Orioko Udaleko udalbatzak ostegun iluntzean egin zuen abenduko ezohiko bilkura, eta bertan, besteak beste, Motondoko itxiturako lursailen erabilgarritasuna onartu zuten aho batez.
Gaiaren inguruko azalpenak eman zituen Anuska Esnal alkateak, azalduz historikoki Motondoko padura "balio ekologiko handiko gunea" izan dela, "gaur egunean betegarriz estalia ikusten badugu ere". Hain zuzen ere, 1988. urteko Kostaldeei buruzko Legea onartzearekin batera, padurak eta marismak jabari publiko gisa aitortu zituzten, haien betetzea eta eraldaketa debekatuz, eta lehentasun gisa, haien egoera naturalaren kontserbazioa eta leheneratzea ezarriz. "1992an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak egindako azterketa batek lehentasun argia ezarri zuen: eremua padura gisa lehengoratzea”, kontatu du alkateak.
Ondorengo urteetan hainbat gorabehera izan zirela azaldu zuen Esnalek, tartean, legez kanpoko isurketak eta erabilera industriala aurreikusten zuten udal plangintza proposamenak. Isurketek ondorio judizialak izan zituzten, eta eremuan industriagune bat eraikitzeko egitasmoak administrazio ezberdinen aurkako txostenak jaso zituen.
"2000ko hamarkadan, ingurumenaren babesa lehenesten zuten irizpideak, planak eta legeak indartzen joan ziren. Baita ekintzaile eta elkarteen aldarriak ere. Hori guztia jakin arren, Orioko Udalak 2 milioi eurotik gorako prezioan eskuratu zuen eremua", gehitu du alkateak.
Hori horrela izanda, hainbat saiakera egin dituzte padura lehengoratzeko proiektua gauzatzeko, esaterako, 2011-2015 legealdian, udalak Motondoko balio naturalen inguruko azterketa eta hezegunea berreskuratzeko exekuzio proiektuak egin zituen, baina azken hau ez zen aurrera eraman, udalean ez zuelako "nahikoa babes" izan.
2021ean berriz, EH Bilduk Espainiako Gobernuarengandik 3 milioi euroko diru partida lortu zuen, eta horren bidez, eremua lehengoratzeko lanak esleitzeko lizitazio deialdia egin zuen bi alditan, baina bi kasuetan hutsik geratu zen deialdia.
Egoera ikusita, Kostaldearen eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiak proiektua enpresa publiko baten bidez egitea erabaki zuen. Egindako lehen zundaketek erakutsi dute lurzoruak kutsadura duela, eta azterketa zehatzagoak behar direla egitasmoa definitzeko. Horregatik, Zuzendaritza Nagusiak udalari eskatu dio lursailak erabilgarri jartzeko, bertan beharrezko ikerketa, lan eta prozedura martxan jartzeko eta emaitzen arabera, lehengoratze proiektuaren diseinua gauzatzeko.
Udalbatzak emandako onarpenaren bidez, udalak jakinarazi du Zuzendaritza Nagusiak datozen asteetan abiatuko dituela lurren egoera modu zehatzagoan baloratzeko aukera emango duten zundaketa lanak. Halaber, eremuaren egoera zaintzeko asmoz, ibilgailuentzako sarbidea mugatuko dute eta baimenduentzako bakarrik egongo da erabilgarri.
HAPOa, behin behineko onartuta
Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) behin behineko dokumentuaren osaketa ere onartu zuen udalbatzarrak, 10 aldeko botoekin eta EAJren hiru abstentziorekin. HAPOaren behin behineko txostena 2024ko abenduan onetsi zuen udalbatzarrak. Orio 7.000 biztanle baino gutxiagoko herria izanik, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren baiespena behar dute dokumentuari behin betiko onarpena emateko.
Onarpen hori jaso bitartean, udalak behin behineko txostena helarazi zien HAPOaren garapen prozesuan inplikatutako instituzioei. Erantzun gisa, xehetasun batzuk egokitzeko eskaera egin zioten udalari. Dagoeneko eguneratu dute txostena, eta udalak egunotan bidaliko du Aldundira. Honek hiru hilabeteko epea izango du balorazioa egin eta erantzuna emateko.
Saharar komunitatea, eskertuta
Osteguneko udalbatzarreko azken puntua izan zen onartzea, saharar herriak bizi duen egoera sozio politiko larriaren aurrean, Jokin Urangak, Guerara Orio elkartearen izenean aurkeztutako mozioa.
Aurrekari gisa, 2025eko urriaren 31 data erabakigarria izan zen sahararrentzat, izan ere, Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa (MINURSO) atzeratu zuten, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) 2797 Ebazpenak markatuta. MINURSO 1991n ezarritako NBEren bake misioa da, su etena ikuskatzeko eta Mendebaldeko Saharan autodeterminazio erreferenduma antolatzeko.
Ondorioz, Marokoren subiranotasunaren menpeko autonomia jo dute irtenbide bideragarri bakar gisa. Erabaki horrek "desilusio handia" eragin du, "autodeterminaziorako eta independentziarako dugun eskubide legitimo eta besterezinaren ukazio garbia delako".
Halaber, Guerarako kideek azpimarratu dute erabaki hori ez datorrela bat Nazio Batuen oinarrizko printzipioekin, eta aldi berean, ez duela islatzen Nazioarteko Zuzenbideak ezartzen duen justizia. "Hare gehiago, ez du aintzat hartzen dozenaka mila errefuxiatu sahararren sufrimendua, duela hamarkada batzuetatik egoera gogorrean bizi baitira, bidezko konponbiderik gabe", gehitu dute.
"Erabat sinisten dugu herrien askatasunaren balioan, baita gizarte handiak ez direla isilik geratzen besteen eskubideak bortxatzen direnean ere", aldarrikatu dute. Horregatik, hurrengo eskaera egin die udalbatzako kideei: alde batetik, Saharako bandera eskegitzea, eta bestetik, kartel bat euskaraz jartzea, autonomiaren inguruko erabakia gaitzesteko eta saharar herriak –haurrek, gazteek eta adinekoek– bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko duen eskubidea babesteko.
Hala, udalbatzak aho batez onartu zuen Guerara elkarteak aurkeztutako mozioa, eta dagoeneko udaletxeko balkoian eskegi dute Saharako bandera.