Gilda Egunaren XI. edizioa ospatuko dute larunbatean

Ian Ruiz Lizaso 2025eko abenduaren 16a

Azahara Dominguez eta Sonia Garcia Gilda Egunaren aurkezpenean (Gipuzkoa.eus)

Hogei bat udalerritako ehun tabernak baino gehiagok hartuko dute parte segiarrengo edizio honetan. Horien artean, Oriok, Zumaiak eta Zarautzek egin dute bat ekimenarekin.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua den Azahara Dominguezek eta Pintxoaren eta Gildaren Kofradiako arduradun Sonia Garciak larunbateko Gilda Egunaren XI. edizioari buruzko prentsaurreko bat egin dute.

Hogei bat udalerritako ehun tabernak baino gehiago hartuko dute parte. Dominguezek azaldu duenez, Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Beasain, Deba, Donostia, Errenteria, Eskoriatza, Ezkio, Hondarribia, Irun, Ordizia, Orio, Pasaia (Donibane eta Trintxerpe), Tolosa, Usurbil, Zarautz, Zumaia eta Zumarragako ehun establezimendu baino gehiagok bat egin dute ekimenarekin.

Bestalde, Gipuzkoako ostalaritzak ekitaldiari "erantzun bikaina" eman diola nabarmendu du Garciak. "Hamaikagarren edizioa betetzen dugu, eta oraindik ere zer erantzun dugun ikusita, ilusio handiagoarekin lan egiten dugu", gaineratu du.

Gilda Innova VII. Pintxo Txapelketa

Gilda Egunaz gain, gaur Donostiako Cebanc sukaldaritza eskolan, Gilda Innova VII. Pintxo Txapelketa eta gilda-muntatzaileen VIII. Lehiaketa ospatzen da. Garciak gogorarazi duenez, parte-hartzaileek "sormenezko bira eman beharko diote pintxo berezi honi". Sukaldariek gilda baten hiru osagaiak errespetatu beharko dituzte: piparra, oliba eta antxoa. Nahi beste osagai gehitu ahal izango dizkiete.

Edizio berri honetan, 16 herritako establezimenduek hartuko dute parte.

Gilda 2025eko enbaxadorea

Azkenik, Garciak azpimarratu du Ion Aramendi kazetaria izendatu dutela 2025eko Gildaren enbaxadore, eta donostiarrak "ilusio handiz" jaso duela saria. “Izugarri eskertzen dut errekonozimendu hau. Gilda eta donostiar pintxoa mundu osotik eramateko ardura dut, munduko pintxorik onena baita”, esan du. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide