Lagunartean korrika ez bada, aerobiken, eta bestela, batetik bestera gelditu gabe ibiliko da eguna joan eta eguna etorri Aurora Azkue (Orio, 1970), ama, irakaslea, eta 43 urte bete zituenetik, korrikalaria ere badelako. San Silbestre lasterketa gerturatzen ari da, eta korrikarekin duen harremanaz aritu da.
Noiz hasi zinen korrika? Zerk bultzatuta?
Erretzeari uzteak eraman ninduen korrika egiten hastera, nolabait, antsietate puntua baretzeko. Hasi orduko, helburu bat jarri nion neure buruari: Lilatoia egitea, hasi eta buka. Eta halaxe hasi nintzen, 43 urterekin, korrika.
Kirolaria al zinen aurrez?
14 urte bete arte bai; gure garaiko eskola kirolean atletismoan eta saskibaloian ibiltzen nintzen. Baina adin hartatik aurrera, punta-puntan ibiltzeko maila izan ezean, emakumeok ez geneukan kirola egiten jarraitzeko aukera eskaintzen zigun kirol talderik.
Korrika egitera lehendabizikoz ateratzea baino gehiago kostatzen dela diote entrenatzeko ohiturari eustea. Nola eutsi diozu zuk horri?
Helbururik, motibaziorik eta talderik gabe oso zaila da. Ni beti saiatu izan nintzen nirekin korrika egitera aterako zen norbait topatzen, bost bat lankide animatu eta taldetxo bat osatu genuen arte. Gaur egun, zorionez, oriotarrok badugu atletismoko emakumeen talde bat; hori sortu arte bakoitza bere kabuz ibiltzen zen korrika. Hein batean, guztiok elkartzea izan zen talde hori sortzearen helburuetako bat, eta baita lortu ere. Orain oso talde polita eta plurala dugu osatuta; ni neu, 55 urterekin, taldekide zaharrenetakoa naiz, eta 24 urteko nire alaba, gazteenetako bat. Oso eskertuta egongo naiz beti hau posible egin duten horiei.
Astero lortzen duzu korrika egiteko tarte bat hartzea?
Bai. Astean lau entrenamendu izaten ditugu, eta egun batean ezinezkoa bazaizu, beti topatuko duzu asteko beste egun batean zurekin batera korrika egitera animatuko den taldekideren bat.
Zure bizimoduan kirola eta korrika presente izateak eragin positiborik baduela uste duzu? Aldaketarik sumatu al duzu hasi zinenetik gaur arte?
Osasun fisikoaz gain, mentala ere zaindu behar dugu. Kirola egiteak izugarrizko hobekuntza eragiten dit mentalki. Korrika egiten ari naizen momentu hori niretzat soilik izaten da, eta egunerokoaz ahazteko balio izaten dit. Lanera sartu aurretik korrika egitera ateratzen naizenetan, adibidez, eguna beste modu batera hasten dut; askoz ere hobeto, zentzu guztietan.
Badirudi, kasu askotan, lotsak atzera eginarazten diola jendeari...
Nik ez dut inoiz lotsarik sentitu korrika egiteagatik, baina inguruan ikusten dudan errealitate bat da hori, eta guztiz zilegi iruditzen zait, ulertzen dut. San Silbestre lasterketa egitea, esaterako, askorentzat zaila da; herrian bertan, herritarren aurrean egiten den lasterketa baita, erakusleiho bat. Eta horixe izan da azken urteetan San Silbestre lasterketa egiteko nire motibazioa. Taldean adin, gorputz eta sasoi ezberdinetako emakumeak gaude, eta helburu xumeak ditugun pertsonak ere bagaudela erakutsi nahi izan dugu, edozein emakumeri gure taldekide izatea posible dela transmitituz.
Zer esango zenioke 40 urte edo gehiago dituen eta korrika hastea pentsatzen edo planteatzen ari denari?
Niri, pertsonalki, asko eman dit talde honek, eta merezi duela esango nioke. Guri Aitor Rubiok beti esaten digu korrika disfrutatuz egin behar dela, frustrazioari ezin zaiola sartzen utzi. Helburu xumeak jartzen dizkiogu geure buruari horretarako. Gainera, izugarrizko giro ona dugu gure artean. Norbere kezkez hitz egiten dugu entrenamenduetan, baita gure seme-alabez ere, bazkariak egiten ditugu... Denborarekin, lagun talde bat osatu dugu. Konpromisorik hartu gabe, baina probatzera animatu nahiko nuke zalantzan dabilen pertsona oro, beso zabalik jasoko dugu eta.