Joan den astean amaitu ziren San Nikolas jaiak, eta Orioko Udalak balorazio bilera antolatu du bihar arratsalderako. Hitzordua 19:00etan izango da Kultur Etxean, eta azaldu du bilera irekia dela eta herriko norbanako eta eragile guztiak daudela gonbidatuta bertan parte hartzera eta iritzia ematera.
Festen antolakuntzari lotuta, aldatzeko, hobetzeko eta balioan jartzeko moduko ekintzak edo egoerak identifikatzeko momentua dela esan du udalak, aurrera begira, festak hobetzen jarraitzeko.
Urtarrilean, prozesu berria
Udalak jakitera eman duenez, prozesu bat abiatuko du urtarrilean, "festa batzordearen funtzionamendua eta egitura indartzeko". Prozesu horren inguruko informazioa bileran bertan azalduko diete parte hartzaileei.