Oriotarrek aurpegi ona erakutsi diote eguraldi txarrari. Hain zuzen, goizeko 11:30 aldera batu dira Arrantzale kaleko parkean, kalez kale Gabon eskea egiteko. Euriagatik, ordea, hitzordua Herriko Plazara lekualdatu dute.
Hala, plazako oholtzara igo dira txistulari, trikitilari eta pandero jotzaileak, eta Hator hator, Nik maite dut negua eta Ole, Olentzero abestien erritmora, dantzan eta kantuan jarri dituzte herritar guztiak. Bitartean, txorizo pintxoak eta salda beroa erosteko aukera ere izan dute bertaratu direnek, eguraldi hotzari aurre egiteko mokadu aproposena.