Olentzero eta Mari Domingiren bisita jasoko dute oriotarrek bihar iluntzean

Julene Sorarrain 2025eko abenduaren 23a

Olentzero eta Mari Domingi. (Orioko Udala)

Bihar arratsaldean iritsiko dira Herriko Plazara. Aurretik txokolate beroa dastatzeko aukera egongo da, baita sorginei gutuna ematekoa ere.

Olentzerok eta Mari Domingik opariak banatuko dituzte bihar gauean, baina arratsaldean tartetxo bat hartuko dute herritarrak agurtzeko. Ekitaldia Lera taldeak antolatu du, Orioko Udalaren laguntzarekin, eta herria Gabon Gaueko izpirituarekin eta ilusioarekin girotzea izango du helburu.

Herriko Plaza elkargune hartuta, Arkupe elkarteak txokolate beroa eskainiko du 17:30ean, eta ordu laurden geroago, sorginak haurren gutunak jasotzen hasiko dira. 18:30etik aurrera, euskal pertsonaia ezagunak agertzen joango dira pixkanaka: Mari, sorginak, Basandere eta Basajaun, artzainak eta ttuntturroak. Guztiak elkartuko dira, Mari Domingi eta Olentzero barne, eta jarraian, ibilbide bat egingo dute herrian barna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide