Lera taldeak boluntarioak behar ditu Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarako

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 15a

Mari Domingi eta Olentzeroren etorreran, herritar bat adarra jotzen.

Izena emateko galdetegia prestatu dute, eta epea abenduaren 18an, osteguna, amaituko da. Abenduaren 24 iluntzerako egitarau zehatzaren berri ere eman du Lerak.

Lera taldea buru-belarri dabil Olentzero eta Mari Domingiren etorrera antolatzen, eta herritarrengana jo dute laguntza eske, herritar boluntarioak behar baitituzte egitarauari behar bezala aurre egiteko. Herritarrei eskatzen dietena ere zehaztu dute: "Abenduaren 24an 17:30ean Gaztetxera azaltzea nahikoa duzue, eta, 20:00ak baino lehen bukatuta izango da ekitaldia. Familian, lagunekin, baserritarrez jantzita, eta kriseiluak eskuetan etortzea eskatzen dizuegu, ez besterik!". Kriseiluak egiteko laguntza behar badu norbaitek, horiek nola egin azaltzen duen bideo tutoriala ere zabalduko dute datozen egunetan.

Izena emateko galdetegi hau sortu dute, eta animatzen denak ostegunera (abenduaren 18a) arteko epea izango du. "Jende bolumenaren arabera, erabakiko dugu plazara sartuko zareten edo ez".

Egitaraua prest

Bestalde, Lera taldeak jakinarazi du Gabon gaueko egitarau zehatza zein den ere. Herriko Plazan izango dira hitzorduak:

  • 17:30. Txokolate beroa, Arkupe elkarteak antolatuta.
  • 17:45. Haurren eskutitzak jasoko dituzte.
  • 18:30. Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide