsatuko luke seguru asko. Horretarako geunden diseinatuta: honaino iristea ezinezkoa zela pentsatzeko. Ez nukeen inondik inora imajinatuko hau guztia lortuko nuenik.
Gaur egun, nolako feedback-a jasotzen duzu zure pazienteen aldetik?
Oro har, asko eskertzen dute lana egiteko dudan modua. Uste dut emakumeok, orokorrean, goxotasuna, gertutasuna eta enpatia gehiago garatzen ditugula, eta pazienteak asko eskertzen du hori. Hasieran, batzuek mesfidantza sentitzen dute, benetan medikua naizen zalantzan jarriz. Batzuek esaten didate mina kendu diedala. Hori garaipen latza da niretzat. Izan ere, irekiak eta goxoak izateak ez digu profesionaltasuna kentzen emakumeoi.


